2019-02-28

HOGEITA ZORTZIGARREN HILABETEA

Eleder mozorroarekin_2019-2-27

HOGEITA ZORTZIGARREN HILABETEA: ILUSIO-EMOZIOAREN HILABETEA

Ezkutatu? Eeeeez! Mozorrotu? Eeeeez! Mutilatu? Eeeeeez! Kanpora, kanpora! Entzun zaitzatela, ikus zaitzatela irribarrez, garrasika, oihuka pozarren... pozik zaudelako! Ez dago kontu ederragorik poza, emozioa eta ilusioa ikustea baino. Eta bai, Eleder, zurekin aspaldian poza, emozioa eta ilusioa ikustera iristen gara, ukitzera. Eskerrik asko, bihotza, bizitza besarkatzeko duzun indarra gurekin partekatzeagatik! 


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Hogeita zortzia zein
jori ta emankor,
emozioa hemen,
ilusioa hor,
sorgin, irrintzilari,
ipuinzale, jator,
nahiz egutegiari
hilabete bat zor,
zure udaberria
lehenago dator.


2019-02-27

AMARA ETA IRATI


Euskalerria irratian atzo botatako irrintzia: 






Aurreko batean lanera bidean nindoala agur eta agur egin zidan urrutitik ezagutzen ez nuen emakume batek. Aurpegi arraroa jarri nion nonbait; gerturatu zenean esan zidan: no eres Amara? Eta nik ezetz buruarekin, kunplimenduzko irribarre bat eginez. Eta berak atzetik: jo, te pareces un montón!


Irribarrez-irribarrez joan nintzen lanera hor nonbait dabilen Amara nolakoa izango den irudikatuz. Neure buruari galdetuz Amara delakoak ba ote dakien bere antza duen neska goierritar bat dabilela Iruñeko kaleetan, eta batez ere parkeetan, gora eta behera. Elkar ikusiko bagenu elkarri elkarren antza hartuko geniokeen ere galdetu diot neure buruari. Amara… ba ote daki euskaraz? Egingo ote du greba martxoaren 8an? Bozkatuko ote du apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskundeetan? Jarri ote da Venezuelara begira? Zer iritzi ote du azken asteotan emakumeen futbol partidetan bildu den ikusle kopuruaz? Jarraitzen ari ote da procés-aren epaiketa? Ba ote du harremanik bere bizilagun etorkinekin? Zer egiten ote du bere aisialdian? Bere inguruko zenbat pertsona zaintzen ote ditu? Parte hartzen ote du herri mugimenduetan? Ba ote daki zer den ornitorrinkoa?  Ba ote du seme-alabarik? Egin ote du haien aurrematrikula? Eskola publikoan? D ereduan? Entzuten ote du irratia? Entzuten ariko ote da gaurko irrintzia?

Eta zuri zer inportatu zaizu! Pentsatuko du batek baino gehiagok. Ba ez, ez zaizkit axola Amararen erantzun bai eta ez biluziak. Baina, bai, gustatuko litzaidake Amararekin mila kontuz solasean aritzea. Gizarteak, herriek, auzoek, bizilagunek… pertsona ezagunekin, gertukoekin, lagunekin izan ditzaketen espazio, gune eta uneez harago, ezagutzen ez ditugun pertsonekin harreman sareak zabaltzeko hitz eta solas espazioak, guneak eta uneak landu beharko genituzkeela uste dut. Eremu erosoetan beti betikoekin hitz egin, ertzak aztertu eta eztabaidatuz mugatu baino ez dugu egiten gizartea aberasteko aukera.

Ea aurkitzen zaitudan, Amara… Metro eta laurogei, ile kizkur argi zuritzen hasia, begi argiak, ezpain gainean ditxosozko granoa… Ea aurkitzen zaitudan…


Euskalerria irratiko audiora lotura

2019-02-04

Itaka_Maialen Olano_2019-1-26

Maialen Olano

Biluzik, biluzik, biluzik. Bil-hutsik, oinutsik, oin-hutsik, hutsik. Eta haizeak besarkadak jantzi zizkion etxean ispilurik ez zuen umeari. Euria egitea zuen maite, euria zarra-zarra, euria eraunsika, euria uholdeka. Egin zezala euria eta egin zezala euria... kaleko ur putzuak zituen maiteko. Etxean ez zituen ispiluak aurkitzen zituen kalean. Jantzita sentitzen zuen bere burua kalean, burua eta gorputza, eta gainerako guztia. Jantzita, hezur eta azal. 

Maialen Olanorekin solasean aritu nintzen Segura Irratiko Itaka saioan urtarrilaren 26an. Jantzi diseinatzailea da Maialen, sortzailea. Konpromisoa du bidaide bere ofizio eta afizioan. Pertsonekin egiten du lan eta pertsonentzako, sentsibilitate handiz. Eskerrik asko, Maialen; saioaren bukaeran esan bezala gozada bat izan zen. 



2019-02-01

Itaka_Xabier Zabala_2019-1-12

Xabier Zabala Segura Irratian_2019-1-12

Eta haizeari esango banio "bixkorrago-bixkorrago", zaldiz egingo luke bidea, trostan eta saltoka, lainoak harrotuz, zurrunbiloka. 

Eta haizeari esango banio "astiro-astiro", xuabe-xuabe, gozo-gozo eta goxo, itsasoak ezpainak borobildu eta putz egingo luke: briiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiisssssssssssssssa... Zaldiak, trostan eta saltoka, lainoak harrotuz, bixkor-bixkor egindako bidearen atzetik, gozo-goxo, itsasoak ezpainak borobildu eta putz egitean esnatzen den haizea da brisa. 


Xabier Zabala musikari handiarekin solasean aritzeko aukera izan genuen urtarrilaren 12an. Akordeoi handia hartuta etorri zen Segura Irratiko estudioetara. Bizitzaz, musikaz, ibilbideaz, lagunez eta bere bakarkako "Brisa" lan ederraz hitz egin genuen. Tartean Porrotxek kuku txiki-handi-koloretsu bat ere egin zigun. Eskerrik asko!