2018-07-30

ITAKA_Patxi Ezkiaga_2018-7-7

Pena... halako mendi irteerarik zurekin partekatu ez izana...

Irungo  Salletarren egoitzan lagun asko elkartu ginen uztailaren 2an Patxi Ezkiagaren jira bueltan goxo-goxo elkarri babes emateko.  Ezin aukera galdu zenbait ezagunekin hitz egin eta Patxiz (Patxirekin finean) irratsaio eder bat egiteko. Uztailaren 7an egin genuen. Ederra izan zen oso. Hitza eta irribarreak izan ziren protagonistak. Zer ederragorik! Felipe Juaristi, Jose Manuel Agirrezabalaga, Amaia Ezkiaga, Zelai Amenabarro, Ibon Gaztañazpi, Ekaitz Goikoetxea mila-mila esker; Patxi eta biok oso eskertuta gauzkazue. 


2018-07-28

HOGEITA BATGARREN HILABETEA

Eleder Iruñeko Askatasunaren Plazan_2018-7-25

HOGEITA BATGARREN HILABETEA: OINEN ETA GURPILEN HILABETEA

Ia gurpilak oinpean hartuta. Pausoa eman, pausoa irristatu. Ekilibristaren oreka arrastoak haizeari marraztuz gabiltza, oinak non eskuak hara eramanez. Irribarrea ere oinez dabil, barre algara motorrean eta bizikletan. Banoa, banoa, banoa... nora? Banoa, banoa, banoa... eta amak... nora? Orain ez dakit neure eskuarekin zer egin. Eta ederra da hori. 


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu: 

Hogeita batgarrena
argazki kamera,
oinez lehen argazkia
dizugu atera,
motor ta txirrinduan
ere bai gainera,
zabiltza Eroskiko
eskaintzen antzera,
ikasi baitituzu
hirurak batera.