2020-01-22

PIN



Euskalerria Irratirako astearterako prestatu nuen irrintzia:


Ez dakit oso ondo zergatik, baina burura etorri zait ume ginela gabon oporren bezperan, tira, orduan gabon opor esaten genuen, gaur nahiago dut neguko opor esan, eboluzionatu egiten dugu, hitzak hitz dira, baina hiztegia fintzea ere komeni izaten da. Horixe kontua, burura etorri zaidala ume ginela neguko oporren bezperan Bilbora joaten ginela PINera, haur parkera, egun pasa. Behin ikasgelako lagun guztiak hartuta, literatura sari bat jasotzera ere joan nintzen. Jolas eremu ikaragarria zen. Sartu eta ondo pasa. Ikastetxeek aukeratzen zuten jarduera bat zen, ikasleok ondo pasa genezan, geure buru, gorputz eta emozioak eta, bide batez, lagunenak ezagutu genitzan. Jarduera osagarri bat zen. Kurrikulumetik kanpokoa? Ez dakit. Ondo pasatzeak, geure buru, gorputz eta emozioak eta, bide batez, lagunenak ezagutzeak kurrikulum barnean behar lukeela uste dut. Denok joan ginen. Gela osoa ginen han. PINen, haur parkean.

PIN. PIN, PIN.  Ordutegi lektiboan jarduera extrakurrikularretan parte hartzeko gurasoek eman beharreko baimenaz ari dira eztabaidan egunotan. A ze saltsa. Eztabaida piztu da, eta ez txikia gainera. Eta beti-betikoan katramilatu da gainera kontua, sexu heziketa, feminismoa, LGTBI aniztasuna… Pereza, nagia, asperdura eragin dezake, baina kontua serioa da oso. Fokoa, ordea, ez nuke gurasoek baimena eman behar duten edo ez, eman dezaketen edo ez dezaketen eztabaidan jarriko.

Zer den kurrikularra… hortxe dago giltza, gakoa. Eta hasiko bagina seriotasunez, sakontasunez, iraunkortasunez ikasgeletan lantzen oraindik extrakurrikularrak diren hainbeste gai? Zer dira jarduera osagarriak? Zer dira jarduera extrakurrikularrak? Zer da osatzera datozena? Ez al dira oinarri? Funts? Ez al da garaia sexu heziketa, feminismoa, LGTBI aniztasuna etab. etab. eguneroko jardun kurrikularrean sartzeko? Eta eztabaida gaia horra eramateko probesten badugu?

Bide batez, zorionak NAIZEN elkarteari azken egunotan Bilbon eta Donostian jasotako sariengatik.

Eta aspaldian gizartean gehien eragiten ari den elkarteetako bati, NAIZENi esaterako, tokia egingo bagenio kurrikulumean?



No hay comentarios:

Publicar un comentario