2019-06-19

KAKA DE TXIKILLO



Euskalerria irratiko atzoko Irrintzi Plazarako prestatutako hausnarketa: 


Parkez parke ibiltzen naiz Eleder txikiarekin, zeharkatu ditugu Iruñeko hango eta hemengo ia parke guztiak. Lagun berriak egiten saiatzen gara, elkarbizitzen kolunpio eta txirrista artean, elkar-ulertzen, elkarri eskua luzatzen, hartzen eta uzten, adosten.

Orain dela pare bat hilabete inguruko parkeetako batean genbiltzala “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” esanez entzun nuen norbait, ahots gaxte bat. Harrituta jiratu nuen burua, entzun nuena benetan entzun ote nuen eta nork esan ote zuen ikusi eta ziurtatzeko. Bost bat urteko mutikoa, ikastetxeko uniformez jantzia eta amari gaztelaniaz egiten ziona. Harritu egin nintzen, bai; asko. Batetik, guk orain dela 25-30 urte ikasitako errima-jokoa hainbeste urteren ondoren ume baten ahotan entzuteagatik eta bestetik, esan bezala, mutikoak ikastetxe erlijioso bateko  uniformea zeramalako eta gaztelaniaz egiten zuelako bere amarekin hizketa. Bai, badakit. Aurreiritziak. Harriduraren muina sinplea da oso. Bai, badakit. Baina, harritu egin nintzen eta kitto. “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” mutiko hari nork, noiz, nola, zergatik eta zertarako erakutsi ote zion galdezka aritu nintzaion neure buruari, “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” nork, noiz, nola, zergatik eta zertarako erakutsi zigun guri neure buruari askotan galdetu izan diodan bezalaxe.

Egunotan orain dela bi hilabete entzundakoaren oihartzuna berritu zait. Larunbataren biharamunetan, biharkoaren bezperan, hementxe gaude denok, chiquillo eta chiquilla, gorri izan edo hori, berde, zuri, more edota urdin,  elkarbizitzaren kaka artean. Eman nizula, esan zenidala, utziko zeniola, ikusiko genuela, lotuko gintzaizkiola, nik zurekin bai, baina, zuk harekin ez, beraz, guk elkarrekin ezta pentsatu ere… Lau urtean landu gabeko harremanak bezperako gauean antzeztu, nahasi, korapilatu eta txikitu nahi ditugu. Bai, txikitu, puskatu eta txikiago egin. Harremanek erraldoi beharko luketenean herri bat modurik demokratikoenean eraikitzeko. Demokraziak, ordea, gorrotorik gabeko bizikidetza du oinarri eta nago eman nizula, esan zenidala, utziko zeniola, ikusiko genuela, lotuko gintzaizkiola, nik zurekin bai, baina, zuk harekin ez, beraz, guk elkarrekin ezta pentsatu ere… nago urteak joan urteak etorri, lau urtekoak joan lau urtekoak etorri oso-oso-oso gutxi ikasten dugula. Beste lau urte ditugu aurretik bizikidetza erdigunean jarri eta lehenengo egunetik elkarrengana hurbiltzen hasteko. Asmatuko ote dugu.

Gainerakoan, parkeetako umeek beren inguruak kaka kakatzar nola bihurtzen duen baino ez dute ikusiko. Eta ikasiko. Konponduta gaude.


Hementxe audioaren lotura: