2010-03-29

BERTSO AFARI MUNDIALA!



Zer da, zer da...

eguzkia izan ez eta argi egiten duena...
sua izan ez eta berotzen duena...
korapiloa izan ez eta estutzen duena...
irribarrea izan ez eta algara egiten duena...

Zer da, zer da, hirukia izanik borobila dena?

Hiruten du izena aurten institutuan abian jarri dugun proiektuak. Guraso, ikasle eta irakasleen arteko harremana ohiko girotik kanpo estutzea du helburu, horrek egunerokoan ere laguntzen duelako. Nola gainera!

Ostiralean Askatasuna institutuko hiruleok antolatutako bertso-afariaz gozatu genuen Burlatako Axular Elkartean. 70-80 lagun elkartu ginen; ikasle, irakasle eta guraso. Bertsotan Arkaitz Goikoetxea, Ekaitz Goikoetxea irakaslea eta Oihan Alonso ikasle gaztea; trikitixa jotzen Maittane Fagoaga, Guratz Azpiroz eta Nekane Goñi ikasleak; eta gai-jartzen Irati Lopez, Zuriñe Chocarro, Nerea Unzu, Klaudia Rodriguez, Leire Alonso, Irati Goñi eta ni neu. Afariaren prestaketa gurasoen kontura. Gau-festa mundiala izan zen ostiralekoa.

Ea aurrera ere horrela jarraitzen dugun, hiru hankako institutua borobiltzen; Ekaitzek azken agurrean kantatu zuen bezala: ... bilgune kuttuna/ hitzaren laguna / guztiz euskalduna / konpromisoduna / hori da guk nahi dugun Askatasuna.

(Bihar-etzi saiatuko naiz bertso-afariaren grabazioa zintzilikatzen).


2010-03-25

EUSKARAZ JOLASTU, EUSKARAREKIN JOLASTU


Ekaitzekin jolasean ibili naiz oraintxe, lehian, komuna nork garbituko. Galdu egin dut. Arerio gogorra da Ekaitz; batez ere komunaren garbiketa badago jokoan !

Ordiziako Jakintza Ikastolako ikasleek prestatu duten eta osatzen ari diren jokoa da "Pasahitza". Maite Goñi irakaslearen laguntzarekin lan bikaina egiten dute euskaljakintza web orrian. Inoiz irratian solaskide izan dudan laguna dut Maite. Azken urteotan ekarpen asko egin dizkio Maitek teknologia bidezko hezkuntzari, izugarrizko lana egiten ari da eta hezkuntza-bide berriak zabaldu dizkie bere ikasleei.

Telebistako saio ezagunaren bertsio euskalduna asmatu dute (Pasapalabra -> Pasahitza). Definizio sorta bat, denbora eta jolasteko gogoa biltzen dituen joko polita. Gozatuz ikasteko aukera ematen duena. Goiko irudian klik eginez gero zuek ere jolasteko aukera izango duzue. A! Kontuz! Hitzak mugagabean idatzi behar dira eta! (etxea-ren ordez, etxe). Ondo pasa!

Ekaitzi bigarren aukera bat eskatuko diot... bale ala kale!

2010-03-22

UDABERRIA


Hasi naiz leihoa irekita lo egiten; zoragarria da zozoen kantu hotsarekin esnatzea. Halaxe esnatu naiz gaur, goizean goiz jaso dut udaberriaren lehenengo oparia.


Patxi Ezkiaga idazle eta lagunak egin dit bigarren oparia. Oraintxe jaso dut bidali didan mezua; udaberriari idatzi dion olerki bat bidali dit (eskerrik asko Patxi!)

Honela dio olerkiaren bukaerak:
... Desertuak oraindik ez baitu
itsasoaren nostalgia

galdu.


Zer pentsatua eman dit udaberriaren etorrerak eta horrelaxe irudikatu ditut Ane eta bere ama:
Anek amari galdetu dio: Ama, zer da udaberria?
Eta amak itsasoa hustu du baso batean: bizitzak gainezka egiten du udaberriarekin -erantzun dio amak alabari.

2010-03-18

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(XIV)



Aste honetarako buruhausteak Maitek proposatu dizkigu (mila esker!). Bihar jai da eta beraz, zeregin bikoitza astebururako. Pozten naiz Maite probabilitatearen kontzeptua gure artera ekarri duzulako, probabilitateari buruzko kontuak liburuaren azken muturrean egoten dira eta inoiz gutxi iristen gara bere nondik norakoak ongi ezagutzera. Zure problema aitzakia polita izango da probabilitateari buruz hitz egiteko. Hemen ba lehenengo problema:

Dado bat jaurtitzen duzunean 3 zenbakia ateratzeko probabilitatea 1/6 da. Bi 3 jarraian ateratzekoa, 1/36 da; eta hiru 3 jarraian ateratzekoa 1/216. Jadanik hiru aldiz bota dugu dadoa, eta 3 atera da guztietan. Beste 3 bat ateratzeko zer probabilitatea dugu?
_________________________________________________


Hara hemen beste xagu batzuk jolasean; etxera eramateko xagu gehitxo, ezta? Beldurtuko da bakarren bat!


Xaguak oso ezagunak dira ugaltzeko duten abiadurarengatik. Xagu honek 12 xagutxo umatu ahal ditu hilabete batean. Xagu honen kumetxoak 2 hilabete eta gero kumeak izan ahal dituzte. Gaur xagutxo eme bat erosi duzu jaio berri-berria, eta etxera eraman duzu. Zenbat xagu izango dituzu etxean 10 hilabete barru?

2010-03-17

IPUINA


Etxera iritsi zenean Sarak ez zuen inor topatu etxean, oharrik ere ez zegoen sukaldeko mahaiaren gainean. Kanpoan elurra ari zuen, beste behin, negua hasi zuenetik zazpigarren aldiz... Zalantza sortu zitzaion, etxera bidean lagun izan zuen Martaren bila korrika atera ala etxean bakarrik egon, norbait azalduko zen artean. Etxea hutsik zegoen arren, berogailuaren epelak gozo hartu zuen bere baitan. Etxerakolanak egiten hastea erabaki zuen Sarak. Ezin zuen sinetsi, ez zuen etxerakolanik! Telebista ikusten hasi orduko argia joan zen ekaitzarengatik...Hasieran beldurtu egin zen, baina beldurrik ez izateko esaten zion bere buruari. Ezin zuen, ordea, txikitatik beldurra izan zion iluntasunari eta hodeiek ez zioten Eguzkiari argitzen uzten. Eguzkiaren eta bonbillen argiaren faltan, kandelena zuen helduleku bakar. Kandelak aurkitu zituen eta pizgailuarekin pizten saiatu zen, baina honek ez zituen piztu nahi. izan. Orduan poxpolo batzuk aurkitu zituen eta poxpoloekin piztu zituen kandelak. Orduantxe bueltatu zen argia. Hura zorte txarra hura!! Kandelak ez, baizik eta, bestelako argiak itzali zituen ordea, eta bere buruaren itzalak sortzen zion harriduraz, jolasean gozamen adina beldur sentitzearekin batera gogoratu zuen bakarrik zegoela artean etxean, gainontzekoen inongo arrastorik gabe. - Baina zer arraio!- pentsatu zuen bere baitan- Elurra ari du eta jolasteko aukera bikaina da!
"Ring, ring!" telefonoa entzun zen bat-batean. Bai? - Galdetu zuen Sarak. Ez - Erantzun zion telefono hariaz bestaldeko ahotsak.

- Honek ere ez du etorrerako seinalerik. Matxuratuta dago - Zalantzarik gabe, telefono haria konpontzen ari zen ezezagunak lankideari.

-Bai? -Sarak berriro itaundu zuen, ulergaitz. Bakar jokoaren ametsak, beldurrak bultzaturik, errealitatera ekarri zuen. Inkomunikazioa. Gogoetaren azpimarragarri, oinaztarriak epai emango balio lez, leihotik so kaleko argiak bat-batean joan ziren. Eta honekin Marta eta bere betiko bidea. Broooom! Onartu behar zirrarak sabela kilikatu zuela. Ispilu baten faltan, Sara aurrez aurre, ezinbestean, bere barne islarekin aurkitu zen. Bere buru barruan arakatuta txikiagoa zen Sara batekin egin zuen topo. Zazpi urte edo izango zituen amonaren baserrian eman zuen uda hartan. Neska argal, ilehori eta irribarretsu bat bezala ikusten ari zen bere burua. Amonaren baserriaren inguruko zelaietan korrika zebilen. Barre xumea sortu zitzaion,bere oroitzapenen amaraunari zetxezkion irudi maitagarri haiek eta neskatilaren irribarre argitsu hark baleragiote bezala.


- Zer arraio! Idi zaharrari arran berri! esan zion bere buruari une hartantxe bururatu zitzaion erabakia kontuan izanik.


......................


Jagok behin eta berriro sakatu zituen Sararen telefonoaren zenbakiak. Zorte txarra berea! Hainbeste urteren buruan deitzera ausartu eta infernuko tramankulu hark funtzionatu nahi ez. -Zenbat urte pasa dira?-galdetu zion bere buruari. Erantzuna ederki zekien,baina. Ez zuen inoiz ahantziko biek 12 urteak estreinatu zituzteneko uda hura, abuztu sargori hura, zerua lehertuko zuen ekaitz hura...


Jago beldur zen hartaz gogoratuko zen Institutu ezberdinetara bidali zituztenetik ez zuten elkar ikusi.
Hala ere Jagok ez zuen amore eman:

-Traste zahar hau noizbait hasiko ote da lanean?!- oihukatu zuen bere baitan.


Jagok burua martxan jarri zuen. Ziur aski Sarak telefono zenbakia ikusi eta ez erantzutea aukeratuko zuen. Ez, Sara ez zen hain maltzurra. Alderantziz, bizitza osoan ezagutu zuen pertsonarik atseginena zen.

2010-03-15

ZU ERE IDAZLE! JOLASTU NAHI DUZU?


Ez da bat-batean bururatu zaidan ideia; badaramatzat egun batzuk buruari bueltaka. Ipuin bat sortu nahi dut. Ipuin bat sortu nahi dut zuekin batera. Abentura polita izan daiteke, elkarri pausoak luzatuz osa dezakegun bidea. Helburua: sormenaren mugetan elkarrekin dantzan aritzea.

Ipuinaren hasiera idatziko dut, eta hortik aurrera esaldiak gaineratzen joango gara. Honatx modu txukun batean lan egiteko (jolasteko) jarraibideak:
  • Denok izan zaitezkete idazle. Idazle askoren artean osatutako ipuina izatea espero dut!
  • Aldiko esaldi bat, bi edo gehienez hiru esaldi idatz daitezke.
  • Idazten dugunak ipuinaren azken ideiarekin lotura izan behar du noski!
  • Aldiko batek baino gehiagok idazten baduzue, eta ipuinaren jarraipenak aukera bat baino gehiago badu, bat aukeratuko dut eta hori da ipuinari erantsiko diodan hurrengo zatia. Besteak iruzkinen artean argitaratuko ditut.
  • Izenburua ipuina bukatzen dugunean jarriko dugu denon artean.
  • "Ipuingintza" etiketa jarri diot. Hala, ipuina blogaren erdigunetik ezkutatzen denean ezkerraldean ipuingintzan koxk eginda zuzenean egingo duzue ipuinerako bidea.
  • Parte hartzen duzuenon artean liburu bat zozketatuko dut.
Ipuinaren hasiera:

"Etxera iritsi zenean Sarak ez zuen inor topatu etxean, oharrik ere ez zegoen sukaldeko mahaiaren gainean. Kanpoan elurra ari zuen, beste behin, negua hasi zuenetik zazpigarren aldiz..."

2010-03-12

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(XIII) (Zorionak aita!)


Etxean ez gara opariak egin zale. Ez diogu paperean bildutako oparirik elkarri eskura ematen. Egun batean poltsikoak hustu ordez, egunero hustutzen dizkiogu bihotzak elkarri (hustutakoa bezainbat jasotzeak mantentzen du bihotza indartsu).

Gaur 58 urte betetzen ditu aitak (urte askotarako aita; izugarri maite zaitut!) eta ez dut paperean bildutako oparirik berari emateko. Etxera iritsi orduko emango diodan musua, eta gogoa bete kontu berari kontatzeko. Badakit hori dela egin diezaiokedan oparirik ederrena, eta horrek egiten gaitu zoriontsu (gustura jasotzen dugun hori elkarri emateko gai garela badakigulako).

Baina, ze demonio! Gaur eskura daukat aita ezustean harrapatzeko aukera, eta ditudan hamazazpi gameluetatik erdiak berari oparituko dizkiot. Bai, ditudan hamazazpi gameluetatik (nondik atera ditudan kontatu beharko banu...) erdiak aitari emango dizkiot. Amari ditudan hamazazpi gameluetatik herena emango diot, eta Ekaitzi bederatzirena.

Nola? Banaketa hori egitea ez dela posible? Gamelu bakar bat ere hil gabe bakoitzari dagokion gamelu kopurua eman behar diogu. Lagunduko diozue aitari, amari eta Ekaitzi gamelu banaketa egiten?

2010-03-10

KIROLA ETA EMAKUMEAK

Orain artean sekula ez dizuet aurkeztu saskibaloi taldea. Martxoaren 10a egun polita izan daiteke (martxoaren 8a edo abenduaren 12a izan zitekeen bezala) laranjaz jantzitako emakume borrokalari hauen ilusioa eta indarra blogean zintzilikatzeko.

Bakoitzak baditu bere egitekoak (lanean ari gara batzuk, ikasten ari dira besteak), baina, astero-astero elkartu eta modu duin batean gure ahaleginaren fruituak jasotzeko tartea ateratzen dugu handik eta hemendik. Nekatuz gozatu egiten dugu, eroriz indartu egiten gara, huts eginez ikasi egiten dugu eta bostekoak luzatuz adiskideak egiten ditugu; izerdiz bustitako bostekoak izaten dira gureak.

Ba hortxe Beasaingo saskibaloi taldeko (BKL) Senior nesken taldea (Nerea, Hiart, Mariñe, Gema, Ainhoa, Haizea, Irune, Emma, Irati, Oihane, Amaia eta Maddi; entrenatzailea Pedro). Aspaldian emaitza onak baino ez ditugu lortu (hiru garaipen jarraian!) eta aurrerantzean ere jarrai dezagula gutxienez ilusioak saskiratzen. Bejondeizuela neskak!

2010-03-08

ELISA ETA EGUN BAT GEHIAGO (adibidez, martxoaren 8a)


Elisak izerditan ditu eskuak,

borrokan aritu da ispiluarekin.
Zauri txiki bat ere egin du ezkerreko bularrean
eta bere logelako usaina sartu zaio bihotzean barrura.
Itota sentitzen du pixka bat bere burua,
perfume usain gogorregia dauka bere logelak.

Egunari gurutze bat egingo lioke, eta
"ez, gaurko eguna ez zait gustatu" idatziko lioke bizkarrean, eta
zakarrontzira botako luke gero, eta
borrokan arituko litzateke ispiluarekin berriro.

Gaur ere bi gosari prestatu behar izan ditu goizean;
kaferik hotzena edan behar izan du eta ogi xigorturik ez da gelditu berarentzat.
Mermelada arrastoak igogailuan gelditu dira.

Nagusiak gonapean lizundu dio begirada,
irribarrea latigoz astindu dio,
eta "zoaz lanera, maitia" bota dio gainera,
soldatako xentimo urratuak justifikatzeko eskatuz edo...
... auskalo zergatik!

Etxera bidean parkeko umeei begira egon da,
eta sabel hutsa astun sentitu du,
eta erlojua pisu,
eta ilargia gainean,
eta egutegia zintzilik.

Egunari gurutze bat egingo lioke, eta
"ez, gaurko eguna ez zait gustatu" idatziko lioke bizkarrean, eta
zakarrontzira botako luke gero, eta
borrokan arituko litzateke ispiluarekin berriro.

Eta orain ohera itzuli behar duenean
izarak zimurtuta ote dauden galdetzen dio bere buruari.


Elisak izerditan ditu eskuak.
Goizean haria eta jostorratza hartuko ditu
eta bularreko zauri txikia ixten saiatuko da.
Beldur bakarra dauka,
perfume usaina zauriak bere baitan irentsi ote duen beldur da Elisa.

2010-03-03

IRATIK IRATIRI EGITEN DIO TIRA


Irudia: bi lankide-lagun institutuko eskilaretan elkarren ondoan eserita elkarri poesia errezitatzen. Koldo eta ni. (Bai, horretarako ere probesten ditugu klase-ordu tarteak; literatura pixka bat usaindu dezaten eskilara horretatik pasatzen diren ikasleek).

Hala eserita nengoela nire buruari esan diot "blogean deskribatzeko argazki polita Irati". Irribarrea irri-tonto bihurtu zait, ordea, Rafa lankidea inguratu eta esan didanean, hortxe elkarri belarrira poesia errezitatzen ari ginela, institutuko eskilaretan: "Irati argitaratu dituzte lekualdatze-lehiaketako zerrendak". "Bai, eta?" Begirada bihurriegia sumatu diot, urduriegia. "Bai, eta?" nik berriro. "Otsagi". "Otsagi, zer?","Hasteko maleta handi bat prestatzen Irati, Otsagi esleitu dizute".

Iratik Iratiri egiten dio tira. Eta nola egin uko halako argazki ederrari! Gustura joango naiz (behin betiko aukera ez da baina...), zergatik ez, akaso nire lehen literatur liburua osatzeko patxada topatuko dut. Pena bakarra horixe, nagoen tokitik mugitu beharra. Ikasle eta lankide zoragarri hauei agur esan beharra; eta bakarra izan arren, handia da pena. Oso handia.