2017-06-19

ESKERRIK ASKO, JOAN MARI!


Gotzon Aranbururen argazkia
Omenaldiaren bukaeran Joan Marirengana hurbildu eta halaxe esan zigun “sarri adjektibo puztuak erabiltzen ditugu zerbait definitzeko, ez dut halakorik erabiliko. Gaurkoa bi hitzetan oso duina izan da; oso-oso duina”.

Atzo mezu bat idatzi eta zenbait hitz ederren artean eskaera bat egin zidan Joan Marik: “Irati, eman eskerrak nire partez hire blogean parte hartu zuten guztiei”.

ESKERRIK ASKO Nahia, Itziar, Karolina, Martin, Xabier, Jasone, Tere, Juan Kruz, Joxe, Ekaitz, Patxi, Iñaki, Gabino, Jon, Ixone, Izar, Pello, Mikel, Xanti, Arantxa, Alberto, Diego, Eleder eta Iratiri.

ESKERRIK ASKO Beasaingo eta Goierriko Irakurle Taldeei, Beasaingo Udalari eta Beasaingo Futbol Taldeari.

ESKERRIK ASKO Joxeri azken hiru hilabeteotan Beasain literaturaz udaberritzen buru-belarri aritzeagatik.

ESKERRIK ASKO Manuel eta Irigoien familia osoari.

ESKERRIK ASKO Goierriko Irakurle Taldeen I.Topaketan elkartu ginen guztioi.

ESKERRIK ASKO azken hilabetean “Consummatum est” liburua esku artean hartu duzuen ehun irakurleoi.

Horiek denak Joan Marik eskertzen ditu; eta horiek denak nik eskertzen ditut. Bidea luzea izan da eta oso ederra. Oso duina. Oso-oso duina.

Irati, Eleder, Joan Mari eta Ekaitz
Ekaitzek kantatu zizkion lau bertso ederrak jartzen dizkizuet irakurgai:

Matxinadak matxinada,
hamarkadaz hamarkada
findu duzu begirada;
sendagai dugu zure joskera,
sendagai zure euskara…
Norbait biziminez bada,
zurekin pasatzen gara
hutsetik esperantzara.


Pistolei epistolaz su,
arma, tiro, bam indartsu
egin diezu mehatxu…
Udazkenaren balkoitik zure
Printzei begira gauzkazu;
Zirigoien, distiratsu,
odolean daramazu,
jainko txiki bat zara zu.


Non dabiltza Orbetarrak?
Gure adiskide zaharrak?
Poliedroaren marrak?
Zure lumak zer oparituko
zain gaude goierritarrak;
badituzula oharrak
ta idazteko indarrak
promes egin dit oilarrak.


Letra txikien zintzela,
poesia ta nobela…
Hain duzu itzal itzela!
Badakigunez Babiloniaz
harago lur bat badela,
gozatuz zure epela
bizi nahi dugu horrela,
ipuin batean bezela.


Eta... omenaldian esan nian bezala, hiretzako nire oparia, Joan Mari, etorkizuneko hire irakurleen irudi bihurtu den argazkia. 


Eleder Consummatum est irakurtzen

Ekitaldiaren bi bideo ikusgai (eskerrik asko, Gotzon! Eta Goierriko Hitza):






2017-05-30

HEZKUNTZA EREDU BERRIA

Biharko saioa iragartzen duen kartela

Noiz: bihar
Noiz: maiatzaren 31n
Noiz: bihar, maiatzaren 31n, arratsaldeko zazpietan
Non: Atarrabian
Non: Atarrabiako Kultur Etxean
Zer: Poesia errezitaldia
Zer: Poesia errezitaldi musikatua
Zertaz: transexualitateaz
Zertaz: transexualitateaz eta maitasunaz
Zertaz: transexualitateaz eta maitasunaz eta askatasunaz
Zertaz: transexualitateaz eta maitasunaz eta askatasunaz eta ezberdinak izatearen aberastasunaz
Nork eskainia: Olaia Baigorri ikasleak
Nork eskainia: Olaia Baigorri ikasleak eta Ekaitz Goikoetxea eta Eduardo Zudaire irakasleek
Zer dela eta: hezkuntza eredu berria plazaratzen ari dira
Zer dela eta: gaitasunak indartu eta ikasgelak kalera ateratzeko asmoz

Gipuzkoako Goierrin bi saio egin ditu ekimenak, Beasainen bata Ordizian bestea, eta arrakastaz erantzun du bietan ikus-entzuleak. Ehun ikusleren artean 14-16 urte bitarteko berrogei ikasle zeuden pasa den ostiralean Ordizian egin zen saioan eta irteeran emakume bati entzun nion familia osoa han ez egon izanaren pena zuela.

Nor joango da: ni
Nor joango da: bera
Nor joango da: zu joango zara
Zergatik: joan ez izanaren pena izango duzulako bestela
Zergatik: gozatu egingo duzulako. Eta ikasi

Zergatik: hezkuntza sortu, landu eta transmititzeko beste eredu batzuetan sinesten duzulako

Euskalerria irratian audioa: 


2017-05-28

ZAZPI HILABETE

kosta zaigu gaurko argazkia ateratzea...
... bi zatitan eta kostata... 


















ZAZPI. TXALOEN HILABETEA.

Mundua esku ahurren artean goxatzen duzu musikak dantza egiten duenean amatxoren ezpainartean. Txalopin txaloka ahoratzen dituzu mundu puskak eta zapore berriekin jolas egiten duzu mingaina lehertzeraino. Bai, mundua alaiagoa da eta potoooooooooooooooooooloagoa txalo egiten ikasi duzunetik. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:


Zazpi hilabeteko
amets ibiltari,
nahiz ta jarraitu keinu
ta soinuei adi,
zuregan aldaketak 
ditugu nabari,
jatean barazki ta 
frutatxo ugari,
txalo jotzen diozu 
zeure buruari. 

2017-05-11

Itaka_EUSKAL LIBURUAK KALERA_2017-5-6

Igandeko ekimenerako sortutako kartela
Zoro-zoro sortu zitzaigun ideia txiki bat mendi bueltaren batean. Ideia mamitu ahala erraldoi bihurtu zen. Euskal liburuak kalera aterako ditugu maiatzaren 14an Beasainen, baina, ez da egun bakarreko festa ospakizuna izango; bidea luze egingo baitu aurrera. Beasainen hogeita hamar liburutik gora banatuko dira ikastetxe, lantoki eta herritarren artean. Euskara, irakurzaletasuna eta herrigintza ardatz eta helburu dituen proiektu honi bultzaka dabil azken asteotan Joxe Goikoetxea (sekulako lana itten ai zea aitte!);  pasa den larunbatean Itaka saioan berarekin solasean aritu nintzen gustura. Proiektuaren hiru hanka-zutabeen berri duzue jarraian entzungai duzuen irratsaioan. 
Beasaindar eta goierritar oro gonbidatuta zaudete igandean 12etan euskal liburu bat hartu eta kalera irakurtzera ateratzera!







2017-05-05

Amatasuna maiatzaren 1ean



Aurten lantoki jiratik urruti samar harrapatu nau maiatzaren 1ak. Apirilaren 28an sei hilabete bete zituen Eleder txikiak eta otsailaren 23an bukatu zitzaidan amatasun bajari amatasun baimenarekin eman diodanez jarraipena, aurten lantoki jiratik urruti samar harrapatu nau maiatzaren 1ak. Ez dakit ospakizun edo aldarrikapenen parte izan naitekeen, une honetan ez bainaiz ari lan jardun ordainduan, baina, hausnarketarako gogoak ez duenez ulertzen jai eta lan egunez sei hilabeteko semearekin maiatzaren 1eko kontuez kontu-kontari aritu naiz titia eman bitartean.

Aitaren eta amaren lanen nondik norakoak azaldu dizkiodanean begiak handi-handi, handi eta erraldoi, galdezka hasi zait: ea jaio zenean aitatxo zergatik egon zen etxean hamabost egunez bakarrik, ea Suediako bere adinkide txikiek zergatik dituzten hamasei hilabete amarekin edo aitarekin edo biekin gozatzeko, ea Indiako bere adinkide txikiek zergatik dituzten hogeita sei aste amaren goxotasunean hazteko, ea nork eta zein arrazoietan oinarrituta erabaki duen gure herri ustez aurreratu honetan hamasei aste nahikoak direla umearen eta amaren ongizatea bermatzeko…


Elederrek sei hilabete ditu eta oraindik bularra du elikagai iturri bakar. Munduko Osasun Erakundeak hala gomendatzen duelako eta bere amaren, hau da, nire zentzu-sen-gogo-nahiak hala erabaki duelako sei hilabeterekin bularra du elikagai iturri bakar. Umea, heldua bezalaxe, ez du, ordea, janariak soilik elikatzen, besarkadek, laztanek, hitz goxoek, kantu-jolasek, babes sentsazioak hazten dute osasunez eta ez dago esan beharrik osasun betean hazitako umea altxor ederra dela etorkizun hurbileko gizartearentzat. Nola ulertu orduan hilabeteren ondoren aitak eta hamasei asteren ondoren amak lanera itzuli beharra? Ekonomiaren ajeak esango du ahots jainkotiarren batek. Susmoa dut sistemak (borondate faltak) ez ote dituen umeak jaio orduko panpinatzat hartzen. Badira umearen zaintzan, parekidetasunean beste modu batera jokatzen duten ereduak; hain zaila al da gizartea eraikitze lanetan hobeto ari den horren egiteko modua kopiatzea?


2017-05-03

Itaka_Mahaitasunez_2017-4-29


Mahaitasunez-Mésame proiektua errezitaldi musikatu dantzatua baino dezente gehiago da. Hezkuntza sentitu eta egiteko modua, egunerokoan hezkuntza bizitzeko modua da. Egunerokoa baitu ardatz maiatzaren 5ean Beasaingo Igartza Jauregian arratsaldeko zazpietan ikusgai izango dugunak. Lau nafar oholtza lagun hartuta herrian arituko da Ekaitz, baina, dagoeneko proiektuak zabaldu ditu hegoak besteak beste Atarrabia, Ordizia eta Tolosara hegan egiteko. Irakasle-ikasle harreman horizontala oinarri hartuta  maitasuna, transexualitatea eta bizitza bera izango ditu ardatz emanaldiak. 

Larunbatean, apirilaren 29an, Itakan solasean aritu ginen Ekaitz Goikoetxearekin, Andoni Amadoz dantzariarekin eta Olaia Baigorri poetarekin. Hirurak oholtza gainean izango dira ostiralean, baita Eduardo Zudaire eta Mikele Grande ere. Guztiok gonbidatuta zaudete bertaratzera; bertaratzen denak gozatu egingo du eta bertaratzen ez denak bizitza goxatzeko aukera polita galduko du. Ostiralera arte!


2017-04-28

SEI HILABETE

Elederren eskutxoak_2017-4-28


SEI. DANTZAREN HILABETEA.


Airea astintzen duzu eta zure pozaren oihartzunak haize bihurtzen dira gure bihotzetan. Oinak eskuetan, ezker-eskuin mugitzen duzu burua, baietz, dantzan jarraitu nahi duzula behin eta berriro esanez. Ahoa zabaltzen diguzu gure begietaraino eta tarteko jolas guztiak zeure egiten dituzu dantza bihuruz. Aspaldian erromeria eder bat da zure ingurua eta guk ere dantza egiten ikasi dugu zure erritmoan. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:


Gaur ari gara urte
erdia ospatzen,
esku-oinen jokoan
zein pozik zoazen,
itxuratu duzuna
fandangoa al zen?
Musika entzutean
ez zara geratzen,
arin ikasi duzu
suelto dantzatzen. 

2017-04-06

NIRE AMAREN BULARRA DEFENDATUKO DUT

Eleder eta Irati Etxauriko baso artean

Gaur egin dute institutuko ikasleek urteroko literatur emanaldia; aurtengo gaia "Nire amaren etxea defendatuko dut". Ederra egin duzue, bejondeizuela egindako lanagatik! Aitzakia polita izan da institutura Elederrekin hurbildu eta urtero bezala nire hitzak zuekin partekatzeko. Hauxe Elederrek amari idatzitako beste eskutitz bat:

Kaixo, amatxo!

Kontatuko dizut sekretu bat? Sekretu txikia da, txiki-txikia, baina, ez zait mingainaren aho korapiloan kabitzen eta norbaiti kontatu behar diot. Lotsa pixka bat ematen dit jaio nintzenean pixka bat beldurtu nintzela esateak, baina, badakit ez diozula inori kontatuko. Beldur pixka bat, pixka-pixka bat bakarrik, horregatik zikindu nizun kakaz bulargaina. Kakari eusten ere ez dut oraindik ikasi, eskua ez zait ipurdi parera iristen eta dena braustakoan erortzen zait ez dakit nondik. Nondik erortzen da kaka, ama? Beldur pixka bat sentitu nuen, bai. Eta ez dakit zergatik. Argitasunagatik, epeltasun faltagatik, garrasiengatik… zergatik egiten zenuen horrela garrasi? Nora joan behar nuen jakin nezan? Beldur pixka bat sentitu nuen, pixka-pixka bat, eta horregatik egin nizun kaka pixka bat, pixka-pixka bat, bular gainean. Bitxia da, baina, sentitu nuen beldurra segundo erdikoa edo izan zen. Ez dakit nola azaldu; sentitu nuen eta aldi berean ez nuen sentitu. Hori zenbat denbora da, ama? Segundo erdiko beldurrak existitzen dira?

Berehala, jaio eta oso-oso gutxira, zure bularrari helduta nengoen eta hor beste argitasun bat, beste epeltasun bat eta beste ahots batzuk topatu nituen. Ez dakit nik heldu nion zure titi-buruari edo zure titi buruak heldu zion nire ahoari. Ze gozoa, ama! Bost hilabete pasa dira ordutik eta zure bular arteko habia nire etxe bihurtu dut. Hor ez da sartzen ez minik, ez goserik eta ezta beldurtuko nauen mamurik ere! Eta gainera, zure bihotzaren erritmoan, taup-taup-taup, dantza egiten dit aurpegiak.

Eguna zoragarria izaten da zure ondoan, ama… baina, gaua… Ai, gaua iristen denean… hori bion sekretua da. Ederrak dira gauak zure bular artean, amatxo. Noiz arte, amatxo? Beti izango dira nire zure bularrak? Noiz arte da beti? Zureen trukean nire bularrak zuretzako. Hartara etxe berean biziko gara beti. Gustatuko zaizu nire esnea?

Asko-asko maite zaitut; asko baino gehiago. Zortzi bihotz maite zaitut, ama. Zure txikia,

                        Eleder

2017-04-01

Itaka_Gorka eta Eider Zabaleta_2017-3-4

Eider eta Gorka Zabaleta Segura Irratian_2017-3-4

Gorka eta Eider anai-arreba oiartzuarren bisita izan zuen Itaka saioak martxoaren 4an. Mundura zabaldutako ahotsen hegaldiak geldialdi goxoa izan zuen Segura Irratiko estudioetan. Ekaitz  gidari hartuta kolorez jantzi zuen bikoteak larunbat goiza. Plazera zuen kantua lagun izatea!  Ezkaratzetik Itxaro Mendizabal aritu zen solasean. Eskerrik asko denoi!

2017-03-28

BOST HILABETE

Elederren eta Luisen eskuak

BOST. BEGIRADAREN HILABETEA.

Hegan eta saltoka egiten dizu ihes begiradak eta begiak atzetik joaten zaizkizu korrika; mundua duzu harrapatzeke. Sudurgaina jolastoki handi bat da, lepogaina begiratoki infinitua. Distantzia-neurri guztiak ari zara korapilatzen  zure baitan eta begi-ninia handitzen eta handitzen ari zaizu potolo-potolo. Begiradaren misterioa da; mundua arroz ale ttiki bihurtzen du zure begietan. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu: 

Bosgarrenera ere
ailegatu zara,
lepoa darabilzu
hona eta hara,
burua ere zutik 
daramazu jada,
sua, ura, haizea
bizitza bera da
erakartzen duena
zure begirada.

2017-03-27

Itaka_Miren Gorrotxategi_2017-2-25

Miren Gorrotxategi
Eliza hark ez zuen ezkilarik eta oihartzuna zulo handi bat zen. Zulo handi bat zen deiadar bihurtu gabeko negar guztiek ur ontzian sortutakoa. Eliza hark ez zuen ezkilarik eta ezkildorreko sabelak soinu-festaren gosea baino ez zuen sentitzen. 

Herrian falta zen ezkilaren inguruko istorioak hamaika: ez zuela sekula ezkilarik izan, nahita utzi zutela erdi eginean badaezpada ere, oilarraren gandorrean ezkutatu zuela Juanitak, bizkarrean hartuta eraman zuela Andresek eta etxean duela ohe azpian ezkutatuta. Ezkila hor, bere tokian dagoela esaten duenik ere bada, hor dagoela, bere tokian baina ikusezin, tximisten joan-etorrian azaldu eta desagertu egiten dela. 

Eliza hark ez zuen ezkilarik, baina, ezkila-hotsik ez zen falta herrian; kanpaikadaka egiten zuten oihu herritarren eztarriek. 

Gaur bi ditu baten faltan, bi ezkila; eta isiltasuna inoiz baino ozenagoa da. 


Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrarekin aritu ginen solasean otsailaren 25ean. Agustin Zubikarai saria jaso duen "33 ezkil" nobela izan genuen mintzagai. Eskerrik asko, Miren, gozo-gozo eskainitako tartearengatik!

Iñaki Bastarrikak Peru Magdalena idazlearen "Argia" poema liburua aurkeztu zigun.


2017-03-24

Itaka_Unai Villena_2017-2-18

Unai Villena
Hauts haietatik gelditzen dena doministikua da, irentsi ezin izan ziren beldurren aldarria. Muki jario itsaskor bat zulatu ezin izan ziren paretetan.

Hauts haietatik gelditzen dena begien gorritasuna da, negarretarako balio ez zuten malkoen odol jarioa. Itsaso lehortu baten igeritarako gogoa. Igeritarako beharra. 

Hauts haietatik gelditzen dena arrastoa da. Hatz jolastiren batek betikotu nahi izan zuen iragana. Trapu zahar bat, inork zabaltzen ez duen kaxoia, ahaztuta gelditu dena. 

Hauts haietan hilobiratu zituzten mamuak. Gaur orduko izara zuriak belzten hasita daude, hautsak hartuta. 

 

Otsailaren 18an Itakan izan genuen Unai Villena. "Hauts haietatik" liburua izan genuen mintzagai; bizitza bera, alegia. Paretak margotu genituen ordubetez eta isunik ez zaigu iritsi oraindik. Unai... akaso bizitza hori da... ordaindu gabeko isun potolo bat!

Ezkaratzetik Ion Telleria aritu zen. 


2017-03-23

Eskerrik asko, Patxi


Ekaitz, Joan Mari, Patxi, Eleder eta Irati_2017-3-19

Masusta more heldua ahora eramatearen parekoa; astero-astero zure poema goxo horietako bat mezu elekroniko bidez jasotzea: "Kaixo, Irati... aste honetako poema... bihotzez, Patxi.". Urteak daramatzagu larunbatero-larunbatero Itaka literatur saioa zure olerki batekin hasten; urteak zure hitz bidezko emozio eta sentipenak uhin bidez haizatzen. Igandean Legorreta herriak egin zizun omenaldi zoragarrian guk ere parte izan nahi genuela eta urtetan jasotako altxorra modu apal eta xumean oparitu nahi izan genizun. Hunkigarria izan zen oso igandean zure ondoan egotea, zure begietara begira hitzekin jolasean aritzea, zuri bi muxu ematera hurbildu eta belarrira xuxurlatu zenidan "preziosa" neure egitea, Joan Marirekin eman zenuen besarkadaren testigu zuzen izatea. bizitza eta pentsamendua dantzatu behar ditugula (nik biak aukeran, suelto eta agarratuan) zure ezpainartetik entzutea. Beste behin, eskerrik asko urrutiko lur hauetan zure ondoan egoteko aukera emateagatik. Etxerakoan Eleder txikiak galdetu zidan "amatxo zein zen gizon hori?" eta nik bihotz handi bat  zarela kontatu nion. 

Urruti
non da urruti?
Han da urruti.

Atzo da urruti
denboraren ihesbideetan inoiz ez;
inon ez da urruti.

Urruti da hemen
gertu sentitzeko eguzkiak falta bazaizkigu.
Urruti da orain
isiltasunak sortzeko hitzak falta bazaizkigu.

Baina, batez ere…
Batez ere
urruti da neure burua
neure begiei atera nien argazkien bilduma betazalen ispilu bihurtu denetik.
Batez ere urruti da neure burua.

Orain igerian ikasi behar dut
izan ere,
izan ere itsasargia urruti dago
orain gertu, orain urruti
orain gertu
orain urruti
itsasoa laino dago Baionako barraraino, nik zu zaitut maiteago…



Lurra, lu-rra, lurra, lu-rra, lurra
Oi lur, oi lur, oi ene lur nerea…

Oinpeak fosildu zaizkigu eta
dinosauroak behatz arteetan kukuka sumatzen ditugu galdutako lur eske.
Eta masusta berdeak
(euren burua nola gorritu behar zuten ahaztu zutenak)
eta masusta berdeak ematen dizkiegu aseko badira.

Lurrak ditu behinola beharrezko genituen ordulariak
Tik-tak, tik-tak, tik-tak, tik-tak
Lurrak ditu behinola beharrezko genituen ordulariak.

Denbora gose da
baina ez dago nahikoa masusta eternitatearentzat.
Horregatik hasi da denbora poemak bazkatzen
eta lur gero eta potoloagoaren masailetan
hartzen du jatekorik ez duenean atseden.
Hauek. Hau-ek. Hauek. Hau-ek.
Hauts hauek dira zure magia,
hitz hauek zure altxor.
Begi hauetan aurkituko dituzu esku hauek
eta haizeak
haizeak-haizeak-haizeak-haizeak
eta haizeak ez ote ditu bihotz hauek eramango.


Ez dago urrutira joan beharrik (beharrik-beharrik-beharrik-beharrik)
ez dago urrutira joan beharrik
lur hauek gure egiteko,
zu maitatzen ikasteko,
zure poemetan bihotzak aske sentitzen ditugula sinesteko.
Patxi, eskerrik asko.



Nola irudimenak
gaua oroitzapen,
hitzak zauria salmo
bihurtu dezakeen,
urrutiko lur hauek
samurtu gaitzaten,
segi liburu edo
paper-mutur baten
gure atsedenari
atsegin ematen.

Ekaitz eta Irati_2017-3-19

Goierri Telebistak grabatutako omenaldiko irudiak: http://www.gitb.eus/azken-berriak/9419-patxi-ezkiagak-urrutiko-lur-hauek-liburua-aurkeztu-eta-legorretarren-omenaldia-jaso-zuen

2017-03-12

URTE ASKOTARAKO, AITONA!

Eleder eta Joxe
Kaixo, aitona!

Amatxok aste honetan kontatu dit 65 urte betetzen dituzula gaur. Hori zenbat da? Asko ala gutxi? Zenbat urterekin zuritzen da bizarra? Nik ez dut nahi bizarra ateratzea; osabak ematen du trikuak dituela masailetan eta nik amari muxu leun-leunak eman nahi dizkiot. Aitona zuk zenbat muxu ematen dizkiozu amatxori? Nik asko-infinitu; batzuetan bukatuko zaizkidan beldur izaten naiz. Emango dizkidazu batzuk nireak bukatuz gero gehiago edukitzeko?

Amatxok kontatu dit munduan ez dagoela zurea bezalako bihotza duen pertsonarik, munduko aitonarik onena dudala eta asko-asko-infinitu maite nauzula; munduko txoko guztietako lagunak dituzula eta mundua zure baitan bizi dela. Zure baitan zer da? Zure poltsikoan? Ni ere bizi naiteke zure poltsikoan?

Aitona noiz egingo dut zurekin lo? Amonari esan toki txiki bat egiteko niri. Gauean gosetzen banaiz, amonak emango dit esnea? Amatxok zurrunga handiak egiten ditu eta esnatu egiten nau. Nik nahiago dut zurekin lo egin; zuk ez duzu zurrungarik egiten, ezta?

Oso pozik nago! Pultsera bat egin dizu amatxok eta esan dit bi urte barru berdin-berdina egingo didala niri eta horrela elkarri eskutik helduta egongo garela beti.

Nola esaten da? Zorionak? Asko-asko maite zaitut; asko baino gehiago. Zure zorion, Eleder.


           

2017-03-08

Martxoak 8. Argazki bat

Eleder, Irati eta Luisen eskuak_2017-3-8
Gutxiengoa den arren... bada argazki hauek zabaldu eta eredu bihurtzen hasteko garaia.
Zu da Luis eta ni da Irati.

Bazkaria zure kontu, ontziak nik garbituko ditut, Elederren bainuarekin biok gozatzen dugu, komunak zuk garbitu, banoa zaborra botatzera, Elederri pixoihala aldatuko diot!, bularra eman ondoren gaur zuk lokartuko duzu txikia, ipuina nik kontatuko diot, erosketak egitera zoaz?, arropak elkarrekin eskegiko ditugu badugu eta elkarri zer kontatu…
Egongelako liburu arteko hautsa kentzea bioi ahazten zaigu.
Nekatuta gaudenean, Elederren jostailuak hankaz gora utzi eta biok joaten gara ohera.
Zunizuzuzuninizuninininizuzuzuzuzuninizunizuzunininizuzuni
Etxean ez dago zure edo nire derrigorrezko betebeharrik; elkarrekin eta elkarrentzako… taldea da gurea. Aupa ekipo! Txikia ere egin dugu taldeko; asmatuko ote dugu etorkizunaren eredu izaten!

2017-02-28

LAU HILABETE

Elederren eskua_2017-2-28

LAU. SOINU-HOTSEN HILABETEA.

Antzarak, beleak, asto txikiak eta igelak; zoologiko bihurtu da zure eztarria, oihan basati. Ahots kordetan zilipurdika dabil zure hots-soinuen oihartzuna, afinatzen pasatzen duzu goiz erdia eta kantuan beste erdia. Zure ahotsa gustuko ote duzun jakin nahian lau ahotsetara egiten diozu kantu bizitzari. Eta gu zure aho kobazuloan sartu nahian ipurtargi bihurtuta. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu: 

Orain eskuen dantza,
orain lenguaia,
uneoro berritzen 
da zure paisaia,
abababububaba,
ababubuiaia,
nahizta zure kodeak
deszifratzen saia,
zuk bakarrik dakizu 
bere esanahia.

Eleder hizketan:

2017-02-27

Itaka_Goizalde Landabaso-2017-1-28

Goizalde Landabaso
Badaezpada ere kopia. Dabilen errekari ura igerian joaten zaion bezala, ez dabilen pentsamenduari memoria joan ez dakion zilipurdika.

Badaezpada ere kopia. Etorkizunak iraganarentzat tokirik gorderik ez badu, badaezpada ere kopia. Orain eta orain iragana berritu dezagun. 

Badaezpada ere kopia. Irribarre nola egin ahazten bazaigu, badaezpada ere kopia. Ez badugu asmatzen lo egiteko begiak itxi behar ditugula. 

Badaezpada ere kopia. Atzera egitea beti delako tentazio.

Badaezpada ere kopia. Aspertzen bagara trapu zaharrak astintzeko aukera izan dezagun. 

Bizipen orijinalak desagertu egiten direlako. Badaezpada ere kopia. 


Goizalde Landabasorekin solasean aritu ginen urtarrilaren 28an "Babeserako kopia" liburuaz. Eskerrik asko mahaigaineratutako hausnarketa guztiengatik!


2017-02-14

TXIMUARENA EGITEA



Gure aiton-amonen aiton-amona zahar-zahar-zaharrak tximuak zirela irakatsi izan digute txiki-txikitatik. Gure odol-bide korapiloz beteetan tximu-sena dabilela, alegia. Gure barne bulkadei hozkarik egin gabe jolasteari esaten diot nik tximuarena egitea. Jolastea gogo-nahi-irrikak pizten diren momentuan; batez ere egunez eta kalean. Jolastea mingain, esku eta oinen jolasa mutilatu gabe. Badirudi ez dakit nork, noiz, non idatzitako arau absurduren bat medio adin batetik aurrera (esan dezagun, adibidez, zazpi urtetik aurrera) ezin garela saltoka-saltoka ama, aita, lagun, bikote edo ezagun baten lepora korrika betean hurbildu eta ezin dugula besarkadaka eta muxuka jan. Nonbait, hori ez da formala. Badirudi ogitartekoa etxean janda atera behar dugula kalera. Nonbait, ez da formala pintxo janetik kanpo etxean egindako ogi-txokolate pastela janez kalean gora joatea. Badirudi kalean ezin dugula barre algaraka egin, ozen, denek entzuteko moduan. Badirudi diot, inor gutxiri ikusten baitizkiot esku-beso, hanka-oin eta ezpainartea nahierara aske.

Betidanik egin izan dut tximuarena kalean. Baita zazpi urteko muga pasa eta gero ere. Zazpi urteko muga pasa eta gero batez ere.  Aitaren besotik zintzilik, salto txikika paseatzea gustatzen zait; ama muxuka jaten dut urrutira ikusi eta korrika hurbiltzen natzaionean, platano-sagarrak janez ateratzen naiz kalera gose banaiz eta barre algaraka lehertzen naiz kale nahiz saltokietan anaiak edo bikotekideak horretarako arrazoia ematen badidate. Nire barne tximinoak etxeaz haragoko zoologikoa maite du. Nire barne tximinoak ez du etxerik edo gau iluneko mozkorkeriarik behar jolasean aske ibiltzeko.

Behin mutil batek esan zidan arreta ematen ziola eta izugarri gustatzen zitzaiola kalean azaltzen nuen jarrera jolastiak. Ezagutzen ez nuen emakume bat hurbildu zitzaidan kalean pasa den astean. Elederri kontu-kantari ari nintzaion eta Luisi muxu txikiak ematen. Hurbildu eta irribarre egin zidan. Eta esan jarraitzeko jarrera alai horrekin. Asko gustatu zitzaiola kalea neure egiteko erakusten nuen modua. Tximuarena egitea gustatzen zait esan nion. Eta berak eusteko horri. Eta  ze inbidia. Eusteko horri eta ze inbidia ematen didazun esan zidan. Oso erraza da esanez agurtu nuen, zure eskura ere badago tximuarena egitea.

Ez dakit, eguneroko joan etorrietan hits ikusten dut kalea, ilun, triste, aspergarri, tenteegi, isilegi, formalegi.

Uste dut politagoa eta erakargarriagoa  litzatekeela eguneroko normaltasunean tarteka buruak lepo gainean joan behar duela ahaztuko bagenu. 


Euskalerria irratian entzungai. Gaurko irrintzia:
 http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1487089754046