2012-03-06

Argazkiak

 


Horrelako argazki bat arrazoi askorengatik gorde daiteke blogean edo poltsikoan edo izarapean edo bihotzean:

1.- Hanka gorriak soin urdinaren jarraipen ez direla dirudielako.

2.- Zeruaren urdina urdin-urdin-urdin-urdin-urdina delako.

3.- Izotzaren zuritasunak berotasuna sentiarazten duelako.

4.- Aldapa ez delako olatu hauskor bat besterik.

5.- Begi itxien bestaldean mundu erraldoi bat kabitzen dela nabari delako.

6.- Dena ukigarria delako.

7.- Denbora delako margolan.

8.- Zorionak horrelako zerbait behar duelako izan.

9.- Argazkia ateratzen ari dena irribarretsu dagoelako.

 

2012-03-05

Heriotza zakarrontzian


HITZA: BELAZE

Azukrezko belardiak dira belazeak. Oinutsik dabiltzan arrasto babesgabeei gozotasun pixka bat oparitzen dieten izara garbitu berriak. Ukimena zentimetroka neurtzen duten zizare  sareak dira belazeak, oinpean atximur txikiak egiten dituzten ezpain bihurrien bizitoki. Itzal etzanen harrapatoki dira belazeak, argia izerdika-izerdika zupatzen duten igerileku berdeak.

Belazeetan ametsak etzan egiten dira, ilusio izpiak zutik ibil daitezen.


AFORISMOA: Bizirik hil beharra ere!

Bazen behin suari putz egin nahi ez, eta hatsari su ematen zion (bizilagun bat?). 

Mingaina kandela bihurtu zitzaion egun batean gauez bizitzen ikasi zuen. 

Hil egin zela errepikatzen zion behin eta bi aldiz bere buruari. Hil egin zela eta horregatik jarraitu nahi zuela bizirik.



HAIKUA:

Zakarrontzian
paperezko pilotak
esku pilotan


2012-02-28

ZENBATZEN eta KONTATZEN edo alderantziz




Kontatzeko zenbatzen jakin behar da? Zer pentsatua eman dit gehienetan isilik egoten den ikaslearen galderak. Nik umetan mahai gainean pilatutako ogi apurrak zenbatzen nituen eta lo hartu ondoren amets egiten hasi bitarteko segundoak eta sukar egunetako izerdi-tantak eta ezpainei hozka egindako aldiak. Nik umetan irakurri gabeko liburuetako orrialdeak zenbatzen nituen eta etxetik dentistarenganaino emandako pausoak eta erabili gabeko arkatzaren hasperen oihuak eta edalontzietan pilatutako ur-tantak. Nik umetan astebetean ikasitako hitzak zenbatzen nituen eta izarapean itsatsitako beldurrak eta urrutiko baserrietako zaunka hotsak eta irentsitako txokolate gramoak. 

Inoiz inork galdetu izan dit zergatik ikasi nuen unibertsitatean matematika zenbatu baino kontatu egiten badut gehiago. Eta erantzuna gehienetan isilik egoten den ikaslearen galderak eman dit. Orain ideia kolpeak zenbatzen ditut eta zainetan sentitutako tirakadak eta bururatu eta baztertutako hitzak eta poltsikoan lehertutako metaforak. Orain aulkian eseri aurreko segundoak zenbatzen ditut, eta hatz puntetan desegindako ilunpe argiak eta korapilatutako tinta arrastoak eta zintzilik utzitako harridura ikurrak. 

Orain ipuin bati hasiera emateko beharrezkoak ditudan amaiera guztiak zenbatzen ditut eta bukatzen ausartzen ez naizen amaiera hankamotzak eta lo arrastoen bestaldetik lapurtutako urrezko zirriborroak eta lerroarte zuriak. Orain kontatutakoak zenbatu ordez, zenbatutakoak kontagai bihurtzen ditut.

Kontatzeko zenbatzen jakin behar da? galdetu dit gehienetan isilik egoten den ikasleak. BAI erantzun du isildu ere egiten ez den lehenengo lerroko ikasleak. Eta nik EZ erantzun nahi izan diot. Baina, isilik gelditu naiz. Beste behin. Maite ditut. Maite ditut ikasleen aurrean isilik egonarazten nauten instanteak. Zenbatu egiten ditut, ipuin-kontu bihurtzekoak izaten direlako.


ITAKA (Xabier Artola_2012-2-11)


"Bost zentimetro" idatzi zuen orri zuriaren gainean. Eta leihotik begira jarraitu zuen. Hotz egiten zuen, izotza ekarriko zion ilunak gauari. Argazkia aterako lioke gustura zuritasunaren gardentasunari. Bitxia iruditzen zitzaion beltzak zuria margotzea. "Bost zentimetro" irakurri zuen berriro orri zuriarean gainean, "bost zentitmetro neurtzen ditu argiak itzaletan". Eta leihotik begira jarraitu zuen berriro. "Argia itzaletan ez da ez argi eta ez itzal" esana zion lagun batek aspaldian. Eta ordutik urteak zeramatzan leihotik begira, argia itzaletan edo itzala argitan egoten zen ikertzen, garbi baitzuen argia argiarena eta itzala itzalarena ez zirela. Bost zentimetro  neurtzen zizkion zalantzari argia itzaletan zalantza huts baino ez zela konturatu zenetik. Dardara iheskorra zen argia itzaletan, eta dardara iheskor guztiek bost zentimetroko neurria izaten dutenez, bost zentimetrora hurbiltzen zen argiaren bila zebilen. Lotan harrapatu zuen... argia, itzal arteko iluntasunean gauak zenbat neur zezakeen itzalari galdetu zion momentuan. 









Itzalak duen argia zukutuz hozka egin genion otsailaren hamaikako saioari Xabier Artola argi-lagun hartuta. "Argi itzalen neurria" (Elkar) liburuaz eta informatikaz eta ipuingintzaz eta Alkizaz eta... irribarre bihurriez hizketan aritu ginen. Besteak beste. Eta besteak beste da argiak bere baitan bildu dezakeen itzal guztia. Hau da, infinitua. 

Ezkaratzean Joxe Mari Gabiria izan genuen zain, asto gainean, Ollorako bidea erakusteko prest eta Joxe Goikoetxearekin izotz beltzetan irristan ibili ginen. Azken kantuari Igor Barreroren piano doinuekin eman genion pott, eta hasi, larunbateroko lagun handiaren ahotsarekin hasi genuen saioa, Patxi Ezkiagarekin. 

Saioari hozka egin nahi izanez gero... egin klik!

2012-02-27

Sekretuari plasta!

 
HITZA: DZIRDZARTADA

Mingainaren zaplasteko bat izan zitekeen, eztarrian trabatutako bihurgunea; edo begiradaren masaileko bat, betileen korapiloa. Eskua bete hizki eta plasta! Eskua bete jolas eta plasta!

Ez dena izateko ere balio dezake halako hitz luze, berezi batek. Jolaserako gogoa duten hitzak dira horrelakoak. Zaplasteko izan behar eta izan nahi ez duten horietakoak. Zaplasteko izatetik laztan izaterako saltoa halako hitzen magiak soilik ematen du.



AFORISMOA: Pipiak jandako sekretuak

Bazen behin aho parean zapi zuri bat jarrita ibiltzen zen (bizilagun bat?). Ezpain arteko korapilo guztiak pinporta gorri bihurtzen zitzaizkion zapi zurian.

Aspaldian zapia gorritu egin zaio. Zapia zauritu egin zaio nahigabe. Zapi zuria zulo handi bat da orain, gordeta egon beharrekoen ihestoki. Inorena ez zena denena bihurtu da. Hori gertatzen zaie galdutako sekretuei.


HAIKUA

Izerdi tantak
edalontzi batean
egarrituta




2012-02-14

BIHOTZAK




Izugarri gustatzen zait kaleko eserleku batean eseri eta kalean dabiltzan oinezkoei begira egotea. Inoiz inork parean gelditu eta lotsagabea naizela ere esan izan dit. Ez dakit zergatik, begirada joan-etorriko bide biluzi bat baino ez bada. Korapilatu gabeko lokarriak ikusten ditut askotan, oina baino bizpahiru zentimetro atzerago korrika txikian doazen zapatak.  Bururik gabeko txapelak ikusten ditut askotan, beren pisuari airean eusteko mingaina ateratzen duten txapel ilerik gabeak. Krokodiloak ikusten ditut askotan, hagin zorrotzen artean urrezko eraztunak kateatuta dituzten aho infinituki handiak. Txokolatezko masailak ikusten ditut askotan, kaleko baldosen gainean urtzen diren bonboi gazituak. Eta begiak ere ikusten ditut, begi asko; begiak zuhaitzetan itsatsita, begiak farolpeko argitan dantzan, begiak zakur zaunkariei laztan eginez. Kalean topatzen ditugun begiek ez dute ezer ikusten, norbaiten betaurreko dira.

Izugarri gustatzen zait kaleko eserleku batean eseri eta kalean dabiltzan oinezkoei begira egotea. Zeharka begiratzen duten aurpegiak ikustea gustatzen zait, itzalari bultzaka joaten diren bizkarrak bereiztea, lepoetako ur jauziei hozka egitea. Irribarre baten ezkutalekuekin jolastea gustatzen zait, urruntzen diren hats zurien buztanei tira egitea, ume batez begiak itxi eta zabaltzean paisaia erabat aldatu dela sumatzea.

Ikasle baten koadernoan irakurri dudan arte ez naiz ohartu gaur San Balentin eguna zela. Bihotz baten erdian beste bihotz bat zeukan marraztua eta marrazkiaren azpian hizki larriz, "Nik badaezpada bi" jartzen zuen, inork bietako bat lapurtuta ere, bestea eskura izateko, nonbait. Begira harrapatu nau, eta ezer esan ez didan arren, badakit lotsagabe hutsa naizela pentsatu duela. 

San Balentin eguna delako, batez ere, San Balentin eguna delako eseri naiz gaur institutu aurreko eserlekuan, zer ikusiko. Nekatzen ez diren bihotzak ikusi ditut, eta larrosa arantzik gabeak, eta igerian ez dakiten malkoak, eta izotz artean irristaka ibiltzen diren hitzak. Laztanak ere ikusi ditut, zirkoko domadore.  

Goiz osoa pasa dut, esperoan. Esperoan nahita eta nahigabe. Eta txantxangorria hegan ikusi dudanean, ikaslearen bi bihotzetako bat txantxangorriaren paparrean zegoela konturatu naiz. "Nik badaezpada bi" idatzia zeukan marrazkipean. Ez alferrik!

Bihotzek hegan egiten dutelako. Horregatik gustatzen zait izugarri eserleku batean eseri eta kalean dabiltzan oinezkoei begira egotea. Ibilian norbaiti bihotza erorita ere, neure bildumatxoa egiten jarraitzeko.

2012-02-08

URRUZUNO(tarrak)





Dena ala ezer ez. Eta tartean pixka bat, puska bat, bostenaren hiru laurdenak, gutxi, asko, hozkada bat, botila erdi betea... eta tartean aukera asko. Joera oso zabaldua dugu. Edo dena nahi dut edo ezerezarekin konforme naiz. Eta dena da guztia aho betez, eta ezer ez da guztiaren hustasuna, zulo handi bat. 

2012ak ez du urruzunotarrik izango. Krisia dela eta Urruzunoliteratur lehiaketa ez antolatzea erabaki da aurten. Zabaltzen ari zen zurrumurrua orain dela bi aste baieztatu zen. Barruak atximur egin zidan berria ezagutu nuenean; Amaiaz, eta Jorgez, eta Iratxez, eta Nereaz, eta Xabiz, eta Kristinaz, eta Iraitzez eta Eñautez eta saria irabazi nuen bi urteetan ezagutu nituen lagun guztiez oroitu nintzen. BArruak atximur egin zidan eta nerabezaroko adin zail, zalantzatsu eta segurtasunik gabean sariak nire idazteko zaletasunari bultza nola egin zion izan nuen gogoan. Barruak atximur egin zidan eta Leirez, eta Beñatez, eta Lierniz, eta Lurrez, eta Itziarrez eta urtero-urtero lehiaketan parte hartzera animatu ditudan ikasle gaztetxo guztiez oroitu nintzen. Barruak atximur egin zidan eta Harkaitz Canoz, Urtzi Urrutikoetxeaz, Aitor Sarriegiz, Xabi Paiaz, Jose Luis Padronez, Garazi Goiaz, Arkaitz Estiballesez, Leire Bilbaoz, Garikoitz Berasaluzez, Jon Benitoz, eta urruzunotar izan eta sormenaren munduan izen izatea lortu duten lagun guztiez oroitu nintzen. Suitzaz, eta Austriaz, eta Esloveniaz, eta Italiaz ere oroitu nintzen barruak atximur egin zidanean, baina, neurri txikiagoan, askoz ere neurri txikiagoan. 

Hamalau eta hemezortzi urte bitarteko hogei gaztetxok saritutako lanaren truke hirurehun euroko poltsa, gainerako sarituekin partekatzeko hamar eguneko bidaia eta saritutako lanekin argitaratutako liburu sorta ederra jasotzen dute. Krisi garaiotarako gehitxo, akaso bai, ziurrenik bai.

Baina, hamalau eta hemezortzi urte bitarteko hogei gaztetxok poltsaz, bidaiaz eta liburu sortaz gain, saitutako lanaren truke ilusioa, idazten jarraitzeko bultzada, pauso bat gehiago eman eta ibiltzen hasteko bidea eta batez ere, idazteko zaletasuna duten lagunak ezagutzeko aukera irabazten dute. Krisi garaiotan, krisi garaiotan ere, oso eskuragarria izan zitekeena. 

Krisi garaiotan zentzuz jokatu behar dugula? Ados, guztiz ados. Horregatik egin dit barruak atximur, krisi garaiotan zentzuz jokatu behar dugulako. Guztiaren eta ezerezaren artean zentzuak lekutxo bat izan dezan, denok, denok, ahalegintxo bat egin beharko genukeelako.



2012-02-07

ITAKA (MariJoxe Azurtza_2012-2-4)



"Begira, begira... hegan egiten ari da!" Egin dio oihu mutikoak neskatoari. Eta neskatoak begiratu egin du. Norabait. Nora begiratu behar duen ez daki oso ongi. Elurra ari du. Baina, elur-malutek ez dute hegan egiten. Elur-malutak erori egiten dira. Zintzilik egoten dira denbora tarte batez eta salto egiten dute batzuk. Erori egiten dira gehienak. Neskatoak ez du uste elur-malutek hegan egiten dutenik. 

Lainorik ez da falta zeruan. Baina, lainoek korrika egiten dute; nekatzen direnean, gelditu egiten dira eta korrika jarraitzen dute gero. Lainoek eutsi egiten diote euren pisuari eta ipurdi-aldea arintze aldera noizbehinka putz egiten dute haizetan. Lainoek ere ez dute hegan egiten, neskatoak uste du mutikoa lainoez ere ez dela ari.

Arnasa izan zitekeen hegan egiten ari dena edo ahotsaren oihartzuna edo begiradaren ispilua edo... hegan egitea zer den galdetu dio neskatoak mutikoari. Eta orduantxe ikusi du elur-maluta zurien artean paper zuri bat, besoak zabalik, muturra estu. Eta konturatu denerako aurrera doa. Eta neskatoak horixe pentsatu du, hegan egitea aurrera joatea dela. Mutikoak oihu egin dio berriro neskatoari: "Begira, begira paperezko hegazkina. Hegan egiten ari da!"





 


Paperezko hegazkina hartuta Seguratik Japoniara joan ginen larunbatean. Urrutitxo dagoela? Nondik begiratzen zaion! Pilotua MariJoxe Azurtza bada, eta neskatoaren eta mutikoaren irudimenak atzetik bultza egiten badigu... joan eta etortzeaz gainera, zisneak marrazteko astia ere izan dezakegu! 
Origamiaz hizketan aritu ginen, paperaz eta tolesdurez eta entretenimenduaz eta geometriaz eta matematikaz eta ikasleez eta mugaz eta koloreez eta... gai zoragarria! 

Eta MariJoxez gain, Patxi Ezkiagak asteroko bisita egin zigun eta zisneen ondoan kaioak jarri genituen hegan eta Edurne Huesak lapikokada ederra prestatu zigun garapen, kontsumo, alternatiba eta ekoizpen  gaiekin eta Hitzontziri hiztegiarekin egin genion hozka eta azken kantua elurretan ur hotzetan ur epelen, Urepelen, kantatu genuen Gatibu taldearekin.

Saioaz gozatu nahi izanez gero... egin koxk!


2012-02-06

ZIRRI USAINARI



HITZA: ZIRRIBORRO
Zirria laztan lotsagabea da, ukimenaren mugan tira egiten duena. Zirria orratz baten ziztada lotsagabea da, tatuaia ulergaitzak marrazten dituena. Zirria korapilo baten lotura lotsagabea da, izerdi tantak sarean harrapatzen dituena. 

Zirria ezabatzen ez den zirriborro bat da. Zirriborroak beharrezkoak dira txukun egiten direnean; zirriak bezalaxe. Zirriborroak soberan daude narrats eta zikin egiten digugunean. Zirriak bezalaxe. 

Zirriborroa paperari egindako zirria da.


AFORISMOA: "Usteltzen denak ez, usteltzen uzten denak botatzen du kiratsa"

Bazen behin sagarrak erdizka jan eta sagar erdiak elkarren kontra itsatsiz (kontra eginez itsasten da?) sagar eta erdiak lortzen zituen (bizilagun bat?). Hori zergatik egiten zuen galdetu nion batean, "usaina aurrezteko" erantzun zidan.

Ordutik zentimoka-zentimoka ohe gainean ume gairaitik dudan panpinaren poltsikoa betetzen ari naiz. Aurrezten ari naiz. Denborak panpina usteltzen duen egunean, usaina aurreztuta izan dezadan. Usain aurreztuak haurtzaroko usainak dira.





HAIKUA

Plater gainean
bi begi erdi-itxi
aho zabalik




2012-02-01

ITAKA (Andoni Salamero eta Leire Santillana_2012-1-21)





Poema batek gorputz biluztua (gorputz biluztua gorputz biluziaren parekoa da?) jantzi dezake? Poema batek estal ditzake argiaren lotsa gorrituak? Poema batek egin diezaioke itzal ezkutuan gelditzen denari? Poema batek uki ditzake azal hotzaren erredurak? Poema bat noraino iristen da? Zein da poema batek hatz arrastoen gainean egiten duen marrazkia? Hezur-mamitan poemak nori ateratzen dio mingaina, hezurrari ala mamiari?

Urtarrilaren 21ean Andoni Salamero eta Leire Santillanarekin aritu ginen solasean Itaka saioan. Poeta da Andoni, moda diseinatzailea Leire. Elkarri eskua eman eta hauxe da sortu dutena:




Urretxuko Juan De Lizarazu aretoan egongo da erakusketa ikusgai otsailaren 12ra bitartean. Urtarrilaren 21an soinean jantzitako ahotsak hauetxek. Egin hozka beldurrik gabe!


 

Andoni eta Leirerekin hitz egiteaz gain, Zuberoa aldera salto egin eta Jonmikel Intsaustirekin  Maskaradez hitz egiteko aukera polita ere izan genuen. 

2012-01-31

BEGIRADA TXORROSTU


HITZA: "TXORROSKILEROA"

Zorrotza zorrotzagoa da zorrozten denean, akaso horregatik idatzi izan dut beti arkatz-punta kamutsekin; arkatzak txorrstu egiten ditudalako zorroztu ordez. 
Ez, nik ez dut gailua erabiltzen, nik kileroa erabiltzen dut. Eta kileroa da zulo bat, ki eta ki, emandako buelta bakoitzeko zuloan sartutakoa erotzen duen beste zulo bat. 
Erotutako arkatzekin idazten dut aspaldian.
Umetan txorroskileroak erabiltzen dituenak heldutan txorroskileroak baino ez dituelako izaten mahaiko kaxoietan. Bila ibilita ere ez dut zorrozkailurik topatzen.




AFORISMOA: "Begiekin ikusi egiten da, begiradarekin sentitu" 



Bazen behin begiradarekin korapiloak egiten zituen (bizilagun bat?). Ikusi nahi ez zuen guztia korapilatu egiten zuen, egunen batean korapiloak askatzeko ausardia bilduko zuen esperantzarekin. 


Bere begiradaren baitan korapilatuta bizi da aspaldian. Ikusi nahi ez duen guztia sentitu egiten du.




HAIKUA
Elur zurizko
panpinak bere baitan
beroa dauka


2012-01-27

OPARIA; OPA HARIA


Opari bat jasotzen duen gehiengoak jasotakoa beste opari batengatik aldatu, Internet bidez saldu, etxeko txokoren batean ahaztu edo beste norbaiti oparitzen omen dio.  Asteburuan entzun nuen telebistako albistegi batean.  Eta ez dakit, entzundakoak ez dakit barregura, tristura, lasaitasuna, haserrea edo besterik gabe hurrengo albistea entzuteko gogoa eragin zidan.

Barregura egoeraren absurdotasunagatik. Tristura egoeraren absurdotasunagatik.  Eta neurri berean haserrea ere bai, gehiegizko kontsumo arduragabearengatik. Lasaitasunak betetzen nau gehien. Zirko-komedia-antzerki-zentzugabekeria horretatik guztitik neure burua urruti samar kokatzeak.

Eta egoeraren absurdoa da oparia egiten duenaren eta oparia hartzen duenaren artean sortzen den, sortzen den, sortzen den… egia esan ez nuke asmatuko oparia egiten duenaren eta oparia hartzen duenaren artean sortzen dena zehatz definitzen. Zerbait absurdoa sortzen da bien artean, oparia biltzen duen papera lotzen duen laxoa bezain absurdoa den zerbait.

Oparia egiten duenak begirada zorroztu egiten du, eta jasotzen duenak kamustu. Oparia egiten duenak besoak luzatu egiten ditu eta jasotzen duenak uzkurtu. Oparia egiten duena zain egoten da eta jasotzen duena esperoan. Oparia egiten duenak irribarrea garesti izaten du eta jasotzen duenak merke. Oparia egiten duenari oparia egitean bukatzen zaizkio buruko minak eta jasotzen duenari, nonbait, orduan hasten. Bai, badakit, guztia ez da zuri eta beltz, baina, erdian geratzen dena hori baino ez da: grisa.

Pentsa, oparia. Opa haria. Haria opatzea, alegia. Besoa luzatzen duenaren eta besoa uzkurtzen duenaren arteko hariak lotzea, alegia. Baina, hariak korapiloak sortzen ditu ustekabean, eta badakigu, korapiloek lotura estutu bai baina, nahastu ere egiten dutela. Opariek nahasmena sortzen dutela, alegia.

Bistan da, ez naiz paper, laxo arteko opariak egin eta jaso zale. Nahiago dut data, arrazoi eta aitzakia jakinik gabe, unean uneko besarkada, muxu, begirada eta eskuak,  eman eta jaso. Paper eta laxo beharrik gabe, opari ekologikoagoak dira,  beste opari batengatik aldatu ezin daitezkeenak, Interneten saldu ezin direnak, etxeko txoko ahaztuetan baztertu ezin ditugunak eta beste norbaiti oparitu ezin daitezkeenak. Opari hauek bai, opari hauek haria opatzen dute, lotura. Buruko minik sortu gabe eman eta jaso daitezkeenak.

Opari bat jasotzen duen gehiengoak jasotakoa beste opari batengatik aldatu, Internet bidez saldu, etxeko txokoren batean ahaztu edo beste norbaiti oparitzen omen dio.  Asteburuan entzun nuen telebistako albistegi batean.  Eta ez dakit, entzundakoak ez dakit barregura, tristura, lasaitasuna, haserrea edo besterik gabe hurrengo albistea entzuteko gogoa eragin zidan.

Imajina dezakezue hurrengo albistearen titularra: Krisia.

2012-01-25

MAITASUNA ZINTZILIK. ZAIN?



HITZA: AIHEN



Garrasiak zintzilikatu egin daitezkeela ikasi nuenetik, ezpainak josita egiten dut salto oihuak urkatuko zaizkidan beldurrez. Ez da erraza Tarzanena egitea, ez da erraza zure pisua aireari oparitu eta "zerbaitek" (aihenak?) eutsi zaitzakeela sinestea. Pisua eutsi egiten da. Pisua eutsi egiten da? Eta zenbatekoa da pisua beldurrak (erortzeko beldurrak) tira egiten duenean? Aihenatik zintzilik ikusi nuen neure burua lehengo batean Andoingo ur-jauzietatik gertu, aihenatik zintzilik aieneka.



AFORISMOA: "Maitasunak itsutu ez zezan, okulistarekin maitemindu zen"

Bazen behin lentilladun begietan betaurrekoak janzten zituen (bizilagun bat?). Begiak itxita ibiltzen zen batetik bestera. 

Zergatik eta... maitearen besoari helduta ibili nahi izaten zuelako. Maiteak besoa ukatu zion batean, estropezu egin eta min hartu zuen. Maiteminez bizi da orain.



HAIKUA

Zebrabidean
zaldi zuri-beltza zain, 
koloreen zain.


2012-01-21

ITAKA (Koldo Zuazo_2012-1-14)


Aspaldi gertatu zen. Aspaldi, aspaldi, aspaldi. Oso aspaldi. Bakarren batek esaten zuen: itsasertzetik ortzemugaraino dagoen distantzia bezain urrun. Urrutiko denbora zela, alegia, ordukoa. Oso urrutikoa. Aspaldi gertatu zen nonbait, ordulariek artean igerian ez zekiten garaian. Mutiko batek harri bat bota zuen itsaso zabalera; harria zen ia ezerez ur artean, harria zen uhin baten hasperena urpean, harria zen egarria ur ontzian. Eta umeak zain utzi zituen begiak, zain TIK-TAK, zain esna, ordularirik gabeko eskumuturrak itoko zitzaizkion beldurrez. Zain TIK-TAK. Eta ortzemugan ikusi zuen lurra eta ikusi zuen basoa eta ikusi zuen harria. Eta zain zegoela, zain TIK-TAK, zain esna, pentsatu zuen harria iritsi bazen, bera ere iritsiko zela, ortzemugara ez bazen lurrera edo basora bestela. Baina, ahaztu zitzaiona, edo gogoratu ez zuena denbora zen. Zain TIK-TAK. Zain esna, denborak zimurtu egin zuela harria. Oharkabean eraman zituen ezker eskuko hatzak aurpegiko azal gainera. Mutikoak.

Aspaldi gertatu zen. Tira, aspaldi apukadu zen. TIK-TAK, aspaldi.





 


Koldo Zuazo -> Hizkuntzarekin jolastuz gozatzen duen gizona. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, berriki "Neure buruaren alde" (Alberdania) liburua argitaratu duena. Ausartzen ez ginela eta... bere eskuari helduta egin genuen larunbatean XVI.mendera bidea; itsasoaz bestaldera, Indietara... gozatu egin genuen!

Koxk eginez gero, saioa gozagai izango duzue...

2012-01-17

Ezkutalekua: Ez Dakit Nongo Txokoa


HITZA: GANDU 

Argazki polita da: ganadua belar artean. Ganadua belar artean egon daiteke atseden hartzen. Edo ganadua belar artean egon daiteke Ez Dakit Nongo Txokotan ezkutatu den ezerezari (zerbaiti) begira. Edo hausnarrean. Edo hausnartzen. Ez Dakit Nongo Txokotan ezkutatuta dagoen ezerezari (zerbaiti) begira belar artean egoten den ganaduak hausnartu eta hausnartu egiten du. Alegia, jan eta jan egiten du. Belarra eta burua.

Behelainoak irensten duen arte. Ez Dakit Nongo Txokotan ezkutatu den ezerezari (zerbaiti) begira dagoen ganaduari pusketa bat behelainoak irensten dion arte. Hori da gandua: gan(a)du hozkatua behelaino artean. Hori da gandua: Ez Dakit Nongo Txokotan ezkutatu den ezerez (zerbait) hori.  



AFORISMOA: “Bizitza ezkutalekurik onena da. Bertatik, ordea, ez dugu ikusten heriok noiz uzten dion paretaren kontra begiak itxita zenbatzeari. ”

Bada ezkutaketan jolasten ikasi zuenetik ezkutatuta bizi den (bizilagun bat?). Inork ez dio esan helburua ongi ezkutatzea izan arren, ondoegi ezkutatzeak ere bere arriskuak dituela. Inork ez dio esan, ezkutatu zenetik inork ez duelako aurkitu. Inor bila ote dabilkion ere ez dakit. Horixe ezkutaleku onegia aurkitzearen arriskua: norbera norbere buruaren ezkutaleku bihurtzea.






HAIKUA

Bi harri txiki
orpoari ziztaka
mendeku gosez