2014-12-01

ITAKA_Juan Kruz Igerabide_2014-11-15


Eta erori egin zen. Erori egin zen; ez zen kaleak tupustean itsu-itsuan jarritako harri bat izan, ez zen haize bolada ero baten bultzada izan; erori egin zen, belaun azaletan amorrua urratuz. Hanka puntetan zapaltzen dira zuloak kalean, hanka puntetan zapaltzen gaituzte zuloek kalean, eta erori egiten gara, gure usteekin zangotraban, gure miseriekin zangalatrabaka. Jantzi dezakegu mozorro bat, edo esan ez garela erori, gure itzala dela lurrean dabilena; jantzi dezakegu mozorro bat, eta betaurreko beltzen atzetik oihukatu "ni ez nago hemen!". Joan gaitezke etorri ginen bidetik, baina, arrastoa hor geldituko da; arrastoa hor geldituko da: detektibearen hatz marketan. Eta zu erortzen ez bazara, mozorroa eroriko da betaurreko beltzen artera, zangoa nork eta traba nork jarri dizun ongi bereizi gabe. 





Juan Kruz Igerabiderekin aritu ginen solasean azaroaren 15ean. Gozo-gozo, goxo-goxo. Zangotrabaka hasi eta besotrabaka bukatu genuen, eskua emanda. 


2014-11-28

ITAKA_Josu Martinez_2014-11-8




Milimetroka-milimetroka egiten dira zuloak, azkaka-azkaka zulatzen iluntasunak. Mozorropean ezkutatzen diren begiradek saltoka egiten dute urrutira bidea eta isil-isilik izara arteko mamue irudimena marrazten dute harrizko mapetan. Tuneletan ez da oihartzunik sartzen, lanbrotutako giroan uretan itotzen da beldurra eta pauzoak ausardiak fosilizatzen ditu. Entzun. Entzun korapiloak bafleetan. Entzun melodia iheskorrak, ziztu bizian denboraren kontzientzia izozten dutenak. Ihes hanka puntetan egiten da, baina, isildu beharrik gabe. 





Azaroaren 8an aritu ginen Josurekin solasean argitaratu duen "Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak" liburuaz. 


2014-11-25

NIRE DISTANTZIA




Zure begiek ez didate begiratzen uzten,
zure ahotsak ezpainartea zulatzen dit,
eta belarriak,
belarriak zure eskuek gortu dizkidate,
belarriak zure eskuek gortu zizkidaten,
eta bizitza entzun ezinda nabil aspaldian.
Zure itzala itsatsi zenidan bizkarraldean,
eta ordutik
pausoak kateatu egiten zaizkit zure hankapean.
Zangotrabaka egiten dut aurrera,
bultzaka-bultzaka,
maite nauzula esaten didazun aldiro.
Zure
(txotxongilo?)
zure bihurtu nauzu,
eta isiltasun hauskor batek irentsita bizi naiz,

zure bakardadean.



Aurpegia hitz , maitemina hits
betileak lo, hatz ziztadak su.

Aurpegia hits, maitemina su,
betileak hitz, hatz ziztadak lo.

Betileak su, aurpegia lo,
hatz ziztadak hitz, maitemina hits.




Zure
(txotxongilo?)
zure bihurtu nauzu,
eta isiltasun hauskor batek irentsita bizi naiz,
zure bakardadean.

Baina, ez,
zu hor zauden distantzia berean egon nahi dut nik hemen. 


2014-11-19

ESKERRIK ASKO!

Inazio Mujika Iraolarekin Donostiako Udal Liburutegian_2014-11-18

Atzo ondoan izan zintuztedan guztioi eskerrik asko! Atzokoaren zoroaldikide izan zintuztedalako mila esker!





Aurkezpen osoa hementxe ikusgai eta entzungai: http://www.erein.eus/



2014-11-14

ZORIONAK, IRATI!


- Eskerrik asko, Irati´!
- Gogoratzen al haiz 18 urterekin Beasaingo aldizkari batean argitaratutako elkarrizketan zer zioen titulurrak? Nire ametsa egunen batean liburu bat argitaratzea da. Hire hitzak hitunan. 
- Bai, gogoratzen naun. Eta orain aurrean zaukanat liburua. 
- Aizan, eta... zer dun Andraizearen kontu hori?
- Zorakeria eder bat. Badakin, haizeak nondik jotzen duen hara joaten zaidan burua.
- Bai, bazakinat. Orain arte joandako burua bueltan ekartzea lortu dun eta, gaitzerdi! Baina, zer idatzi dun, eromenaz?
- Ez, ez.
- Emakumetasunaz?
- Ez, ez.
- Haizeaz?
- Ez, ez. 
- Zertaz idatzi dun ba?
- Irakurtzea izango dun onena. Halere, opari txiki bat egingo dinat. Hauxe da liburuaren atzean jartzen duena. Hik atera ondorioak:



"Haizea nora, burua hara. Haizeak nondik jotzen duen, hara joaten zaigu sarri burua. Nora doanik gabe gehienetan, mahai gainean oharrik utzi gabe. Izan daiteke lepo gainean egoteaz aspertu delako; izan daiteke lepoaz haragoko lurretan zer dagoen jakiteko irrikagatik. Gozoa da buruari joaten uztea, burua joan zaigula besteei sinetsaraztea, geure erokeria propioaren protagonista komiko bihurtzea. Dramari adarra jotzea. Eta barre egitea; joandako buruaz, eta lepo gainean irudimenak hutsuneari emandako zaplaztekoez. Gozoa da ni ez naizen hori izatera jolastea, nireak ez diren galtzetan ipurdia sartzea, uste dudanaren, dakidanaren eta jakin nahi ez dudanaren artean oreka galtzea. Gozoa da aspertu nahi izatea, parekoa begiz jatea, izara-arteko pixoihalak mamu bihurtzea.

Gozoa da sinesten ez duzun hura sinetsaraztea. Eta gozoa da kontatzea, barka zenbatzea; bizitza kontatu bai, baina, bizitza ere zenbatu daitekeela ziurtatzea, bihotz erdika bihotz erdika. Dena ziurtatzea, ezer sinetsi ez arren. "



- Noiz izango dun aurkezpena?
- Asteartean, Donostian, eguerdiko hamabietan Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan, Konstituzio Plazan. 
- Aizan, Irati...
- Esan.
- Zorionak, benetan!
- Eskerrik asko, hik ere asko lagundu didan eta mila esker nire buruari bultzaka dabilen pentsamendua izateagatik. 



Ipuin liburuaren azala


2014-11-13

ITAKA_Urko Menaia eta Nagore Etxabe_2014-11-1


Urko eta Nagore Segura Irratian_2014-11-1

Entzun; entzun espazio infinituaren isiltasuna. Entzun kaleak korrika. Itxi begiak eta entzun. Badira pauso mutuak, badira erritmorik gabeko txaloak, ezpain isolatuak, izerdia tantaka-tantaka labirintoetan. Tantaka-tantaka; oholik gabeko txalapartak. Badira irrintziak urpean. Bada isiltasuna. Baina, entzun-entzun. Tantaka-tantaka.




Tarte ederra pasa genuen goizean irratian eta arratsaldean Lizarraustiko gainean kontzertu goxo, hurbil eta zoragarriaz gozatzeko aukera ere izan genuen. Egun musikal borobila izan zen azaroaren 1ekoa. Mila esker bikote!


2014-11-12

LIMOSNA BAT


Orain astebete ezagutu nuen bideoa. Hunkitu egin ninduen. Akaso izango da saiakera, asmo, egitasmo berrien aurrean nire begiradak (bai, esango nuke begirada kontua dela) duen baikortasunagatik (ez inozentziagatik), ez dakit. Hunkitu egin ninduen eta irudiei (besterik ez baitakigu) nire mezu propioa sortzen saiatu naiz. Kontua da oraintxe bideoaren bila hasi naizenean, Youtuben iruzkin asko topatu ditudala, gehienek egitasmoa oso azaletik eta oso ezkor kritikatzen dute. Eta ez dakit... egia esan, egiten duen hura "ezer ez egiteko tronutik" kritikatze horrek beti sortu izan dit mesfidantza moduko bat... Hunkitu egin ninduen, baina, batez ere pentsarazi egin dit. 





En nuke esango karitatea dagoenik keinuaren atzean. Begiak zabaltze bat iruditu zait niri. Ikusezina ikusia izateko ahalegin bat. Irribarre serio bat iruditu zait; oihu kantari bat. "E!!! Txxxxit" moduko bat eskaleari. "E!!!! Txxxxxxit" kale ibiltariei. "E txxxxxxxxxit" bideoaren bestaldean gaudenoi. Eta "E!!! Txxxxxxit" euren buruei. Ez nuke esango euren kontzientziak lasaitze hutsagatik egin dutenik. Ez nuke esango ikasgairik eman nahi dutenik. Egin egin dute. Gerokoak z(g)ure kontu. 

2014-11-10

ITAKA_Unai Baztarrika_2014-10-25


Betaurreko pitzatuak jantzi ditu begirada isolatuak, arrakalez beterik ditu kristalak, eta begiradak ikusten duena puzzle hautsi bat baino ez da. Bi pieza eta erdikoa da puzzlea, eta denbora erdi horretan dago kateatua, beste bi piezen arteko amildegia bere sakonean zulatzen. Ezinbestean eroriko da, ezinbestean irentsiko ditu puzzleak erraz egiten dituztenen beldurrak. Ezinbestean galduko ditu erlojuak, eta noizbait minutuek euritan elurtzeari uzten diotenean, amildegia zulo bihurtuko da. Orduan ere, ezinbestean. Eraikin eroriak dira puzzleak berreraiki arren lurrari emanak jarraitzen dutenak; eraikin eroriak dira hitzak. Poesia beste zerbait da, ezinbestean. 


Unai Baztarrika Segura irratian_2014-10-25




Unai Baztarrika -> Beasaindar idazle gaztea. Blas de Otero 2013 sariketa irabazi eta  Erein argitaletxearekin argitaratu duen "Ezinbestean" poema liburua aurkeztera etorri zen urriaren 25ean Itaka saiora. 


2014-11-04

Berdintza


Zu eta ni berdinak ez bagara, ni eta zu berdinak izan gaitezke? Nekez. Nekez? Edo bai, edo ez! Baina, dena da zuria edo beltza? Tira, nondik begiratzen zaion! Nondik begiratzen zaion? Begiak ez ditugun tokiren batean jar ditzakegu ala? Nik sudurraren alde banatan ditut begiak, eta zuk? Eta berdinak dira? Sudurra izan daiteke bi begien arteko ispilu? Batek ikusten duena ikusten du besteak? Eskuineko nire begiak ezkerreko begiak ikusten duenaren erdia ere ez du ikusten! Baina, Irati, bene-benetan, serio-serio, bekoz beko jarrita (bekoz beko? :-D), zer da berdina izatea? 

Marratxo bat eta gainean beste marratxo bat. Neurri berekoa.  
Robert Recordek asmatu zuen 1557.urtean berdintza adierazteko erabiltzen dugun ikurra. Aspalditxo konturatu ziren matematikariak erabiltzen zuten aequalis hitzaren ordez ikur bat sortu beharraren premiaz. 
Bi biki baino gauza berdinagorik ez dagoela eta bi lerro biki aukeratu zituen Robertek. Ez pentsa, ordea, matematikarien berehalako onarpena lortu zuenik. Ez pentsa egun batetik bestera ohitura bihurtu zenik. Gaur egun, ordea, mundu zabalaren onarpena duen ikur matematiko bakanetakoa da. Matematika hizkuntzaren oinarrizko gakoetako bat da. 

Baina, zer da mundu zabalak onartzen duenaren noranzkoan igeri egite hori? Guri hankaz gora ibiltzea edo buruz gorakoak iraultzea gustatzen zaigu. Ez bat eta ez bi, Matematika Sakontzen ikasgaian geure berdintza ikurrak asmatu ditugu. Bakoitzak bat. Ea asmatzen duzuen zergatik aukeratu duen bakoitzak aukeratu duen ikurra! Eta noski, ez zaitez ikusitakoarekin konforma! Proposatu zure berdintza ikurra! Bizitza ikustea baino ederragoa baita bizitza proposatzea!









 

2014-10-30

ITAKA_ Noemi Rivera_2014-10-11


"Udazkenak badu zerbait berezia. Udazkena da hostoak dantzan sudurretan zintzilik eta udazkena da haizea gonapean zirika. Etxeak hegan jartzen ditu udazkenak, eta jolastokietako umeek atximur egiten diote udazkenari; buruak hankaz gora ibiltzen dira udazkenean. Udazkenean liburuak irakurtzen dira, liburuak irakurtzen dira irudimenarekin, liburuak irakurtzen dira errealitatearekin;   udazkenean marrazkiak egiten dira, amets egiten da, salto. Udazkenean mapak urtu egiten dira geografian  eta Lazkao bihurtzen da California. Udazkenean dena da ederra, edo ia dena. Udazkenean dena da ederra."

Naomi Rivera Segura Irratian_2014-10-11

Noemi Rivera lazkaotar gaztea izan genuen irratian urriaren 11n. Bere lehen eleberria aurkeztera etorri zen: "Un otoño en California". Ongi pasa genuen. Oso ongi. Marrazki eder bat oparitu zigun solasaldiaren bukaeran. 





Liburuaren eta Noemiren inguruko kontu guztiak: https://www.facebook.com/unotonoencalifornia



2014-10-29

Ordubete gehiago...



... gozatzeko. Ordubete gehiago...

1.- Gauean hartutako erabakiari goizean buelta emateko. 2.-Aspaldian ilundua zegoen goiza argi ikusteko. 3.- Autoan kantari Unanuara joateko. 4.- Hitz egiteko. 5.-Etxarritar bikote bat ezagutzeko. 6.- Nekatzeko. 7.- Izerditzeko. 8.- Gainera arnasestuka heltzeko (zer pasa zitzaianan Irati!).  9.-Bertsoa idatzi eta ezabatzeko. 10.- Eta berriro idazteko. 11.- Eta berriro ezabatzeko. 

Beriain_2014-10-26

12.- Harekin eta honekin hitz egiteko. 13.- Urte eta erdi lehenago Santio Bidean Hontanas herrian ezagututako gasteiztarrarekin topo egin eta ezustearekin alaitzeko. 14.- Ordukoak gogoratzeko. 15.- Bertsoa txukundu eta postontzian sartzeko. 

Unanuatik San Donatora
bidezidorra gidari,
salto txikika zelai berdean
ibili gara dantzari,
denbora pasa presarik gabe
sentipen lasaiei adi,
urriko azken asteburuan
ordubete bat opari,
ederki asko etorri zaio 
mendian dabilenari. 

Beriain_2014-10-26

 16.- Pentsatzeko. 17.- Hausnartzeko. 18.- Lasai egoteko. 19.- Ezerezari eta guztiari begiratzeko. 

Beriain_2014-10-26
 20.- Pentsatzeko. 21.- Hausnartzeko. 22.- Lasai egoteko. 23.- Ezerezari eta guztiari begiratzeko. 

Beriain_2014-10-26
24.- Aita oraindik eta gertuago sentitzeko. 25.- Hitz egiteko. 26.- Haserretzeko. 27.- Barre egiteko. 28.- Ikasteko. 29.- Entzuten asmatzeko. 30.- Nola isildu ahazteko. 31.- Eguzkia hartzeko. 32.- Begiak argiari emateko.

Beriain_2014-10-26

33.- Ordubete gehiago... goiz pasa eder bat gozatu dugula sinesteko. 34.- Eta sentitzeko. 




2014-10-23

Turroia urrian


Posets gainean_2014-10-19


Bai, ze demontre! Urrian turroia! Ainsa herrian erosi genuen. Eta topa egin genuen. Luis Lavilla Amingol-en alde topa. Turroia izugarri maite zuelako. Turroi hori (gorringo turroia?) bereziki izugarri maite zuelako. Eta hildakoek bizirik jarraitzen dutelako oroitzen ditugun une eta gune orotan. 


2014-10-22

Eta bertsoa?


Pausoz pausokoa izaten da mendian utzi-jaso-lotutako bertsoaren lana. Egoerak ezberdinak izaten dira: 

1.- Bertsoa tontorrean asmatu. Eguraldi ona egiten badu ongi, eguraldia kaskarra bada... burua gehiago estutu behar. AupaIrati eta bengaIrati... presio sentipena handi samarra izaten da (oinen bat falta dela edota bukaera ongi josi gabe gelditu dela... nire lasaitua Ekaitz inguruan dabilenean).

2.- Bertsoa bidean asmatu. Entretenimendu polita izaten da. Besteen solasaldi-elkarrizketa zurrumurru bihurtzen da eta zu zurera. Ideiaka-ideiaka igotzen da mendia horrelakoetan. Okerrena horixe, bertsoa asmatzeko prozesua mendi bidea bera baino luzeagoa izatea. 

3.- Bertsoa aterpean bertan asmatu; bezperan, gauean, lo egin nahian zauden momentu... momentu... momentu... arrarozelebreberezi horietan. 

21:20etarako "ohean" geunden larunbatean. 21:25ean lo hartu nuen (lo hartu nuen!!!)  21:45ean esnatu eta 00:40ak arte ez nuen berriro lorik hartu! Bitartean zer egin nuen? Bertsoa asmatu, arnasaldiak zakupean ito, bertsoa asmatu, zurrungak kontatu, bertsoa asmatu, izerdiz blaitutako jertsea kendu, bertsoa asmatu, izerdiz blaitutako galtzak kendu, bertsoa asmatu... 

Gosaldu ondoren bertsoa idatzi nuen, tontorrean hotza egingo zuela eta (Perdidoko eguna gogoan) dena prest uzteko asmoz.  



Aterpeko liburuan ere idatzia gelditu da. Denborapasa polita izaten da besteek idatzitakoa irakurtzea. 



Postontzirik ez dago Posets gainean, harri artean babestu  nuen, iristear zen mendizaleak jaso zezan. Hura iritsi bitartean kantatzeko astia hartu genuen. 


"Pirineotan Aneto eta
Perdidorekin batera,
Posets inguru zoragarriak
baditu mila aukera,
Angel Orustik gora gustura
urratsez urrats aurrera,
nahiz eta izan zilarrezkoak
izena ta altuera,
zure baitango taupada artean
urrezko sentitu gera." 




2014-10-20

POSETS (3375 m)_2014-10-19


Di-da. Hiru aldiz pentsatuta baina, bi aldiz pentsatu beharrik gabe. Di-da. Horrela ikasten da mendia besarkatzen. Asteburu polita zetorrela, udazkeneko asteburu udatiar horietakoa, udako planetan zintzilik utzi genuela, garai ederra izan zitekeela... Luis burugogor, eta aita gogor buruz, Iratik gogor hel-du zion buruari: POSETS: Pirineotako bigarren mendi altuena.

Pausoka egiten omen da bidea. Bi pauso eman genituen urrats bakoitzeko eta bidezidorra marraztu genuen bidean: 

Eriste (Huesca) herriraino autoz hurbildu eta Angel Orus (2100 m) aterperaino joan ginen oinez larunbat arratsaldean. Mendiko aterpe bat da ilusioaetadenboraetaurduritasunaetaamarentortilaetabertakoekinharremanaegiteaetakartetajolasteaetagoizoheratzeaetazurrungakgaueanetaesnapasatakominutuaketaesnapasatakoorduaketagoizeangosariaetagoizeangorabegiratzea.

Angel Orus aterpea_ 2014-10-18

Inguru-bailara zoragarrian dago Angel Orus aterpea.

Angel Orus aterpea_2014-10-18

Goizean goizeko argazkirik ez dut. Beltz esnatu zitzaigun goiza, ilun, eder goizeko zazpietan. Ilargi mehar bat argi lagun bakar. Kopetean argia itsatsita egin genuen bidea berrogei bat minutuz eta laster argitu zitzaigun eguna eta begirada. Irati! Han goitik ez baina, han goran! Itsasoa ez baina, zerua ikusten da! 


Canal Fonda_2014-10-19

Canal Fonda pasa, Llardana hortzari haginka egin eta azken metrotan gogotsu-arretaz heldu genion elur-harrizko bidexkari. 

Azken metrotan_2014-10-19


Burugogorra, gogorra duena burua eta gogoz eta gogor hel-tzen diona bere -buruari.
3375 metrotan arnasa aho bete egiten zaizu, begirada infinituan katetzen zaizu eta batez ere bihotzak esaten dizu: "nik ere nahi dut hor kanpoan..."

Posets (3375 m)_2014-10-19
Han Perdido, han Aneto, han Vignemale...

Posets (3375)_2014-10-19



2014-10-13

Bi hilabeteren ostean...

Luis Ribadesellan_2014-8-13



- Aupa, Luis! Ze berri hor goien?

- Zaharrak zahar, Irati. Bi hilabeteko denbora tartea eguzkitan egosia.

- Akordatzen al zea?

- Nola ahaztu!

- Momentu politte izan zan...

- Bistan da!

- Aizu, Luis...

- Uiiii, horrela hasten garenean... aizuka eta aizuka...

- Aizu, Luis... ta euzkie Getariko arratoian antza dauken mendin atzekalden izkutatzen danen benetan izkutau itten da? desagertu itten da, eroi itten da, uretan itto iten da, eaman itten due...?

- Zuk zer uste duzu?

- Luis...

- Bai, badakit "galdera bati ez erantzun beste galdera batekin"... Ba, ez dakit, hurrengoan argazkia handik atera beharko dugu... Aizu, Irati...

- Eiiiii, horrek ez do balio!

- Zer berri hor beheran!

- Berriak berri. Bi hilabeteko denbora tartea itsasok bildue.

- Izugarri gozatu genuen!

- Bistan da!

- Aizu, Irati...

- Bota!

- Nik ikusi nuena eta zuk ikusi zenuena berdina izan zen?

- Ze ikusi zendun zuk?

- Irati...

- Bai, bakit "galdera bati ez erantzun beste galdera batekin"... Ba, ez dakit, hurrengon argazkie nik hor ta zuk hemen atea beharko deu...

- Horrek ez du balio!

- Hurrengon alderantziz ingo deu! Bizi ta gero galderak in ordez...

- Galderak egin eta gero bizi!




Irati Ribadesellan_2014-8-13

2014-09-30

ITAKA_Fatima eta Sukaina_2014-9-20

Suka eta Fatima Segura Irratian_2014-9-20




Marokoarrak dira Fatima eta Sukaina. Hamasei urte dituzte eta Lazkaon bizi dira. Andoainen ari dira Batxilergoa egiten.  Eta ametsak dituzte, etorkizuneko ametsak. Sukak bikain egiten du euskaraz eta Fatima ere ari da ikasten, udako bi hilabeteak Maizpide euskaltegian pasa ditu. Eta ametsak dituzte, asko, etorkizuneko ametsak. Fatimak kazetaria izan nahi du eta Sukak nazioarteko gaietan egin nahi du lan. Primeran ezagutzen dute elkar, elkar ezagutu zutenetik urtebete eskas igaro den arren. Konplizitate estua nabari da bien artean. Elkar ulertzen dute eta elkarren ametsei bultza eta txalo egiten diete. Euren buruez aritu ziren irratian hizketan, gozo-goxo. Ametsak dituzte, asko, etorkizuneko ametsak. Eta erroak dituzte, asko, iraganekoak. Baina, oso presente dute: oraina idatzi nahi dute jasoz eta batez ere emanez. 

Mari Karmen Odriozolarekin ere aritu ginen Ordiziako Yoga Klasikoko taldeaz. 25 urte betezen ditu taldeak aurten eta zenbait jarduera-ekitaldi antolatu dituzte egunotarako. Aste honetan zehar zabalik izango ditu ateak Ordiziako taldeak bai gozez eta baita arratsaldez ere egiten eta ikusten dutena ezagutzera inguratu nahi duen ororentzat. Goizez 10etatik 11:30era edo arratsaldez 18:30etik 20:00etara. Saio guztiak Ordiziako Barrena Jauregian. Egin hozka zeure jakin-minari!


2014-09-25

Pruden, GURE PRUDEN

Amona eta biok larunbatean.

- Gaztetxotan ilea ipurdiraino luzatuta eramaten zuelako.
- Trentza kendu gabe erabiltzen zuelako.
- Neskame lanetara joan zenean moztu ziolako amak ilea.
- Behi-ardiei buztana mozteko erabiltzen zuten guraizeekin (haundihaundihaundihaundihaundihaundihaundiekin, hau da, guraize erraldoiekin) moztu ziotelako ilea.
- Goizaldeko ordu-txikietan astoa lagun hartuta esne partitzera joaten zelako artean ume zela.  
- Maistrak ikasle osososososososososo ona zela esaten ziolako.
- Umetan handitan maistra izan nahi zuelako.
- Amak esan ziolako: Pruden... eta zure anai-arreba txikiak...?
- Eta orain, handitan, hasperen artean, handitan maistra izateko gogoz jarraizen duelako.
- Familian maistra-maisu irakasle asko bildu dituelako atzetik. 
- Mutil gazte-gizonezko asko maitemindu zituelako eta...
- ... azkenean aitona Patxirekin (muxu handi bat aittona) ezkondu zelako.
- 93 urte betetzera doalako.
- Seme-alabak izugarri maite dituelako.
- Bilobak izugarri maite gaituelako.
- Birbilobak izugarri maite dituelako.
- Galdetu ahala horiek guztiak kontatzen dizkidalako.
- Larunbatero besarkada estuestuestuestuestuestuestuestuestuak ematen uzten didalako. 
- Argazki polit honetako koprotagonista bihurtu garelako.
- Horregatik guztiagatik izugari maite dut amona. 




2014-09-23

ITAKA_Mutur Beltz eguna_2014-9-13


150 urte dira trena Beasain eta inguruetara iritsi zela. Kultur eragileak elkartu eta lanean aritu dira azken hilabeteotan. Iraileko azken asteburuan festa giroa nagusituko da Beasainen. Zu ere gonbidatuta zaude! Anima zaitez eta egiozu bisita Beasaini eta bide batez XIX.mende amaierari! 


Irailaren 13an  Mutur Beltz egunaz hitz egiteko elkartu ginen Segura Irratian. Maider Agirre (Kultura eta Euskara teknikaria), Garbiñe Zurutuza (Kultura eta Euskara zinegotzia), Jabier Elorza (Lemniskatako kidea) eta Joxe Goikoetxea (herritarra) bildu ziren mahaiaren bueltan; Xabier Garmendia (Txilibutxof-eko kidea) ere telefonoz aritu zen.  Hauxe kontatu zigutena:







Egitaraua:
  • Irailak 18, osteguna:
    • 11:00etan: Igartzako Jauregian, Mutur Beltz pintxoen aurkezpena, herriko ostalarien eskutik. Pintxoei laguntzeko Sagardo dastaketa izango da.

  • Irailak 26, ostirala:
    • 17:30ean: Geltokitik Igartzara, Musika Eskolako trikitilarien kalejira.
    • 18:00etan: Igartzako Jauregian, kantu emankizuna Kantu-jira taldearekin.
    • 18:15ean: Igartzako Jauregian, ekitaldien aurkezpena eta erakusketaren inaugurazioa (urriaren 5a arte ikusgai).
    • 19:00etan: Igartzako Jauregian, hitzaldia Juanjo Olaizolaren eskutik (Azpeitiako Trenaren Museoko zuzendaria) eta luntza.
    • 22:30ean: Gernika pasealekuko frontoian, Trikitixa Jaialdia Musika Eskolako Trikitilarien eskutik.

  • Irailak 27, larunbata:
    • 17:00etan: Loinazko San Martin plazatik irtenda, Musika Eskolako trikitilariek eta Erraldoiek herriko haurrak lagunduko dituzte erromeri txikian. Saioari amaiera emateko ikasitako trenaren bertsoak.
    • 17:30ean: Barrendain plazan, urteurreneko pregoia.
    • 17:45ean: Barrendain plazan, bertso desafioa, balkoitik balkoira.
    • 18:30ean: Barrendain plazan, herri-proba.
    • 20:30ean: Barrendain plazatik irtenda, erromeri handia.
    • 21:00etan: Plazazpian, afaria.

    • Gernika Pasealekuko girotzea:
                   -19:00-20:00 haur jolasak aparkalekuan Txilibutxof taldearekin                                      - Kontakizuna Irati Goikoetxearekin.                                                                                  - 19:00-20:00. Bolatokia aparkaleku ondoan jolastu  nahi duenarentzat.                          - Artisauak                                                                                                                          - Sagardo eta muztio banaketa  doan.                                                                                - Kale animazio antzeztua: Aldabe, Asmube, Hijos de Martin y Loinaz                              - Argizpi elkartearen argazkiak.                                                                                          

  • Irailak 28, igandea:
    • 11:00etan: Bidaia gidatua. Ibilbidea: Beasain-Ormaiztegi-Altsasu-Ormaiztegi-Beasain.

2014-09-17

Itaka_KOLDO ZUBELDIA2014-9-6



Koldo Zubeldia Segura Irratian

Hamabost: bi esku eta oin bat, hilabete erdi bat, ordu laurden bat, bederatzi orduko loaldia egiten duenarentzat egun bete bat, nerabezaroa. Hamabost: aspertzeko astirik gabe jardunean aritzeko denbora tartea. Hamabost: urte, hilabete, aste, egun, ordu eta minutuak denbora unitate berean biltzen dituena. Hamabost: segundu-hutsarterik gabeko isilaldi kalakaria. Hamabost: Koldo bezalako lagunei hamabostekoa (ama bostekoa) emateko aukera.






 Hamabosgarrenean ere gustura heldu zion erronkari; gustura heldu genion erronkari. Orain dela hogeita hamairu urteko poesiaz aritu ginen besteak beste hizketan. Nire ezerezaren eta bere betetasunaren arteko distantziaz. 

Ongi pasa genuen; batez ere ongi pasa genuen. Beste behin. 

2014-09-16

Bidean STOP


To barrikada bat:


Aizkorritik Urbiara bidean_2014-9-17


To bigarren barrikada:


Larraitztik Aralarrera bidean_2014-9-6



Animo Irati, pasa hadi nahiahal badun! Asmazan! Ez dun matematika problema makala parean tokatu zainana. 


2014-09-09

JOLASEAN...


Ganbora bidean



... ZUK ERE JOLASTU NAHI?


Larunbatean mendian izan ginen aita eta biok (larunbat goizak irratiari lotzen dizkiogu, baina, larunbateko lanak ostiralean egin genituenez...). Asmoa Alotzatik Ganbo Txiki eta Ganbora joatekoa zen... Asmoak, ordea, erdi asmo. Asmoei tiraka ibiltzea gustatzen zaigu, tira eta tira luzatzea, mendian batez ere. Beraz, Alotzatik Ganbo Txikira joan ginen, handik Ganbora luzatu genuen bidea, Ganbon jolasean aritu ginen eta Txindokiko puntan bukatu genuen Aralar barnebihotzzoragarriko ibilaldia.



Ganbon

Hauxe jolasa, Ganbon bertan postontzian sartzeko bertsoa idazten ari nintzela bururatu zitzaidana. Bertso egina (erdi-egina) dago. Bukaera falta zaio! Bukaera asmatuz gero liburu bat opari zuretzako! (bai, zuretzako ere bai, nahiz eta Ganbotik bueltan ez ibili. Bertso-lana Ganboko puntatik eginez gero, oparia zuretzako eta bertso-lana hortik, oraintxe zauden tokitik, ordenagailuaren aurretik, ipurdia pega-pega eginda daukazun txokotik eginez gero, oparia zuretzatko). Hor, bertso-erdi bertso-bertso hankamotza, bukaera falta duena: 


Etorri gera mendi
filma grabatzera,
barne sentimenduak
Ganbon haizatzera,
Hollywood-eko izar
handien antzera,
Alotzako alfonbra
berdean aurrera,
.............................
.............................


Txindokin


2014-09-02

UDAN GOZATUTAKOAK_mendia


PIC BLANC (2884 m)_ 2014-7-16

Pic Blanc gainean Joxe eta biok



Buf eta baf! Laku izoztu, harkaitz urtu eta sabai (bai, gain horietan zerua sabai bihurtzen da) airezkoan soka-saltoan ibiltzea bezalakorik ez dago! 




Uztaila izozten denean uda hilezkor bihurtzen da. 


Luis eta biok. Norena da hatz punta? Ekaitz, zurea?

MONTARDO (2833 m)_2014-7-17



Montardon

Han goitik itsasoa ez, han goitik itsasoak ikusten dira. 


ia-ia BESIBERRI (3014 m)_2014-7-18



Besiberrira bidean. Oraindik ia-iarik gabe.

Bai. Ia-ia. Bai ia + ia-ia + ia = berriro itzultzeko gogoa. 100 m. Salto txiki bat. Esku luzatze bat. Zertarako? Zer da ukitu nahi dena? Sentitu nahi dena? Ikusi nahi dena? Ez dakit honek guztiak zentzurik baduen, baina, gustatu egiten zaigu... 100 m. Salto txiki bat. Esku luzatze bat. Hori guztia bagenuen. Kranpoiak falta. 


MONCORBISSON (2173 m)_2014-7-19



Zo-ra-ga-rri-a. Harkaitz arteko berdeak zerbait oso berezia du. Belar arteko harkaitzak duen bezalaxe. Artelan baten ukitu nahitaezkoa. Berdea ordea, are berdeagoa Anetoko glaziarraren islapean. 


Moncorbisson gainean


MONTGARRI_2014-7-20


Garizko mendietan behinola sortutako istorioek diote... Lau hilabeteko tartean zuria berde bihurtzen zela. Berdepeko zuriak mingaina ateratzen ziola berdeak potsikoan izaten zuen zuloari. Zuloan zintzilik pausoek euren buruaz beste egiten zutela... Garizko mendietan dena zen mendi eta ezer ez da gari; dena zen gari eta dena da mendi garizko mendietan. 

Montgarrin martxoaren 7an
Montgarrin uztailaren 20an
















PERDIDO (3355 m)_2014-8-3

... eta galdu gabe ibili ginen



Gorizera bidean_2014-8-2
Sorpresa! Laino artetik, euripe-kazkabarpetik, urtetan (urtetan, urtetan, urtetan) ikusi gabeko laguna azaltzen denean... ezustekoa gozoa (gozoa, gozoa, gozoa) izaten da. 

Perdido gainean utzitako bertsoa. Txokolate zaporedun bertsoa.


Joxe, Irati eta Luis_2014-8-3


Torla, Pradera, Cola Caballo,
ttipi-ttapa, lasai, bare,
Gorizen gora ibili gara
hegazti onenen pare,
pausorik pauso Perdidon barna
dena izan dugu alde,
geure burua aurkitu dugu
bilatu beharrik gabe,
eta sentitu dugunarekin
oso-oso pozik gaude. 


Beherakoan_kontuz-kontuz

Mundiala. Mundiala mendi buelta. Mundiala sentsazioa. Eta mundiala hotza (nabari da aurpegietan, ezta?). Gauean bertan egindako elur laprast artean ukitu genuen gaina. Esperientzia zoragarria.



Beherakoan Ordesan.

URKULU-HARPEA (1423 m)_2014-8-5

Urkuluko dorrearen gainean. 

Mendiarena izaten baita
harra piztu ta hastea, 
Montardo eta Monte Perdido,
Besiberriko atea, 
Urkulu gainan estutu dugu
udako mendi katea, 
Orbaitzetatik Azpegira ta 
orain zain dugu Harpea, 
txoko hauetan bihurtu ohi da 
natura bera artea. 

Tok-tok! Nor dago zuloaz bestaldean? Iluntasun erabatekoa soineko zuriz jantzia?




AIZKORRI-ANDRAITZ (1523)_2014-8-17


Aizkorrin_2014-8-17


Ez gara aspertzen. Aizkorrira joateaz ez gara aspertzen. Aldiro erronka txikiak jartzen dizkiogu geure buruari. Oraingoan Andraitz genuen jomuga. Genuen...

Joxe, Irati eta Ekaitz_2014-8-17


Udaberrian eguzkilore,
neguan balkoi elurtsu,
udazkenean haitz distiratsu,
udan talaia amultsu,
Santispiritun gora zugana
goxo ekarri gaituzu,
paregabeko edertasunak
ezaugarritzen zaitu zu,
bihotza pozez elikatzeko,
izateko zoriontsu,
guk gutxi behar dugu baina zuk
asko ematen diguzu.

Bertsoa uzten_2014-8-17
Andraitz bai, andre haitza genuen jomuga... genuen... Ez dakit andrearen edo haitzaren bila aritu ginen... aritu... topatutakoa aurkitu gabe hausnarketarako gai hartu genituen andrea eta haitza. 

Hor nonbait_2014-8-17

RECILLA (1381 m) -CERVERA (1384 m)_2014-8-24


irri BARREAN nabari da bihurrikeria. Geldi egoten ez dakienaren kausazko kasualitatea. Bertso bildumaren koadernotxoan begira hasi eta... 2012ko abuztuaren 24an toki berean egon ginela konturatu ginen. Bi urte tartean egun beraren bueltan. Berdinak, ordea, ez ziren ez mendia eta ezta gu ere. Izan ere segundo huts baten ezberdintasunaz harago zer da bat bera eta berdina? 

Ekaitz eta biok_2014-8-24


Egunsentiko lehen printzekin 
zazpi t´erdiak aldera,
oroitzapenak hegan ekarri
gaitu Pipaon parera, 
pago itzalen azpian egin
dugu bidean aurrera,
ze ikuspegi ederrak dauden
batera eta bestera,
pauso berean lotu ditugu
Recilla eta Cervera,
bidea ikasi genuenetik 
urtero etortzen gera.

To

MUNAZORROTZ (1012m) eta SORATXIPI (1069 m)


Labaiengo apaiz gazteak semetxo bat badu...


Soratxipin.

Eta plisti... eta plasta... ametsak beratzen


Leurtzako urtegia

ITZAGA (1360 m)_2014-8-26


Eguzkia agur-agurka


Egunsentia ederra dela baina, iluntzeak ere badu bere xarma. 

Sastraka artean hanka-gorputz-mutur hotsa entzun genuen... gaua gertu genuen seinale. Natura hala esnatzen da: gu lokartzen garenean.  




Itzagan