2019-11-28

SUDUR GORRIA




Euskalerria Irratirako astearterako prestaturiko irrintzia: 

BIZI DANTZA dio Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken diskoak. Porrotxek bidali zion opari Elederri urtebetetze egunean. Hilabete darama gure etxean eta honezkero buruz dakizkit kantu guztiak.

Gaur ez da ostadarrik agertu zeruan, baina kolorez bete da mundua dio kantu sarrera batek. Nork kendu dio kolore gorria ortzadarrari galdetzen du Leire Bilbao letragileak dotore, eta ez dakit, etxeko apaletan mozorrotarako sudur gorri bat aurkitu dut eta ez dakit ostadarraren gorria ez ote dabilen gure etxeko zoko-mokoetan. Kendu, ordea, ez diogu ezer kendu ostadarrari, izatekotan beste norabait joan behar eta gurean sartuko zen kukuka. Eta guk tokia egin, sudurrari, gorriari eta ostadarrari.

Dantza doinuak kantu eta kantuak dantza doinu bihurtu ditu proiektu berriak gorputz eta mingainak mugitzeko gonbita luzatuz. Baina dantzak bizia izango bada plazak behar ditu eta bizitzak dantza egingo badu plazak behar ditu. Plaza anitzak. Plaza koloretsuak. Eta plaza irekiak.

Ama hitzkuntza euskara dutenek ere, Iruñean ere, berdintasun, aniztasun, adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun baloreen erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi dute. Ama hizkuntza euskara ez, baina euskara dakitenek ere, Iruñean ere, berdintasun, aniztasun, adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun baloreen erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi dute. Eta ama hizkuntza euskara ez, eta euskararik oraindik ez dakitenek ere, Iruñean ere, berdintasun, aniztasun, adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun baloreen erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi dute.

Etxeko sudur gorria hartu eta kalean utzi dut. Ea nork hartzen duen!





2019-10-31

ZULOAK AGERIAN


Euskalerria irratirako prestatutako astearteko irrintzia: 


Ostiralean autobusa hartu nuen goizerdian Berriozarrera joateko. Lan kontuak. Beteta zegoen eta erdialdean gelditu nintzen zutik. Atzetik ezagutzen ez nuen emakume batek sorbaldan ukitu, nik gorputza jiratu eta irribarre lagunkoi batekin esan zidan: “Tienes la mochila abierta”. Eta nik ustekabean: “A, eskerrik asko!”.

Aitortzen dut, inoiz presaka ibiltzen naizenean, zipirri-zaparra, motxila erdi irekian ixten dudala. Emakumea begira gelditu zitzaidan eta esker onez edo bere hurbiltze keinuari errespetuz, motxila sorbaldan zintzilikatu eta begiratu egin nuen irekia zegoena ixteko asmoz. Zentimetro bat, askoz gehiago ez. Akaso gutxiago. Gutxi gorabehera zentimetroko irekiera zuen motxilak. Grazia egin zidan emakumearen kezkak eta lagundu beharrak. Neurekiko barre egin nion egoerari, eta irribarre txiki bat munduari. Estetikagatik esango zidan agian, baina uste dut norbaitek motxilan eskua sar ziezadakeelako esan zidala. Laneko koaderno apuntez betea, hiru-lau boligrafo, pare bat konpresa, platano bat eta bi mandarina eta bi euro solte hor nonbait eroriak. A, eta “Ama-Alu-Lur” antzerki-lanaren informazio orri bat. Bakarren batek zerbait hartzeko asmoz eskua sartuko balu horixe topatuko luke. Barre egin nuen. Motxila irekita eramatea ez da inoiz kezka izan niretzat, batek baino gehiagok ohartarazi izan dit, ordea: “E, motxila irekita daramazu”.

Ez nuen motxila itxi. Gehiago ireki nuen. Sar zítezela ingurukoen begirada, barre, kezka, ilusio eta beldurrak, sar zitezela isiltasun, hasperen eta xuxurlak. Pisutsu sentitu nuen motxila eta aldi berean arin sentitu nintzen. Eta gustura.

Gurea babestu behar horrek sarri besteena ezagutzea galarazten digu. Hori dute zuloek xarma. Zulo berak irteteko eta sartzeko balio duela. Itxita dagoen zuloak, ordea, beltza, ez du besterik kolore.

Justu-justu harrapatu nuen emakumea autobusetik jaisten hasi zenean: “Hau zuretzat. Oso harrera ona izaten ari da. Ea Nafarrora ere etortzen diren” esan nion. Ama-Alu-Lur antzezlaneko informazio orria motxilatik hartu eta eman egin nion. “Gogoratu. Ama-Alu-Lur” esan nion berriro.  Alua, alua, alua. Beste zulo bat gehiago. Ez beltz eta ez kolore. Itxi-itxi-itxi eta ezkutarazi duguna. Existitzen denik ere! Bea, Itziar, May eta kuadrila, bejondeizuela egiten ari zareten lanagatik. Ama-Alu-Lur, ea Nafarrora etortzen zareten, sorgin baten ametsak hemen ere ipuin bihur daitezen.

2019-10-28

URTE ASKOTARAKO, ELEDER!

Pottorron gurea! 

Hori da hori, amatxo, eskutitza hasteko modua! Baina, nola hasi gure artekoa etenik gabeko emana izaten bada: isiltzen ez diren solasak, bukatzen ez diren jolasak, aspertzen ez diren bihurrikeriak... Segundo bakoitza bizitza oso bat da zure ondoan. Hiru urte. Bai, gaur hiru urte. Gaur eskerrak emateko nago; eskerrak, hiru aldiz gutxienez. Hain txikia izanik amatxoren onena balioan jarri eta zure egiteko gaitasuna duzulako, eskerrik asko maittea. Ipuinak irudimen eta irudimena errealitate bihurtuz ingurua gozarazten duzulako, eskerrik asko bihotza. Eta konplizitateagatik, hurbiltasunagatik, esku txiki horiengatik, eskerrik asko Eleder. 

Aurreko bi urteak zoragarriak izan dira. Hau ikaragarria izan da. Zer den zurekin ordutan eta ordutan isildu gabe hizketan aritzea; plazera. Zer den inoiz esperoko ez nituzkeen zure erantzunen galderak ere zuk zeuk asmatzea; plazera. Zer den nire baitako ume txikia zure lagunik onena dela sentitzea; plazera.

Hiru urte. Ikasi duzu kantuak bereizten, ikasi duzu kantuak abesten, ikasi duzu kantuak sortzen, ipuinak kontatzen dizkiguzu, mendirako eta baso guneetarako grina piztu zaizu, salto egiten duzu hankekin, buruarekin eta bihotzarekin, harrigarrikiro ikasi duzu pixa eta kaka noiz, non eta nola egin nahi duzun bereizten, gozatu egiten duzu txirrindu gainean, trenarena egiten eta hogei borobileko eguzkiak marrazten. Hiru urte eta mundu bat zure baitan. 

O baserritxo osorik kantatzen duzu eta Haizeak bidali du... Eta autoan itsasontziaren kanta eta Ekaitzen kanta eskatzen dituzu. Atzo ez bat eta ez bi, aho-soinua jotzen ikasi zenuen. Zure ondoan gure bihotzek dantza baino ez dute egiten. 

Ez dago gauza ederragorik, goizean goiz esnatu, elkarrekin gosaldu, elkarri eguna zabaldu eta barruak lehertu beharrean barrez, zu txirrinduan eta ni korrika, eskolara joatea baino. Horretan ere ikasi duzu, eskola goxatzen eta eskola ilusio bihurtzen. Ez dago gauza ederragorik, oraindik ere, hozkaka jaten duzun titia kale, etxe, kotxe, ohe, parke, liburutegietan... zuretzako agerian jartzea baino. Zuk nahi duzun arte, txiki. Ez dago gauak, oraindik ere, zurekin partekatzea baino ederragorik, begien loan, gauerdian, zerbaiti, auskalo zeri barrezka ari zarela somatzea. Hau sekretua: zure barreak izarapean gorde eta nire oinen inurri-kilimak bihurtzen ditut. 

Badakizu, zer? Hau ere sekretua: gauero egunean zehar zurekin bizitako une bakoitza oroimenean izozten dut eta hori da lo zauden bitartean kontatu eta kontatu egiten dizudan ipuina. 

"Amatxo bat eta bakarra munduan!" esaten didazu. Bat hori zuk aurkitu beharra ere! Zortekoa ni!

Susmoa banuen hala izango zela, baina ederra da, ederra da oso zure ama izatea.

Txindokiko puntan ohea jarri eta bertan egingo omen dugu lo biok. Horixe egunotan bion artean adostu duguna. Lortuko dugu. E! Irudimenarekin! E! Saiatuz! Bai, horixe!

ESKERRIK ASKO, ikaragarria zara eta ikaragarria egiten nauzu.

Hiru urteko zure amatxo, Irati. 


2019-10-08

Itaka_Jon Barberenari omen_2019-10-5



Gogorra izan zen irailaren 14koa, beharrezkoa eta gozoa urriaren 5ekoa. Irailaren 14koan zure ahotsa bildu genuen, Jon, gurera, abuztuaren 31n Itakan izan zenuen parte hartze ederra gogora ekarriz. Seme-alabak izan zenituen hizpide, etorkizuna; zure ahotsak eta zure hitzek eta zurekiko oroitzapenek goxatuko diguten etorkizuna. 

Urriaren 5ekoan iraganari begiratu genion: Jon eta kuadrila, Jon eta bertsoa, Jon eta Bergarako Idazle Eskola, Jon eta txirrindua, Jon eta inplikazioa. Josu Goienetxe, Xabi Maia, Onintza Enbeitaren idatzia, Tere Irastortza, Itziar Gomez, Ramontxo Garmendia eta Ines Castiella, bihotzez, mila esker zuen ekarpenengatik. Ekaitzek bertsoz eta Iratik hitzez, etxekoak eta inguruko lagunak gogoan, omenaldi goxo bat egin nahi izan genizun Jon. Zure hitz, bertso eta poemek beti izango dute txoko bat gurean



Hatz artean estutu dut haizea
eta lepoa ito egin zait, eta bihotza eztarrian
eta burua erorita doakit,
ezin eutsi.
Haizeak lotu dizkit hatzak
eta lepoa eta bihotza eta eztarria eta burua
eta ezin eutsi
eta ezin etsi
mina, mina, mina.


Bertsoz kantatzen ez direnean
min ematen du agurrak,
heriotza ta bizitza bera
ez ote dira lapurrak,
betileetan gurutziltzatu
arren galdera ikurrak,
zure bitartez laztandu ditut
maitasunaren gailurrak,
negua heltzen zaidanean, Jon,
ez nau hartuko beldurrak,
zu bezelako eguzkiekin
urtuko dira elurrak.


Irribarre horri jolasteko eskatuko nioke, jolasteko gezurretan,
egiteko korrika eta pausa,
eta egiteko hozka begirada zorrotz horri.
Hitz bat eskatu nahi dizut, eta beste bat, eta beste bat,
ez dadila beti azkena izan,
ez dadila inoiz lehena izan,
egiazko zure irribarre guztiak gordeko ditut poltsikoan galtzak lehertu arte.
Eta gero irri eginen dugu, zurekin, eta nirekin, orduan ere.



Irailaren 12an bertan, barruak bultzata, idatzi nuena: 


Hau da barne mina Jon... goiz osoa daramat neure buruarekin borrokan ez da posibleka. Negar batean dauzkat bihotz-begiak. A ze kolpea! Besarkada estu-estu goxo bat familiari, etxeko bi txiki horiei eta gertuko zirkulu guztiari. Ze ederra zinen, ze gozoa, hurbila, emana. Izugarri gozatzen nuen zu hizketan entzunda... Eskerrik asko elkarrengana emandako pauso guztiengatik.
Igartza Saria irabazi nuela jakin nuenean Ekaitzk aipatu zidan "jende asko poztuko da zugatik, Irati, Jon Barberena eta beste asko". Propio aipatu zizkidan Ekaitzek zure izen-abizenak. Nik mugikorrik ez eta atzo mezua idatzi zenion Ekaitzi (oraintxe jakin dut idatzi zeniola ni zoriontzeko esanez, banekien, banekien egingo zenuela... eta Ekaitzek hainbeste jenderi erantzuteko astirik ez eta zuri gaur erantzutekotan itzali zuen mugikorra atzo... nik erantzungo dizut ozen-ozen...zuk ondo entzuteko moduan, Jon: ESKERRIK ASKO BIHOTZ-BIHOTZEZ. AI! ZENBAT GUSTATUKO LITZAIDAKEEN LIBURUAREN IRAKURLEETAKO BAT ZU IZATEA... MUXU BAT!)


Abuztuaren 31n Itaka irratsaioan solasean aritu ginen biok (zernahi eskatuta ere beti prestu azaltzen zinen. Xalbadorren "Odolaren mintzoa" irakurtzeko gomendatu zenigun. Kontatu zenigun askotan joaten zinela txirrinduan Urepelera, Xalbadorren oroigarri-plaka ukitu eta buelta etxera...). Hitz hauekin amaitu genuen solasa uhin bidez "... beti esaten dizut gauza bera, plazera gaur ere zurekin solasean aritzea. Egun polita izan".
Eta gaur malko artean ezin besterik gehitu, Jon: PLAZERA IZAN DA. Martxoaren 14ko sari-banaketan oparitu zenizkidan bertso-besarkada haiekin gelditzen naiz. Eta zu ezagutu izanaren pozarekin.



2019-08-07

Itaka_Peio Ospital_2019-6-15



Peio Ospital Segura Irratian

Haize bufaden erasoaldiak arnasa du jomuga, horma arrakalatuetan ihes egiteko bideak aurkitzea du helburu. Arnasak norantz egiten duen putz, hor dago koxka. Izango bada, azkena behar du izan; hatsa, hasperenaren etenaldia. Ahoan harrapakari bat sartuko bagenu, heriotza irentsi aurretik bizitzaren izerdiak lapurtuko lituzke eta orduan denok hartuko genuke arnas, bizi gosez. Bizia baita, izan gabe, lo-zurrungak esnatzen dizkiguna gauero, arnasa eta hatsa errepikaezin bihurtzen dituena, hasi eta buka, tarteko eten-puntu guztiak korapilatuz. 

Peio Ospital Segura Irratian, Itaka saioan, izan zen ekainaren 15ean "Arnasa... Hatsa... Bizia" diskoa aurkezten.   Ze ederra hurbiltasuna. Ze ederra zintzotasuna. Zurea. Mila esker, Peio! Andoni Salamero izan zuen ondoan. Maitasunez eta maitasunetik egiten du guztia Andonik, hala aberastu zuen solasaldia eta lagunartea. Bejondeizuela, proiektu zoragarria duzue esku artean. 

Laster bi saio eskainiko ditu Gipuzkoan. Inguratzen bazarete, gozatuko duzue. 


Abuztuaren 23an, Ibarran, 22:00etan.
Abuztuaren 29an, Olaberrian, 21:30etan.



2019-07-04

Itaka_Ione Gorostarzu_2019-6-8

Ione Gorostarzu "Ez da erditzea" liburuaren aurkezpenean

Zasta! Erdi-erditik ebakita ere, nork esan erdiak hor behar zuela! Desorekak ere izango du, haizea alde, bere burua orekatzeko eskubidea. Eutsi, tira eta eten. Soka muturreraino estutu eta korapiloa egiterako orduan, askatu mami, azal eta hezur guztiak. Sokak ere badaki nor izaten erdigunea zulo bihurtu eta gero ere. 

Zasta! Erdi-erditik ebakita ere, nork esan erdiak hor behar zuela! Bi mutur zituen sokak lau ere izan ditzake erdira txikitzeko tentazioak bikoiztu egiten duenean. 


Ione Gorostarzu idazle berastegiarrarekin solasean aritu ginen Itakan ekainaren 8an. "Ez da erditzea" poema liburu ederra aurkeztera etorri zen. Jolasteko eta solasteko tartea hartu genuen, katilua eskuan. 


2019-06-19

KAKA DE TXIKILLO



Euskalerria irratiko atzoko Irrintzi Plazarako prestatutako hausnarketa: 


Parkez parke ibiltzen naiz Eleder txikiarekin, zeharkatu ditugu Iruñeko hango eta hemengo ia parke guztiak. Lagun berriak egiten saiatzen gara, elkarbizitzen kolunpio eta txirrista artean, elkar-ulertzen, elkarri eskua luzatzen, hartzen eta uzten, adosten.

Orain dela pare bat hilabete inguruko parkeetako batean genbiltzala “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” esanez entzun nuen norbait, ahots gaxte bat. Harrituta jiratu nuen burua, entzun nuena benetan entzun ote nuen eta nork esan ote zuen ikusi eta ziurtatzeko. Bost bat urteko mutikoa, ikastetxeko uniformez jantzia eta amari gaztelaniaz egiten ziona. Harritu egin nintzen, bai; asko. Batetik, guk orain dela 25-30 urte ikasitako errima-jokoa hainbeste urteren ondoren ume baten ahotan entzuteagatik eta bestetik, esan bezala, mutikoak ikastetxe erlijioso bateko  uniformea zeramalako eta gaztelaniaz egiten zuelako bere amarekin hizketa. Bai, badakit. Aurreiritziak. Harriduraren muina sinplea da oso. Bai, badakit. Baina, harritu egin nintzen eta kitto. “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” mutiko hari nork, noiz, nola, zergatik eta zertarako erakutsi ote zion galdezka aritu nintzaion neure buruari, “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” nork, noiz, nola, zergatik eta zertarako erakutsi zigun guri neure buruari askotan galdetu izan diodan bezalaxe.

Egunotan orain dela bi hilabete entzundakoaren oihartzuna berritu zait. Larunbataren biharamunetan, biharkoaren bezperan, hementxe gaude denok, chiquillo eta chiquilla, gorri izan edo hori, berde, zuri, more edota urdin,  elkarbizitzaren kaka artean. Eman nizula, esan zenidala, utziko zeniola, ikusiko genuela, lotuko gintzaizkiola, nik zurekin bai, baina, zuk harekin ez, beraz, guk elkarrekin ezta pentsatu ere… Lau urtean landu gabeko harremanak bezperako gauean antzeztu, nahasi, korapilatu eta txikitu nahi ditugu. Bai, txikitu, puskatu eta txikiago egin. Harremanek erraldoi beharko luketenean herri bat modurik demokratikoenean eraikitzeko. Demokraziak, ordea, gorrotorik gabeko bizikidetza du oinarri eta nago eman nizula, esan zenidala, utziko zeniola, ikusiko genuela, lotuko gintzaizkiola, nik zurekin bai, baina, zuk harekin ez, beraz, guk elkarrekin ezta pentsatu ere… nago urteak joan urteak etorri, lau urtekoak joan lau urtekoak etorri oso-oso-oso gutxi ikasten dugula. Beste lau urte ditugu aurretik bizikidetza erdigunean jarri eta lehenengo egunetik elkarrengana hurbiltzen hasteko. Asmatuko ote dugu.

Gainerakoan, parkeetako umeek beren inguruak kaka kakatzar nola bihurtzen duen baino ez dute ikusiko. Eta ikasiko. Konponduta gaude.


Hementxe audioaren lotura: 



2019-05-24

Itaka_Goierriko Irakurle Taldeen III.Topaketa_2019-5-18

Patxi Zubizarreta
Ordizian ospatuko dugu bihar (17:00etan Zuhaiztin) Goierriko Irakurle Taldeen III.topaketa. Patxi Zubizarretaren "Jeans-ak hozkailuan" liburua izango dugu solasgai eta Patxi Zubizarreta idazleari ondo merezitako omenaldia egingo diogu. 

Horren harira osatu genuen pasa den larunbatean Itaka saioa, ahots ezberdin eta anitzak bilduz. Eskerrik asko Belen Maiza, Edurne Huesa, Lide Egizala, Kontxi Simon, Pilare Muxika, Marian Bidegain, Lourdes Imaz, Mikel Babiano eta Patxi Zubizarretari literaturaren ahotsa uhin bihurtzeagatik.



2019-05-22

JOSEFINAREN GOZOKIA

Eskerrik asko Txinparta Elkarteari argazkiengatik


Igandean Ezkaban izan nintzen, San Cristobalen, urtero maiatzaren 22aren bueltan egiten den omenaldian. Memoriari ahotsa jarri beste behin; orain, bihar ahots hori hauts izan ez dadin. Aurkezpen lanak egiten hasi aurretik Josefina Lanberto hurbildu zitzaidan; beti bezain irribarretsu, beti bezain gozo. Anorak azpitik eskua sartzeko esan zidan. Eskua sartzeko eta hartzeko gozoki bat. Beti eramaten ditu gainean, marrubizkoak, laranjazkoak eta limoizkoak. Eguerdiko hamabiak bat gutxi. Bat hartu eta poltsikoan sartu nuen olerkia irakurtzerakoan mingainean trabarik ez egiteko.

Izan
urrats, pauso, arrasto.
Izan
bide eta espazio,
izan
denbora,
izan nor.
Oroimen lausotuen eguzki,
ahots isilduen trumoi.
Izan
pentsamendu, iritzi, mami.
Izan hezur.
Hondar arteko oinatzak, ur direlako eta ez beste ezer,
zure bideak ez direlako sasi,
eta bai,
zure begiradak izena duelako bere.
Izan,
begi
izan
gaur eta etorkizun.
Non lapurtu zizuten aurpegia?
Izan zugan, zure eta zuretzako.
Eta izan guri.
Oraindik hor zaude, ezta?

Olerki-aurkezpenaren atzetik ordubeteko bertso, musika, testigantza, dantza saioa ondu zen. Omenaldia bukatzean jan nuen marrubizko gozokia. Josefinak emandakoa. Eta bai, inoiz baino gozoagoa iruditu zitzaidan. Gozokiaren azken zati txikia hortz artean kraskatu nuenean, behin kalean elkar agurtzean esan zidana etorri zitzaidan akordura. Semeaz galdetu eta atzetik esan zidan: tú cuéntale lo nuestro e. Ahotsak hauts bihurtu ez daitezen.

 
Eskerrik asko Txinparta Elkarteari argazkiengatik. Publikoari bizkarra emanda errezitatzen ausartu nintzen.


2019-05-10

ITAKA_Patxi Iraola_2019-5-4

Patxi eta Rufino Iraola

Heriotza hotz, kantua epel, bertsoa bero. Solasa lagun, jolasa irri. Soka egin daiteke eten edo soka bihur daiteke korapilo, hari estu. Hitzak zizta egiten duenean, umoreak hozka egiten du eta triste antzeko malkoek abestu egiten diote itsasoari oroitzapenen altxorra betiko gorde dezan eskatuz. Kanta dezala kanta txoriak, udaberrian gaude eta. Kanta ezak, Patxi, kanta ezak, udaberriko txori. 

Pasa den apirilaren 27an hil zen Patxi Iraola bertsolari zaldibiarra. Maiatzaren 4an Rufino bere anaiarekin solasean aritu ginen Segura Irratiko Itaka saioan. Patxiri eskaini nahi izan genion saioan Joanes Illarregi eta Euxebio Igartzabalek ere parte hartu zuten. Eskerrik asko denoi!



2019-05-03

ITAKA_Koldo Zubeldia_2019-4-20

Koldo Zubeldia
Hogeita bederatzigarrena. Irailean egingo ditugu hamar urte irratian solasean elkarrekin eta hamargarren urteurrena hogeita hamargarren saioarekin ospatuko dugu. Hogeita bederatzigarrena egin dugu halere, aurretik. Hogeita bederatzigarrena ederra hau ere. Kuku kantuan aritu gara hontaz eta hartaz hizketan. Beste behin, eskerrik asko, Koldo, zure poesia eta jarduna Itakaraino ekarri eta entzuleoi oparitzeagatik. Apirilaren 20ko solasa entzungai: 


2019-04-29

ITAKA_Beñat Ralla Yusta_2019-4-27

Beñat Segura Irratiko estudioan

Huts du sabela. Zuloz bete da espazioaren loa eta hor sakonean, han sakonean hemen sakonean, desokupatzen ari da zerbait eta norbait. Huts du sabela eta gose da. Otea du lore hori udaberriko. Otea du hitz arantzatsu gozo, otea du hitz arantzatsu goxo, otea hitz, ote hitza, Oteiza. Harria huts jolas, haria bete korapilo. 

Horrela hasi genuen larunbateko solasaldia. Beñat Ralla Yustak egin zigun Segura Irratiko Itaka saiora bisita. MugMus Kultur Laborategiaren "Esku harriak: Oteizaren (h)aria" ikuskizuna aurkeztera etorri zen. Mugimendua, musika, hitza eta eskultura uztartzen dituen emanaldi honek sormena du ardatz eta muin, Oteizaren iruditeriari egiten dio keinu. 

Beñat eskerrik asko proposamen interesgarri hau gurera ekartzeagatik eta mugimenduaz, musikaz, sormenaz, euskal kulturaz, irakaskuntzaz... sakontasunez hausnartzeko aitzakia mahaigaineratzeagatik.

Elkarrizketa entzugai:


Horrela aritzen gara



2019-03-14

BEJONDEINALA, IRATI!

Epaimahaikideekin eta Ateneoko Lehendakariarekin_2019-3-14
Bai, portatu haiz, Irati! Denbora puska bat eskaini (iluntzean argia itzaltzen denean dena da posible, ezta? Bularra eman, ipuina kontatu, poesia irudimenean idatzi) sormenari, paperaren aurrean jarri, idatzi, berridatzi, jolastu, lehiaketan parte hartu eta epaimahaiari hor nonbait (non?) atximur egin. Bejondaiala! Bai, hitaz harro nago, ze demontre, merezi dun. Bai, hamabost lan, asko kalitate oso onekoak, epaia hartzea ez omen dun erraza izan eta zerbaitegatik (zer dun zerbait hori? Azken erabakia hartzera bultzatzen duena epaimahaia?) hirea aukeratu diten. 

Nafar Ateneoak antolatu din lehenengo aldiz lehiaketa. Berrogei bertso-lerro "Nafarroa" gaiari idatziak. Erronka polita aitona nafarra zuen eta semea nafarra duen goierritar batentzat. Irati... hiri ere zerbaitegatik jarri zinaten izen hori! Harria, natura, euskara... aniztasunaren ederra, distantzien hurbiltzea... asko kontatzen din "Basa bizi" lanak. 

Eskerrik asko antolatzaileei, eskerrik asko epaimahaikideei (Josu Jimenez Maia, Jon Barberena eta Ines Castiella), eskerrik asko Javier Torrens lehendakariari, eskerrik asko gaur goizeko tratu hurbilagatik. 

Zer? Lotsatu egin haizela? Ederra izan dun bai, Jon Barberena hiri bertso bat kantatzen begietara begira... Bertso bat hiretzako sortua, hiri kantatua. Horixe oparirik ederrena! 


Josu Jimenez Maiak eskainitako hitzak entzuten_2019-3-14

Hara, partekatu itzan lanaren hasierarako eta bukaerarako sortutako lau lerroak. Gustura gelditu hintzen e! Nabari dun! Hitz berak errepikatzea ere! Baina, hori dun sortzailearen askatasuna... Zorionak, Irati!


"Zer den berdea horian, lehorra bustian
basa bizi, basa mortu,
haizeak leizeak sorgintzen dituenean
itsaso izan zirenei begira." 


Saritutako olerki-lana irakurtzen_2019-3-14



2019-03-12

URTE ASKOTARAKO, AITA!


2015eko udan ateratako argazkia

Ze ondo egin duzun eta ze ondo egiten ari zaren.
 Izugarri maite zaitut, aita! Nabari da, ezta? 
ESKERRIK ASKO!


Amona Prudentxik Eleder jaio zenean oparitutako loreak. Ia bi urte eta erdiren ondoren ze ederrak dauden!

Amona Prudentxi eta aitaren (amona Prudentxiren semearen) arteko anekdota kontatzeko neukan...
Gaueko hamabiak inguru. Amona ohean solasgose eta aita aldamenean, amonaren hizketarako gogoari korrika txikian jarraitu nahian. Amonak esaten dio aitari (bere semeari) bat-batean:

"Joxe, zahartzen ari naiz"

Datorren apirilaren 28an beteko ditu amonak 97 urte eta Elederri oparitu zizkion loreak bezain eder dago. 


2019-02-28

HOGEITA ZORTZIGARREN HILABETEA

Eleder mozorroarekin_2019-2-27

HOGEITA ZORTZIGARREN HILABETEA: ILUSIO-EMOZIOAREN HILABETEA

Ezkutatu? Eeeeez! Mozorrotu? Eeeeez! Mutilatu? Eeeeeez! Kanpora, kanpora! Entzun zaitzatela, ikus zaitzatela irribarrez, garrasika, oihuka pozarren... pozik zaudelako! Ez dago kontu ederragorik poza, emozioa eta ilusioa ikustea baino. Eta bai, Eleder, zurekin aspaldian poza, emozioa eta ilusioa ikustera iristen gara, ukitzera. Eskerrik asko, bihotza, bizitza besarkatzeko duzun indarra gurekin partekatzeagatik! 


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Hogeita zortzia zein
jori ta emankor,
emozioa hemen,
ilusioa hor,
sorgin, irrintzilari,
ipuinzale, jator,
nahiz egutegiari
hilabete bat zor,
zure udaberria
lehenago dator.


2019-02-27

AMARA ETA IRATI


Euskalerria irratian atzo botatako irrintzia: 






Aurreko batean lanera bidean nindoala agur eta agur egin zidan urrutitik ezagutzen ez nuen emakume batek. Aurpegi arraroa jarri nion nonbait; gerturatu zenean esan zidan: no eres Amara? Eta nik ezetz buruarekin, kunplimenduzko irribarre bat eginez. Eta berak atzetik: jo, te pareces un montón!


Irribarrez-irribarrez joan nintzen lanera hor nonbait dabilen Amara nolakoa izango den irudikatuz. Neure buruari galdetuz Amara delakoak ba ote dakien bere antza duen neska goierritar bat dabilela Iruñeko kaleetan, eta batez ere parkeetan, gora eta behera. Elkar ikusiko bagenu elkarri elkarren antza hartuko geniokeen ere galdetu diot neure buruari. Amara… ba ote daki euskaraz? Egingo ote du greba martxoaren 8an? Bozkatuko ote du apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskundeetan? Jarri ote da Venezuelara begira? Zer iritzi ote du azken asteotan emakumeen futbol partidetan bildu den ikusle kopuruaz? Jarraitzen ari ote da procés-aren epaiketa? Ba ote du harremanik bere bizilagun etorkinekin? Zer egiten ote du bere aisialdian? Bere inguruko zenbat pertsona zaintzen ote ditu? Parte hartzen ote du herri mugimenduetan? Ba ote daki zer den ornitorrinkoa?  Ba ote du seme-alabarik? Egin ote du haien aurrematrikula? Eskola publikoan? D ereduan? Entzuten ote du irratia? Entzuten ariko ote da gaurko irrintzia?

Eta zuri zer inportatu zaizu! Pentsatuko du batek baino gehiagok. Ba ez, ez zaizkit axola Amararen erantzun bai eta ez biluziak. Baina, bai, gustatuko litzaidake Amararekin mila kontuz solasean aritzea. Gizarteak, herriek, auzoek, bizilagunek… pertsona ezagunekin, gertukoekin, lagunekin izan ditzaketen espazio, gune eta uneez harago, ezagutzen ez ditugun pertsonekin harreman sareak zabaltzeko hitz eta solas espazioak, guneak eta uneak landu beharko genituzkeela uste dut. Eremu erosoetan beti betikoekin hitz egin, ertzak aztertu eta eztabaidatuz mugatu baino ez dugu egiten gizartea aberasteko aukera.

Ea aurkitzen zaitudan, Amara… Metro eta laurogei, ile kizkur argi zuritzen hasia, begi argiak, ezpain gainean ditxosozko granoa… Ea aurkitzen zaitudan…


Euskalerria irratiko audiora lotura

2019-02-04

Itaka_Maialen Olano_2019-1-26

Maialen Olano

Biluzik, biluzik, biluzik. Bil-hutsik, oinutsik, oin-hutsik, hutsik. Eta haizeak besarkadak jantzi zizkion etxean ispilurik ez zuen umeari. Euria egitea zuen maite, euria zarra-zarra, euria eraunsika, euria uholdeka. Egin zezala euria eta egin zezala euria... kaleko ur putzuak zituen maiteko. Etxean ez zituen ispiluak aurkitzen zituen kalean. Jantzita sentitzen zuen bere burua kalean, burua eta gorputza, eta gainerako guztia. Jantzita, hezur eta azal. 

Maialen Olanorekin solasean aritu nintzen Segura Irratiko Itaka saioan urtarrilaren 26an. Jantzi diseinatzailea da Maialen, sortzailea. Konpromisoa du bidaide bere ofizio eta afizioan. Pertsonekin egiten du lan eta pertsonentzako, sentsibilitate handiz. Eskerrik asko, Maialen; saioaren bukaeran esan bezala gozada bat izan zen. 



2019-02-01

Itaka_Xabier Zabala_2019-1-12

Xabier Zabala Segura Irratian_2019-1-12

Eta haizeari esango banio "bixkorrago-bixkorrago", zaldiz egingo luke bidea, trostan eta saltoka, lainoak harrotuz, zurrunbiloka. 

Eta haizeari esango banio "astiro-astiro", xuabe-xuabe, gozo-gozo eta goxo, itsasoak ezpainak borobildu eta putz egingo luke: briiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiisssssssssssssssa... Zaldiak, trostan eta saltoka, lainoak harrotuz, bixkor-bixkor egindako bidearen atzetik, gozo-goxo, itsasoak ezpainak borobildu eta putz egitean esnatzen den haizea da brisa. 


Xabier Zabala musikari handiarekin solasean aritzeko aukera izan genuen urtarrilaren 12an. Akordeoi handia hartuta etorri zen Segura Irratiko estudioetara. Bizitzaz, musikaz, ibilbideaz, lagunez eta bere bakarkako "Brisa" lan ederraz hitz egin genuen. Tartean Porrotxek kuku txiki-handi-koloretsu bat ere egin zigun. Eskerrik asko!




2019-01-28

HOGEITA ZAZPIGARREN HILABETEA

Eleder eta txakurra

HOGEITA ZAZPIGARREN HILABETA: TXAKURRAREN HILABETEA


Haserretzen zarenean (haserretu ere egiten baita txikia, haserretu edo...) bat eta bakarra, lehor eta eztarriko minetik sortua: zaunka. Kontatuko diegu, Eleder? Hortik sortu da ipuin berria: Bazen behin zaunkarik egiten ez zuen txakur beltx, txikia. Bizilagunak Elederri esan zion: "Meikuna eaman beharko det, Eleder! Hau izango ek mundun zaunkaik itten ez don zakur bakarra!". Eta Elederrek txakurra sendagilearengana eraman zuen. Sendagileak txakurrari galdetu zion zuzenean: Mina non duzu? Eta txakurra isilik... Zer sentitzen duzu? Eta txakurra isilik... Elederri zuzendu zitzaion orduan... Zer gertatzen zaio, Eleder? Eta Elederrek... zaunka! Non du mina txakurrak? Eta Elederrek... zaunka! Berehala konturatu zen sendagilea txakurrak egiten ez zuen zaunka hotsa Elederrek egiten zuela...  Zer egin zuten sendagileak, txakurrak eta Elederrek? Horiek Elederren eta amaren izarapean kontatzen dira... ;-D

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu: 

Hogeita zazpiari
egiozu kasu,
etorri baita beti
bezain distiratsu,
erdi zirikatzaile,
erdi irrifartsu,
sarri zaunka ta zaunka
aritzen zera zu,
eztarrian txakurtxo

txiki bat daukazu.




Aurreko biak kantatu, gauero kantatu izan ditugu, baina blogera ekarri gabeak genituen:

HOGEITA SEIGARRENA: HIRU HITZEN HILABETEA

Hogeita seigarrena

aldarte alaian,
aurrerapenak egin
dituzu lenguaian,
kontutxoak pilatzen
zaizkizun garaian,
ahoskatzen dituzu
hiru hitz jarraian,
ta guk jarraitzen degu
gehigoren nahian.



HOGEITA BOSGARRENA: ERREPIKAPENAREN HILABETEA


Hogeita bosgarrena
egin ta esaten,
dena da berriz-berriz
ta errepikapen,
ingurukoek zugan
 ze indar daukaten,
hasi zara pausoak
aurrera ematen,
gure oihartzun eta
 ispilu izaten.


2019-01-25

Itaka_Onintza Enbeita_2019-1-5

Onintza Enbeita txapela buruan eta...

Hustu, hustu, hustu, hustu... ordubete luzez hustu, hustu, hustu eta berriro hustu ondoren entzuten gaudenon gogo-irrika-barruak betetzeko gaitasuna behar da gero. 2019a Onintza Enbeitarekin solasean hasi nahi genuela erabki genuen. Ederra izan zen oso begiradak korapilatu eta munduari mingaina ateraz hontaz eta hartaz  jardutea. Eskerrik asko, Onintza! 

2019-01-17

Ipuinak errealitate

Eleder eta Irati_2019-1-16
Ipuinak errealitate bihurtzeko lehenengo ipuina asmatu egin behar da. Hauxe Elederrek amaren laguntzarekin azken bi hilabeteotan bi urte eskasekin asmatu duen ipuina. Atzo ipuineko protagonista eta ipuinaren eskenatokia ezagutzeko zortea izan genuen Burlatan. Ipuina errealitate bihurtzen denean ipuin berriak asmatzen jarraitzeko irrika areagotu egiten da. Ipuinak asmatzeko tartea goxatzen duenak errealitatea gozatzen (omen) du. 

ELEDER: Bazen behin igel berde eta haundia.

IRATI: Igela bizi zen

ELEDER: putzuan

IRATI: eta batetik bestera ibiltzen zen

ELEDER: korrika eta saltoka.

IRATI: Goiz batez eguzkia haundi-haundi, hori-hori eta batez ere bero-bero-bero-bero esnatu zen eta putzuko ura egin zen

ELEDER: lurrundu. 

IRATI: ura behar zuela eta oihu egin zuen

ELEDER: lagundu! Lagundu!

IRATI: eta laguntzera hurbildu zitzaion...

ELEDER: Eleder Tximaluze!

...

Hortik aurreragokoak Eleder eta bion gauetako sekretu-jolasak dira. 

Eta hala bazan eta ez bazan sar dadila kalabazan, eta atera dadila Elederren ezpainarteko plazan!