2016-12-28

Bi hilabete

Elederren bi hilabeteko eskutxoa_2016-12-28 

BI. BARRE TXIKIEN HILABETEA. 

Su artifizialak lehertzen zaizkizu mingainean gora eta oooooooooooooooooooooooo PUM! bihotzak salto egiten digu zure beso artera. Bi hilabetean ezpainak jostailu bihurtu zaizkizu, kolore festa bat da zure ahoa eta gure pozak zure eztarriraino egiten du salto. Begiak itxita egiten zenituen irribarreak barre txiki dira orain; mundua erraldoitu egin da bat-batean. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Bi hilabete eder
gure kabietan
eguzki beteko nahiz
egun bustietan
so nagokizu ahal 
dudan guztietan,
bizitza biltzen zure 
bekain azpietan;
distira berezia
duzu begietan
ta irrifar handia 
ezpain txikietan. 


Elkarri egin diogun mendi oparia:

Luis, Eleder eta Irati Olaberrira bidean_2016-12-28. Argazkilari aitona Joxe. 


2016-12-27

ZORIONAK, AMATXO!

Buñuelen_2016-12-24

Urte askotarako, amatxo! Ondo pasatu dugu eguna, e! Hogeita hamabi urte! Zenbat da hogeita hamabi, ama? Zenbat eguzki dira hogeita hamabi urte? Nik hogeita hamabi ditudanean, zuk zenbat izango dituzu? Asko maite zaitut, ama! Erakutsiko dizkidazu zure umetako argazkiak? Jaio zinenean ere handia al zinen? Zergatik ez zara txikia egin eta nire ondoan etzaten? Gaur goizean esan didazu ni naizela zure oparirik ederrena. Zer dira opariak, ama? Izan zaitezke zu nire oparirik ederrena? Emango didazu muxu bat? Ohera joango gara? Bihar ere kantatu ahal dizut zorionak zuri? Bihar ere zure urtebetetze eguna da? Zorionak, amatxo! Asko maite zaitut; asko baino gehiago. Eleder. 

2016-12-13

Eleder eta Amona Prudentxi

Eleder eta Amona Pruden_2016-11-26
Laurogeita hamalau urte eta erdiko tartea. Historia arrasto neurgaitz baten distantzia infinitesimala dirudi denboraren inozentziak. Eskua eman diote elkarri. Itsaslabarretan arriskua tentatzeko gogoa dute biek ala biek. Eskua eman diote elkarri eta gero etorri da begien zuria. Salto egin dute nire uretaraino eta ni berandu konturatu naiz flotagailuen zuloaz. Lehenengo ito egin gara hirurok eta gero arnasa hartu dugu. Zoragarria izan da. 


- Amona, amona, zenbat zimur dituzun!
- Zure keinu txiki bakoitza gordetzeko zulotxoak dira.

- Eta nork zulatu dizkizu?
- Bazentozela jain nuenean nik neure buruari.
- Nola jakin zenuen banentorrela?
- Kontu batzuk berez jakiten dira.
- Nola berez?
- Begiak itxi eta entzuten jarrita.
- Nik begiak ixten ditudanean ez dut ezer ikusten. Bueno, batzuetan kilimak.
- Nola kilimak? 
- Begiak ixten ditudanean batzuetan koskillak ikusten ditut.
- Horregatik egiten dituzu barre txikiak begiak itxita dituzunean. 
- Barre txikiak egiten ditut?
- Zentimetro eskasekoak. 
- Amona, zenbat da zentimetro eskasa?
- Gutxi eta asko. Biak batera. 
- Hori posible da?
- Begiratu zeure buruari. Berrogeita hemeretzi zentimetro eskas eta erraldoia nire bihotzean.
- Amona, dena da eskasa? Noiz uzten dio zerbaitek eskasa izateari?
- Barre handiak egiten dituenean. 
- Eta hori noiz da?
- Amatxok egiten ditu barre handiak.
- Eskatuko dizkiot? Bi edo hiru barre handi emateko eskatuko diot. 
- Ondo. 
- Ondo? Orain erraldoia banaiz zure bihotzean, barre handiak egiten ditudanean ez naiz kabituko. 
- Horregatik ditut zimurrak.
- Ni gordetzeko zulotxoak dira. 
- Bai. Asko maite zaitut, Eleder. 
- Amona... nik asko baino gehiago zu. 


Eleder, Amona Prudentxi eta Irati_2016-11-26


2016-12-03

Hiru ziento irribarre euskaraz



Idatz nezakeen atzo, bihar bestela. Gaur ez nuen nahi. Baina, tentazioak harrapatu nau berriro; martxoak 8, maiatzak 1, azaroak 25, abenduak 1, abenduak 3...

Inork argazki txiki bat aterako balit, garbi ikusiko luke ez nauela modak bizi. Gaur egun modan dago esatea ez ditugula gogoko hizki larriz egun bakarrera mugatzen diren aldarrikapenak; aldarrikapenak, ospakizunak edo dena delakoak urte osokoa izan behar duela. Ados nago ni ere adierazitakoarekin, baina, konturatzen hasia naiz ados egotera, idaztera eta esatera mugatzen dugula sarri gure iritzia. Eta kezka sortzen dit horrek, eta beldurra, eta tristura eta nazka pixka bat ere bai. Iritzi estatikoak bizi gaituela esatera ausartzen naiz. Urteko egun guztiek izan behar dute euskararenak esaten dugu. Hotz-hotzean hausnartzen hasita, ez dakit oso ondo (eta oso gaizki ere ez) zer esan nahi duen egun bat euskararena izateak. Ezta 365 egunek euskararenak izateak ere. Izatekotan guk izan beharko dugu euskararenak; euskara geure hitzarena egiten dugun neurrian. 

Igandean Wakarrekin hizketan egon nintzen. Pakistandarra da Wakar. Hiru urte eskas daramatza Euskal Herrian. Ahalegin txikiren bat egin duen arren, ez du euskara formalki ikasteko denbora eta aukerarik izan. Bere publikoarekiko jardueran euskaraz dihardu, ordea. Igandean kontatu zidan ilusioz azokan barazkiak euskaraz saltzen dituela. Bezeroekiko duen konplizitatea euskarazkoa dela. Ehunka ez, zientoka saltzen dituela porru landareak. Ilusioz kontatu zidan. Eta zoriontsu eman nion bostekoa. Euskaraz, noski. 

Hiru ziento irribarre oparitu nion. Ez da hain zaila. Ez da hain zaila bakoitzak beretik ematea. Ematea... iritzia baino zertxobait gehiago. Eta sinplea da oso gainera, egiten duzun horrekin gozatzea eta gozatzen duzula transmititzea. Akaso hor dago koxka (baina, auskalo!) ilusio, irrika, gertutasun eta gozamenean. 


2016-11-30

Elederrek amari

Eleder, osaba eta ama_aita argazkia ateratzen_2016-11-26

Bejondeizula Itxaro; zorionak, Ttiklik eta Irrien Lagunei egiten duzuen lanagatik. Eskerrik asko barne korapilo-emozio-sentimenduak askatu eta aurrez aurre dugun pertsona horri esatera animatzeagatik. 

Eta eskerrik asko hiri, ttiki, barruan idatzitakoak kanpoan egunero irakurtzeagatik! Eskerrik asko ni hire liburu bihurtzeagatik!




Gutuna irakurgai:

http://www.ttiklik.com/eu/blog/2016/11/27/iv-gurasoei-gutuna-idazlan-lehiaketa-helduen-kategorian-irabazlea/

http://goierri.hitza.eus/2016/11/26/irati-goikoetxeak-irabazi-du-ttikliken-gurasoen-gutuna-idazlan-labur-lehiaketa/

http://www.gitb.eus/azken-berriak/9063-irati-goikoetxeak-irabazi-du-iv-gurasoei-gutuna-idazlan-lehiaketa

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2016/11/30/vecinos/goierri/ttiklik-idazlan-lehiaketa

2016-11-28

Hilabete bat

Elederren hatz ttikia

BAT. BEGIEN HILABETEA.

Itsasoa uholdeka zabaldu zaizu begietan. Erreka hari zinen orain gutxi eta egunen joanean igerian harrapatu gaituzu zugan. Orain, jakin-mina bustitzen ikasten ari zaren honetan, itota gabiltza gu. Zure begi irekiei begira hilezkortzen zaigu arnasa. Denbora eternoa da zure begien jolasean. 


Zorionak, pottolo! Osabak bertso bikaina oparitu dizu:


Malkoz zabaldu genizunetik
bizitzarako atea,
dena izan da puzkarrak bota,
amets egin ta jatea
zure loari poza dario,
arnas-hotsari bakea...
Eleder maite hilgoran egin
duzu lehen hilabetea,
ilargiaren semea zara
borobila ta betea. 


2016-11-25

ISPILUA ZURETZAT


Batzuetan begiak itxita jartzen naiz ispiluaren aurrean.
Batzuetan ipuinak asmatzen dizkiot nire pentsamenduari.
Batzuetan nitaz erotzen naiz.
Eta orduan akabo,
hiru zentimetro gutxiago neurtzera iristen da nire itzala
eta nire izaera nanotu egiten da.

Ispiluaren aurrean jartzen naizenetan
begiak itxiko ez banitu,
desagertu egin naizela ikusiko nuke.
Eta orduan akabo.

Nire begiek ez dute ubeldura arrastorik,
nire hortz-arteak ez du odol arrastorik,
nire saihetsak osorik daude,
hankak ibilian dabiltza,
baina nire beldurra dardarka bizi da
iraintzen nauzun aldiro,
gutxietsi eta mehatxatzen nauzun aldiro.

Ispilu bat oparituko nizuke gustura
ikusten ez diren irain eta mehatxuen
oihartzun bihur dakizun.

Ispilu bat oparituko dizut.
Nire egin zenuen ispilua zuretzat.

Nik ez baitut desagerrarazten nauen ispilurik nahi. 

2016-11-09

Zer sentitzen da?

Eleder sei egunekin
Eta zer sentitzen da? Sentitzen da zirrara, edo zoriona edo negarraren aurpegirik ederrena bular artean estutzeko gogoa edo barre algaren leherketarik baketsuena, edo haize epela bihotzaren ur jauzietan edo sabela igerian-igerian, edo lautada infinitu bat korrika-korrika begien zurian. 

Gorputza garrasi entzungorren artean erdi bi egin eta burua laugarren dimentsioan nora gabetzean, ugaztun jaio gintuztela sinestean, haurrak jaio eta ordu erdia baino lehen mama gozoa zupatzean, elkarren larruak bi orduko besarkada luzean urtzean, nire bularrak zure egitean, keinu txiki bakoitza taupada saltariei oparitzean, denbora desagertu egin dela konturatzean...

... sentitzen da zirrara, eta zoriona eta negarraren aurpegirik ederrena bular artean estutzeko gogoa eta barre algaren leherketarik baketsuena, eta haize epela bihotzaren ur jauzietan eta sabela igerian-igerian, eta lautada infinitu bat korrika-korrika begien zurian. 

Sentitzen da horrek guztiak nahas-mahasean sortzen duen, sortzen duen, sortzen duen zera hori. Zera hori sentitu dugu Eleder sortu, munduratu eta segundo bakoitza magiko bihurtzen digunetik.

Bizitza arnas hartze bat zela sinetsita nengoen. 
Birikak zutaz erditu zaizkidanetik
bizitza arnas hustutze bat dela konturatu naiz. 


Eskerrik asko Ekaitz larunbateko irratsaioa Elederri eta erditze uneari eskaintzeagatik. Oso gustura aritu nintzen zurekin hizketan, osaba!





2016-10-24

Itaka_Estitxu Fernandez Maritxalar_2016-10-22


Estitxu liburuaren aurkezpenean_ 2013ko udazkena
Zerura begira etzan, hankak zabaldu eta egin bultza. Seme-alabak munduratzea izaten zen umetako jolasetako bat. Umeak eta umeak erditzen genituen, eta txupeteak jartzen genizkien eta biberoiak ematen. Paristik zikoinek dendetara eta dendetatik gure etxera ekartzen zituzten. Guk zerura begira etzan, hankak zabaldu eta bultza egiten genuela imajinatzen genuen. Eta gero orduak eta orduak pasatzen genituen kalean gora eta kalean gorago kotxe kapotari bultza eta bultza. Ume-panpina hor eta gu hemen. Ez larrur, ez bular eta ez ukipen. Denbora-pasa bat gehiago izaten zen. 

Nerabezaroan ahaztu egin ginen ama izatearen kontzientziaz eta atzetik etorri ziren presak eta presioak. Orain zerura begira etzanarazi, hankak zabalarazi eta bultza eginarazten digutenean, begiak irekitzen saiatzen gara. Barrua ikusteko kanpora ireki behar baitira begiak. 




Nor garen eta zer nahi dugun. Ezagutu, ulertu, onartu eta aktibatu. 2013an ikusi zuen argia "Gure erditzearen jabe" (Erein) liburuak, orduan saiatu ginen Estitxu Fernandez Maritxalar liburuaren idazlearekin solasean aritzen, baina, momentuko egoerak ezinezko egin zuen enkontru hura. Larunbatean, hiru urteren ondoren, aukera sortu zen eta aukera sortu genuen; liburua berriro besapean izan dudan honetan. 

Ezkaratzetik Irati Ricón izan genuen, beste behin kontakizun eder batekin. 

Eta saioari amaiera... sekulako sorpresarekin eman genion! Sei alemaniar Segura Irratiko estudioetan kantu-jolasean. Egunotan Zerainen diren Flying Barbers taldeaz zuzen-zuzenean gozatzeko aukera izan genuen. 


René Bartels taldekidea euskara ikasten ari da eta bera izan genuen komunikazio zubi. Euskaraz ere abesten du talde jator honek. Eskerrik asko, kuadrila eta laster arte!


Larunbateko irratsaioaren ondoren


2016-10-21

Azken hilabeteetako hiru milakoak



Halaxe harrapatu nau haurdunaldiak, mendiz mendi eta bertso kantari. Zer ederragorik barrukoari kanpokoen gozamenak transmititzea baino! Mila metro inguruko mendietan hiru milakoetan bezain gozo ibili gara Eleder eta biok aitarekin, osabarekin eta aitonarekin; poliki, pausoa ongi ziurtatuz. Azken txanparako prest gaude; azken egunotan Himalaian gora egin beharko dugu, zortzi milakoetan gora. Beldurrik ez dugu, jakingo dugu nekearen gozamena geure egiten. Asmatuko dugu, txiki!

MURUMENDI_2016-7-17

Irati eta Eleder (bost hilabete eta erdi)

Mandubiatik San Gregorion
barna paustotik pausora,
baso barneko itzal artean
hilezkortzen da denbora, 
Mari Jainkosa guri begira
irribarrez egongo da,
sabel barruko zurrunbiloak
eskutxoak behera-gora,
akelarrea ospatu dugu
zure dantzen abarora. 



AGAUTZ_2016-8-22 

Irati eta Eleder (sei hilabete eta hiru aste) Agautzen

Lareon barna Agautzeraino
Lizarraustitik irtenda,
eskertu dugu inguruneak
eskaini digun ofrenda,
Mateo Txistu, Kixmi, Basajaun...
Elederrentzat zerrenda,
pagadi eder itzaltsuetan
bidez bide, xendaz xenda,
isilunetan iraganaren 
oihartzuna entzuten da. 



TXURROKO PUNTA_2016-9-24

Irati eta Eleder (ia zortzi hilabete) Txurroko puntan

Baso barruko zuhaitz bidea
eteten ez den haria,
zelai berdean behorrak dantzan,
zuri begira ardia,
Txurron biltzen da panoramika
ederrenaren habia,
aittona eta amaren partez
Elederrentzat saria,
zu zarelako gure zorion
betearen oparia.  


TRINITATE-ERGA_2016-10-4

Irati eta Eleder (8 hilabete eta aste bat) Erga gainean

Trinitate ta Erga gailurra
ilusioa tarteko,
pauso txikiak emanez zure
ostikada bakoitzeko, 
hogeita hiru egunen faltan
Eleder ezagutzeko,
ta halakorik ospatzeko zer
mendia baino hobeto,
natura baita altxor gunea
elkar maitatzen hasteko. 


2016-10-18

Itaka_Ruper Ordorika_2016-10-16

Ruper eta Irati (eta Eleder-bost hilabete eta erdi) Arantzazuko Gandiaga Aretoan

Uztailaren 10ean, Arantzazun izan ginen Luis, Ekaitz, Joxe, Eleder eta bostok Ruper Ordorikak Gandiaga Aretoan eskainitako kontzertu bikainean; aurrez Aloña-Urbiatik buelta ederra eman genuen Joxe, Eleder eta hirurok. Eleder gustura (eta fin) aritu zen sabelean dantzan, Luis eta biok emozionatu egin ginen Martin Larralderekin zerua itsaso zikin bat dela konturatu ginenean, Ekaitzek eta Joxek zerutik gertu ez dela ondo egoten eta infernura bidean paradisua aurkitu zuten. Kontzertuaren ondoren berarekin hitz egin eta hitzordua adostu genuen bion artean: iraila-urrirako solasaldia Itakan. 

Azken diskoa amaitu berritan (primizian kontatu zigun hilabete barru kalean izango den diskoaren izena) harrapatu genuen Ruper larunbat goizean. Asmoa irrati uhinen majia geure-zuenganatzea artista handi baten eskutik. Berrogeita hamar minutuz hartu eta eman, tira eta eutsi, enbidoka aritzeko astirik gabe, elkarri hordagoka. 

Gozamena Ekaitzek, Elederrek eta hirurok irratitik bertatik jaso genuena!

Eskerrik asko, Ruper, konplizitateagatik!




2016-10-10

Itaka_Urt Zubiaurre Otamendi_2016-10-2

Urt Zubiaurre Otamendi Segura Irratian_2016-10-1

Bila nabil; itsu-itsuan nabil identifikatuko zaituen zerbaiten bila. Arrasto bat ezerezaren gainean edo intziri bat isiltasunak itoa. Itsu -itsuan nabil oinatzak jolastoki bihurtuta, baina, ez dut bidea lausotu baino egiten. Denborak ez du tokirik. Espazioak are gutxiago. Eta hori gertatzen da espazioak tokirik ez duenean, izenik gabeko lurrak desagertu egiten direla. Izenik ez duen lur batekoa da iragana estaltzen duen behelainoa. Eta hor alferrik da itsu-itsuan zerbaiten bila aritzea. Aurkitzekotan lurrik gabeko izenak aurkituko baitituzu. 




"Izenik gabeko lurrak" ipuin liburua argitaratu du aurtengo udaberrian Urt Zubiaurre Otamendik Erein argitaletxearekin. Urriaren 2an irratian izan genuen liburua aurkezten. Elkarri eskua eman eta behelainotan ibili ginen eguzkiaren bila. Izenik gabeko lurrak aurkitu genituen. Eta eguzkia ere bai, ia oinez abiatzerako. 

Saioaren azken zatian Gorka Santesteban lagunarekin udan gozagai izan duen Donejakue Bideko zati primitiboaz aritu ginen. Asturias eta Galiziako lurretan kontu ugari bildu ditu Gorkak aurten ere. 


2016-09-28

Itaka_Eleder_2016-9-24

Irati eta Eleder (8 hilabete) Segura Irratian_2016-9-24

Merezi duzulako, matte. Horregatik eskaini genizun larunbateko irratsaioa, kantu eta kontu, oso-osorik zuri. Aitatxo Luisen hitzak biltzen ditu saioak, osaba Ekaitzenak ere bai eta amatxo ere aritu zitzaizun kontu-kontari. Eta gainera aiton-amonez, abuelo-abuelaz, tia Mariaz eta Pruden birramonaz ere gogoratu ginen. Hauxe amatxok irakurritako eskutiza: 

"Kaixo, bihotza:
Ostegunean 35 aste zilbor hesteak elkarrengana lotu gintuenetik. Ostegunean bertan kontatu zigun Isabel emaginak 34.asterako sabelean gozo-gozo dagoen haurrak birikak erabat garatuak izaten dituela. Izugarri pozten nau bizitza bere edertasun betean arnasten ari zarela jakiteak. 
Ia zortzi hilabete pasa dira elkar ezagutzen hasi ginenetik, eta emozio eta sentipen oso politak partekatu ditugu denbora tarte honetan: mendian ibili gara elkarrekin, itsasoan murgildu gara zoro-zoro, ipuinak kontatu dizkiogu elkarri, barre eta negar egin dugu algaraka eta batez ere nigan sentitu zaitut bihotzak salto egin dizun bakoitzean. 
Orain, elkarren begietan murgiltzeko hilabete eskas gelditzen den honetan, zu nire bular artean izateko unearekin egiten dut amets. Eta nire bular artea diot dagoeneko izugarri maite zaituzten guztien habia toki izatea nahiko nukeelako, zuganako maitasuna nigan islatzen ari diren guztien ispilu bihurtzea. 
Elkarren aurpegiak ezagutu aurretik, ordea, badugu zeregin garrantzitsurik. Ez kezkatu, matte, erditze unean, asmatuko baitugu elkarrekin dantza egiten. Asteak daramatzazu zuk salto eta brinko, amatxo ere ari da buru-gorputz-zentzumenak korapilatu eta indarrak zugan biltzen. 
Ez kezkatu, Eleder, oparitu didazun haurdunaldi eder eta gozoaren neurriko ongi etorria egingo baitizut. 
Bitartean, maitia, segi bizitzaren arnasaldi bakoitza gozatzen, zure taupada bakoitzak nire zoriona bildu dezan. 
Muxu izugarri-handi-erraldoi horietakoa zuretzat. Osabak esaten duen bezala: 
asko baino gehiago maite zaituen, 
amatxo. "





Osaba Ekaitz, Eleder eta Irati Segura Irratian_2016-9-24


2016-09-27

BURKINIA BEREZ EZ DA ARAZOA

Udan etxean, lagunartean, Fatimarekin, Khurramekin, Mohamedekin, Wakarrekin izan dugu solasgaietako bat; ertz askorekin aritu gara zirika, ia zorabiatzeraino, baina, gustura ondu dugu azkenean idatzia. 



"Askotan galdetzen diot neure buruari non ezkutatzen ote diren-dituzten-ditugun gutxi gorabehera astebeteko lehertze iraupena izaten duten albisteak. Bat-batean isildu egiten dira-dituzte-ditugu, benetako hausnarketa-ikasbiderik landu gabe. Horrela doakigu. Kaka-parrastada eta kaka-parrastada artean justu-justuko astia hartzen dugu ipurdia garbitzeko; kaka usaina, ordea, hor geratzen da. Horrela doakigu. Azkenean sinetsi ere egin dugu besteen ipurdiei hozka egiteko eskubidea duten eltxoak garela.

Burkiniak sortu du azken eztabaidetako bat, eta gozo-gozo jarri gara denok lezioak ematen. Izugarri gustatzen zaigu hurbildu, ezagutu eta iritziak partekatu beharrean, goitik beherako ikuspegi bertikalaz hatz erakuslea luzatu eta parekoari (azpiko horri) zer egin behar duen esatea. Askatasunaren izenean hitz egiten ikasi dugu gainera orain, gure zilbor-hestea inoiz baino korapilatuago dugun honetan.

Jantzita uretan sartzea ez dela higienikoa entzun eta irakurri diot bati baino gehiagori azken hilabetean. Hondartza eta igerilekuak pixatoki ofizial bihurtu dituen gizarteak halakorik esatea ere! Azala behar da gero!

Besteen onespena lortzearren, askatasun mozorrotuz orduak eta orduak ispiluaren aurrean igarotzen dituen eta bere buruaren eta bizilagunen esamesen esklabo den gizarte kontsumistak (institutura doan gaztetxoa, ligatzera doan gaztea edota lanera doan heldua, izan ar edo eme) zer du irudiaren askatasunaz besteei esateko?

Gaixoak (gaiztoak) gu, buruan kapela jantzita, betaurreko beltzak jarrita, besteen estali beharrak horrenbeste kezkatzen gaituen gu.

          Horratx gizarte heldugabe baten ahuldadea. Hori baino ez dute islatzen halako jarrerek. Harper Lee idazleari irakurri diot orain gutxi besteekiko jazarpen-jarrera aurreiritziak dituzten pertsonen kontua dela. Hobe genuke hozka egin ordez hazka egingo bagenie halako gaiek eskaintzen dituzten ikasbideei. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da hor kokatzen ditugunak hemen eroso sentiaraztea, eta hemen eroso sentitzen garenok geure burua hor kokatzeko ahalegina egitea. Elkarrengana hurbildu ezean, beldur, mamu eta fobia berriak sortuko baitira, gizarte hipokrita honen pitzadura berriak."

Naizen Zuzendariari Eskutitzak atalean argitaratu dute:    http://www.naiz.eus/eu/iritzia/cartas/burkinia-bera-ez-da-arazoa

Euskalerria Irratiko Irrantzi tartean entzungai: http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1474993457649


2016-09-21

Beasaingo Irakurle Taldea

Beasaingo Irakurle taldea uztailaren 27an

Zure txokoan, zure momentuan, zuk aukeratutako dimentsioan, zu zurekin eta zure ahotsekin. Irakurketak badu zerbait munduaz haragoko bakardade isolatu hori berezi bihurtzen duena. Denbora tarte mugatuan espazioa elastiko bihurtzen du.

Bakarkako gozamena talderatzeak plazera saretzeaz gain, bakoitzaren barne labirintoak sendotu egiten ditu. Geure buruaren bilaketan ezinbestekoa da aurrez labirintoak korapilo sendoz estututa izatea.

Hirugarren urtez jarraian martxan da Beasaingo Irakurle Taldea. Hilero-hilero liburu bat irakurri eta hilero-hilero izaten da liburuaz solasean aritzeko aukera. Solasaldiak eztabaida eta ikasbide aberats izaten dira.

Irakurle Talde herritar batek denbora eta espazio mugatuko solasaldi partekatua eskaintzeaz harago, kalea ere jolasgune bihurtzen du, edozein (g)une izan baitaiteke ederra irakurri berri duzun pasarteaz kalean topatutako herritarrarekin hizketan aritzeko.

Euskal Literatura maitatu eta maitarazteko aukera emateaz gain, Beasaingo Irakurle Taldeak irakurketa-tertulia gai soziokulturalpolitikoak lantzeko erabiltzen du askotan. Herriko elkarte ezberdinekin elkarlanean, irakur liburuak ardatz hartuta, gizarte ikuspegi kritikoa lantzen saiatzen da.

Inoiz baino indartsuago dagoen ekimenak urriaren 14an izango du ikasturteko lehen  tertulia saioa. Migel Anjel Mintegiren “Denak du bere prezioa” liburua izango dugu mintzagai. Nahi duen orok eskura du Beasaingo liburutegian. 

Iaz martxan jarritako Gazteen Irakurle Taldeak ere gogotsu helduko dio aurtengo ikasturteari. Lehennego irakurketa liburua eta tertulia partekatu egingo dituzte bi taldeek, belaunaldi ezberdinen arteko harramana estutuz. 

http://www.gitb.eus/azken-berriak/8778-hasi-du-kurtsoa-beasaingo-irakurle-taldeak


2016-09-14

Itaka_Ekaitz Goikoetxea_2016-9-10

Ekaitz Goikoetxea



Ederra da arrebak anaiari galderak egitea. Ederra da amuari helduko diola jakin eta irribarreak arrantzatzea. Ederra da anaia kantuan entzun eta bere arreba izateaz harro sentitzea. Ederra da zinez begietara begiratu eta bihotza ikustea. Ederra da ongi ezagutzen duzun pertsona hori ordu eta erdi gehiagoz ezagutzea. 

Irailaren 10eko Itaka saioan elkarrekin aritu ginen eskatu eta eman. Galdetu eta erantzun. 32.Basarri Bertsopaper lehiaketa irabazi duten bi lanak ongi zukutu genituen eta bi sortak oso-osorik gozo-gozo entzuteko aukera bikaina izan zuen entzuleak. Asko dira irratia entzunez malkotan gozatu zutela esanez hurbildu zaizkigunak. Beste behin, Ekaitz, plazera!


2016-09-12

Itaka_Koldo Zubeldia_2016-9-3


Koldo Zubeldia

21 tanto egin eta 22ra iristen den poeta da Koldo. 21 poemen irakurketa bikaina oparitu zigun Koldok larunbatean Itakazaleoi. Koldok, ordea, ez du bere jarduna poemen irakurketara mugatzen, guztiz biluzten baita mikrofonoaren aurrean barru eta azal, sentitzen eta pentsatzen duena denon eskura jarriz. Eskerrik asko beste behin begiradari eutsi eta begirada berriak oparitzeko egiten duzun ahaleginagatik!

Iñaki Bastarrikaren ahotsa ere bildu zuen larunbateko saioak. Kafkaren "Bizian argitaratuak" ipuin liburuaz jardun zen; "Sugileak" ipuinean zentratu zuen bere jarduna.  Beste liburu bikain bat Iñakik irakurzaleon eskura jarri duena. 

Ezkaratzetik Joxe Begiristain aritu zen. Irailean zehar agur hitzak eskainiko dituzte ikasturte osoan zehar hilero-hilero txandaka-txandaka hausnarketan aritu diren lau lagunek. Mila esker, Joxe, egindako ekarpen guztiengatik!




2016-08-29

URTE ASKOTARAKO, EKAITZ!

Ekaitz Viellan_2016-8-5
Isiltasuna oihartzun bihurtzen irakatsi diguzulako,
hausnarketarako gaitasuna zirikatzen diguzulako,
umiltasunaren ispilu bizia zarelako,
bihotza oparitzen diguzulako,
eguna sortzen laguntzen diguzulako,

eskerrik asko, Ekaitz! 
Zorionak eta urte askotarako atzoko partez! Egun bikaina pasa genuen elkarrekin...

Eduki daitekeen anaiarik onena izateak hori du ederra, jaiotzear den txikiak eduki daitekeen osabarik onena izango duela jakitea. 


2016-08-26

SABEL BETEKO OPARIA

Iratiren sabela, barruko txikia (7 hilabete) eta kanpoko jantziak
Sabel beteko opariak bihotz beteko esker ona merezi du. Ekainaren 18an irratian izan zen Anita Larrea, 89 urteko emakume argi, alai eta indartsua. Ordubete luzez aritu ginen mikrofonoaren aurrean solasean eta nahikoa izan zen ordubete hura elkarren arteko loturari korapiloa egiteko. Asteartean bere bi seme bikiak etxean izan ziren Iratiz galdezka. Goikoetxeatarrak non bizi ziren galdezka Beasaingo Udaletxea, azoka eta kaleak pasa eta ezuste ederra emateko irrikak gure etxera bidean jarri zituen. Opari polit bat egiteko desioz ongi harilkatu ditu Anitak inguruak. Semeetako baten amaginarreba artistari (artelan ederra izango du semeak soinean) ilusio osoz eskatu zion, mesedez, jaiotzear den Irati eta Luisen semeari egiteko jertse-oinetako polit batzuk; zerbait badaki jaiotzaren magiaz hamasei anai-arreba eta lau seme izan dituen emakumeak. Emaitza hortxe: sabelaren gainean. 

Eskerrik asko bihotz-bihotzez  Anita zuri eta inguruan duzun kuadrilari. Sabel beteko opariak bihotz beteko esker ona merezi du. 

Ekainaren 18an irratian ateratako argazkia: Iñaki, Anita, Irati eta Ekaitz



2016-08-25

ITAKA_Khurram_2016-8-20

Ekaitz, Khurram eta Irati Segura Irratian_2016-8-20

Gerturatzeak ezagutza dakar, ezagutzeak hurbileko (oinarrizko ezinbestekoaz haragokoa) errespetua, hurbileko errespetuak harremana, harremanak adiskidetasuna eta adiskidetasun landuak elkar maitatzea. Elkar maitatzeak solasaldiak dakartza, taburik gabeak, gizarteaz, politikaz, lurraldetasunaz, ohiturez, maitasunaz, sexuaz, erlijioaz... Elkar maitatzeak mendi irteerak dakartza, itsasoan bustialdiak, irribarreak eta barreak, kezka partekatuak. Mugarik gabeko elkar maitatzeak jakintza dakar, giza aberastasuna. Askotan elkarrekin partekatutako solasaldiak irratian izan genituen pasa den larunbatean. 

Pakistandarra da Khurram, Pakistan, India eta Txina artean banatua dagoen Cachemira lurraldekoa. Sei urte daramatza etxetik kanpora egunean-egunean etorkizuna landuz.  Mutil aktiboa da, irekia, langilea, maitakorra, dakiena emateko eta ez dakiena hartzeko irrika duena. Eskerrik asko aldiro irakasten diguzun guztiagatik!


2016-08-24

Lehenengo oporrak zurekin

Gironako kostaldean_2016-7-22
Ikusten duzu, txiki, itsaso zabala? Dagoeneko pentsatzen jarria naiz itsaso zabala zer den galdezka zatozenerako zer erantzun behar dizudan, izan ere... zabala... zabala... bi beso luze adinako besarkada baten dimentsioa du itsaso zabalak. Nola ulertarazi, ordea, neurri horiek 160 cm-z haragokoak direla? Besarkada... oraintxe emango nizukeena. Ikusten duzu, txiki, itsaso zabala? Hor aritzen naiz igerian gauero kontatzen dizudan ipuinaren bila. Tarteka izaten dut itotzeko beldurra, baina, badakizu zernahitarako flotagailurik ederrena daramadala aurtengo udan. 

Gironako kostaldean_2016-7-22
Ikusten duzu, txiki, zeruaren eta itsasoaren arteko azken arrasto hura? Dagoeneko pentsatzen jarria da aitatxo zeruaren eta itsasoaren arteko azken arrasto hura zer den galdetzen diozunean zer erantzun behar dizun, izan ere... baden... eta ez den... arrastoa... Nola ulertarazi arkatzaren punta zorrotzaz noizbait margotzen saiatuko zaren zer ez deus hori badela eta ez dela? Ikusten duzu, txiki, zeruaren eta itsasoaren arteko azken arrasto hura? Hor ibiltzen da aitatxo gauero-gauero zuretzako kanturik ederrenaren bila. 

Gerber bailara Lleidako Aranen_2016-8-7
Sumatzen duzu, txiki, musuaren indarra? Musua zer den? Oraintxe zuregana iristeko biderik indartsuenetako bat. Besteak beste. Kiloak biderkatu egingo zaizkigu bi hilabete barru musuka jaten zaitugunean. 

Gerber bailara Lleidako Aranen_2016-8-7
Ikusten duzu, txiki, gu nor garen? :-D



2016-08-16

BIZITZAREN TRANPAK...

2016-8-2_Usurben. Irati, txikie (sei hilabete eta aste bat) ta tranparen laguntxoa
... EDO TRANPAK BIZI GAITU

Ez dakit bizitza bera den tranpa, tranpaz josita dagoen zerbait bitxiarraroezdeuserraldoia den bizitza edo tranpa bera den bizitza. Ez dakit tranpatiak gu (gu? zein ote gara gu?) garen, bizitzak (bizitza? zer ote da bizitza?) bihurtzen gaituen tranpati edo tranpatiak garelako bizi gaituen bizitzak.  

Zu tranpa eder eta absurdu honetara ekartzeko hautua guk egin dugu. Hor akaso tranparen koxkarik handiena. Hazi, bihotza, hazi beldurrik gabe; koxka handi horiek baitira tranpa zorion bihurtzen dutenak. Tranpa zorion bihurtuko dizutenak. 

Lazkaomenditik bueltan


2016-07-26

Itaka_Oier Guillan eta Ataun mitologikoa_2016-7-16

Oier Guillan
Iruñeako Kondestablen ezagutu nuen aurrez aurre. Txundituta, harrituta utzi ninduen Asier Sarasolarekin batera egndako lanak. Ekaitzi esan nion: Oier Guillanekin hitzaspertu bat egin behar dugu irratian noizbait. Aukera, ezustean, uztailaren 16rako sortu zen. Iritsi, heldu, estutu eta biluztu. Aitortza egiten ausartu nintzen: Oier, zure ahotsak izugarri erakartzen nau. Ni lasai, irratiko masail gorriek ez dute begirik begira izaten. 

Egiten duen lan ederraz solasean aritu zitzaigun Oier Guillan, Mr Señora liburu argitaratu berriaz eta "Nola belztu behar zuria" ekitaldiaz besteak beste. 




Uztailaren 16ko irratsaioak izan zuen Atauni eskerrak emateko tarterik ere. Uztailaren 9an Ataunek bertara hurbildu ginen guztioi egin zigun opariaz solasean aritu ginen Monika Arratibel eta Santi eta Jexux Etxeberriarekin. Ederra, zoragarria izan da V. Gau Ibilaldi Mitologikoa. Bejondeizula Ataun herri gisa herritik egiten duzun lanagatik. http://goierri.hitza.eus/2016/07/20/bejondeizula-ataun/


Uztailaren 9ko argazkietako bat