2020-02-20

GALDERAK


Euskalerria Irratirako astearterako prestatu nuen irrintzia:


Gizarte eta politika mailako eztabaida fokuak identifikatu eta galdera potoloen bila hasten naiz tartean-tartean irrintzi honen bidez horiei erantzuteko gai ote naizen neure burua estutuz. Zaldibar, Mendigorria, haur eskolak eta hizkuntza, Txina, eutanasia, kale-inauteriak Iruñeko eskoletan, emakumeen eta gizonezkoen arteko soldata arrakala Nafarroan, hauteskundeak han, aurrekontuak hemen… Oraingo honetan ere dena esanda dago eta dena esateke.

Asteburua pasa dut erantzuten saiatu nahiko nukeen galdera horren bila eta oraingoan kale. Hain nahi nuen potoloa galdera, hain nahi nuen zikina, hain nahi nuen hautsia… erantzun oro garbiegi topatu dut eta ez nau galdera bakar batek ere erakarri, ez neure burua estutzeko, ez zurea, entzule, neure kezkara kateatzeko. Akaso izango da nagikeria, pereza esaten duten hori.

Galdera ezinezkoen bila aritzen gara sarri, harro, puztuta, guk ere zerbait esan behar dugula sinetsita, eta gutxien espero dugunean, ezustean harrapatzen gaituzte beste galdera askok. Eta ezinezkoak hor sortzen dira, erantzuteko ezintasunetik. Ni gaurko irrintzirako galderaren bila eta hiru bota zizkidan atzo arratsaldean hiru urteko semeak ordubete eskasean, eta marka da gero, ezin zer eta nola erantzun asmatu.

1.- Zertan ari da emakume hori?

Iruñeko autobus geltoki zaharreko parkean oinetakoak kenduta, belauniko, zapi baten gainean errezoan ari zen.

2.- Nor da gizon hori?

Etxera bidean San Fermin parrokiaren aurretik pasatzean gizon bizardunaren marrazki-irudi handiak arreta eman zion.

3.- Zegatik erre behar dugu eskolan Miel Otxin ostiralean?

Astea galdera potoloen bila hasi eta erantzun potoloen bila nabil orain, edonori bai, baina batez ere hiru urteko haur bati zor baitzaio zintzotasunez erantzutea. Eta isiltasunak ez du balio.



2020-02-18

ITAKA_Eneko Dorronsoro_2020-2-15

Eneko Dorronsoro_Segura Irratia_2020-2-15
"Agirre" lana aurkeztera etorri zen larunbatean Eneko Dorronsoro trikitilari ataundarra Segura Irratiko Itaka saiora. Diskoan trikitiarekin sortutako hamabi kantu ederrek Fredi Pelaezen teklatua dute lagun. Urtarrilaren 25ean Ataungo San Gregorio auzoko Joxemiel Barandiaran Museoan aurkeztu zuen diskoa, otsailaren 28an bigarren saio bat eskainiko du (sarrerak agortuta daude) eta aurrera ere izango da (Ordizia, Beasain...) Eneko zuzenean entzuteko aukera. Sormen lan polit honen nondik norakoak ezagutarazi zizkigun Enekok, baina hausnarketa sakonetarako tartea ere izan zen larunbatean. Plazer bat trikitia eta ukelelea (eskerrik asko, Lohitzune Berastegi) jolasean ikustea bertatik bertara. Mila esker bikote bisitarengatik eta bejondeizuela. 


2020-01-28

ITAKA_URTE BERRI ON 2020!_2020-1-4



2020 urte hasierarekin ahots ezberdinak bildu nahi izan genituen irratian eta keinu egin ekologiari, aniztasunari, politikari, dantzari, literaturari, bertsolaritzari, sormenari, kantuari, antzerkiari... Ahots ezberdinak bildu genituen urtarrilaren 4an, 2020 hasi berriari begietara begiratu nahi izan zioten ahotsak. Hauxe saioak eman zuena. Ederra izan zen oso. Eskerrik asko Andu Martínez de Rituerto, Eneko Galdos, Koldo Martinez, Joxemari Agirretxe, Bea Sever, Koro Irazustabarrena, Laida Miranda, Aritz Gorrotxategi, Mikel Serrano, Aitzole Araneta, Josu Penades, Aratz Igartzabal "Potto" eta Aitziber Garmendia! Beti dira ederrak zuen ekarpenak. 2020 on!


2020-01-27

ITAKA_XABIER CREHUET_2020-1-25

Xabier Crehuet Segura Irratian_2020-1-25

Pasa den larunbatean Xabier Crehuet musikari-sortzaile-artista ordiziarra izan genuen Segura Irratiko Itaka saioan. "Izaki Primitiboak" eta "Gautar" proiektuak aurkeztera etorri zen, baina baita bera nor den kontatzera, musikarekin jolastera eta bere ahots grabe zoragarriaz gu gozaraztera ere. Karlos Gimenez musikari handiarekin solasean aritzeko aukera ere izan genuen. Eskerrik asko, Karlos, eta eskerrik asko bihotz-bihotzez zuri, Xabier, ederra izan zen oso zurekin goiza goxatzea. 

Hemen saioa entzungai:



2020-01-23

ITAKA_AREAGO ISTORIOAK BELARRIETARA. KONTAKIZUNAK 4

Igartubeiti Baserriaren aurrean, sari-banaketa egunean, 2019-12-21

Ederra da beti Ezkioko Igartubeiti Baserrira itzultzea. Abenduaren 21ean "Areago istorioak belarrietara. Kontakizunak 4" lehiakeren sari-banaketan izan nintzen. Lehiaketa barrutik ezagutzeko zortea dut, Igartubeiti Baserri Museoko arduraduna den Kizkitza Ugarteburuk azken urteotan epaimahai lanak egiteko aukera eman didalako. Aurten berarekin eta Kutxa Ekoguneko Kakun Orbegozorekin egin ditut lanok.  

2019.urteko lehiaketa burutu da (aurtengo gaia Baserria eta Paisaia), sari-banaketa egin zen eta orain liburu eder bat dugu esku artean, saritutako hiru lan (zorionak Ainara Elizondo, Maialen Akizu eta Josune García de Bikuña) eta sarituak izan ez arren, liburuan egotea merezi duten beste hiru lan (zorionak Miren Juaristi, Joxe Aldasoro eta Mikel Aiertza) biltzen dituena.  Aitziber Alonso, Ainara Azpiazu eta Elisabeth Perezen ilustrazio zoragarriek jantzi dituzte ipuinak. Liburu bikaina gaztetxoek irakurtzeko, helduek irakurtzeko eta familian zein ikasgeletan elkarrekin irakurtzeko.



Larunbatean irratian bildu nahi izan nituen lehiaketaren jirako zenbait ahots. Mila esker Kizkitza Ugarteburu, Ainara Elizondo, Josune García de Bikuña (ahaleginarengatik), Joxe Aldasoro eta Ainara Azpiazu. Plazera zuekin solasean aritzea. Hementxe entzungai irratsaioa: 





2020-01-22

PIN



Euskalerria Irratirako astearterako prestatu nuen irrintzia:


Ez dakit oso ondo zergatik, baina burura etorri zait ume ginela gabon oporren bezperan, tira, orduan gabon opor esaten genuen, gaur nahiago dut neguko opor esan, eboluzionatu egiten dugu, hitzak hitz dira, baina hiztegia fintzea ere komeni izaten da. Horixe kontua, burura etorri zaidala ume ginela neguko oporren bezperan Bilbora joaten ginela PINera, haur parkera, egun pasa. Behin ikasgelako lagun guztiak hartuta, literatura sari bat jasotzera ere joan nintzen. Jolas eremu ikaragarria zen. Sartu eta ondo pasa. Ikastetxeek aukeratzen zuten jarduera bat zen, ikasleok ondo pasa genezan, geure buru, gorputz eta emozioak eta, bide batez, lagunenak ezagutu genitzan. Jarduera osagarri bat zen. Kurrikulumetik kanpokoa? Ez dakit. Ondo pasatzeak, geure buru, gorputz eta emozioak eta, bide batez, lagunenak ezagutzeak kurrikulum barnean behar lukeela uste dut. Denok joan ginen. Gela osoa ginen han. PINen, haur parkean.

PIN. PIN, PIN.  Ordutegi lektiboan jarduera extrakurrikularretan parte hartzeko gurasoek eman beharreko baimenaz ari dira eztabaidan egunotan. A ze saltsa. Eztabaida piztu da, eta ez txikia gainera. Eta beti-betikoan katramilatu da gainera kontua, sexu heziketa, feminismoa, LGTBI aniztasuna… Pereza, nagia, asperdura eragin dezake, baina kontua serioa da oso. Fokoa, ordea, ez nuke gurasoek baimena eman behar duten edo ez, eman dezaketen edo ez dezaketen eztabaidan jarriko.

Zer den kurrikularra… hortxe dago giltza, gakoa. Eta hasiko bagina seriotasunez, sakontasunez, iraunkortasunez ikasgeletan lantzen oraindik extrakurrikularrak diren hainbeste gai? Zer dira jarduera osagarriak? Zer dira jarduera extrakurrikularrak? Zer da osatzera datozena? Ez al dira oinarri? Funts? Ez al da garaia sexu heziketa, feminismoa, LGTBI aniztasuna etab. etab. eguneroko jardun kurrikularrean sartzeko? Eta eztabaida gaia horra eramateko probesten badugu?

Bide batez, zorionak NAIZEN elkarteari azken egunotan Bilbon eta Donostian jasotako sariengatik.

Eta aspaldian gizartean gehien eragiten ari den elkarteetako bati, NAIZENi esaterako, tokia egingo bagenio kurrikulumean?