2009-09-25

Ni B + (Baikorra eta positiboa)


Astelehen gauean negarrez oheratu nintzen, triste, eta une batez malko gorriak isurtzen nituela egin nuen amets lo hartu aurretik. Hiru aldiz odola eman eta bost urtez odola eman gabe egon ondoren, berriro ematen hasteko garaia zela erabaki nuen.


Ilusio handiz hurbildu ginen odol-emaileen zentrora aita, Ekaitz eta hirurok. Astelehenekoa ez zen amaren txanda. Ilusio handiz hurbildu nintzen, batez ere Ekaitzengatik, halakorik egiten zuen lehenengo aldia zelako. Errenteriako Olatz, unibertsitateko ikaskidea, etortzen zitzaidan behin eta berriro burura, eta berarekin lehenengo aldiz odola ematera joan nintzen aldia.


Tentsioa ongi, burdin-maila zer esanik ez, eta medikuaren galdeketa ezezkoz beteta, bai, odola emateko prest nengoen.


Hotzarekin uzkurtu egiten omen dira zainak. Oso-oso zain finak dituzu, erizainak; eta nik irribarre. Oso-oso-oso finak, orratza bera baino finagoak, erizainak. Eta nik irribarre zabalagoa. Irribarreak ezkutatzen omen ditu urduritasuna, beldurra, mina eta tristura. Ezkutatu nahi direnean, noski! Bestela, negar egitea onena. Saiatu, saiatu zen erizaina, bi hoditxo odol ere atera zizkidan, baina, zaina bera ere beldurtu egin zen, nonbait, orratzaren dimentsioekin eta puskatu azkenean. Hurrengoan izango da erizainak, beharbada bero egiten duen egunen batean. Eta nik irribarre. Zer moduz zaude? galdetu zidan erizainak, zorabiatuta? Eta nik ezetz, triste nengoela; ezin izan nion ezkutatu triste nengoela. Aitak eta Ekaitzek nahi bezain azkar bete zituzten euren poltsak; hainbestean!


Zauri txikiak eraginda aterako zitzaidan ubeldua zaintze aldera erizainak ukendu bat eman bitartean, nire hariei lotuta egon zen odol-poltsa hutsa olerki hitzez betetzea izango zela onena otu zitzaidan.


Odolbideek hiru orratz dituzte;

nahiarena,

ezinarena, eta

nahi eta ezinarena.

Niri mingarrienak egin dit

zizt

baina, ez zait odolik atera.


Zer moduz zaude? erizainak berriro; eta nik, ongi. Oraingoan bera izan zen irribarre egin zidana. Odol-zainak hustu ez banituen ere, barrua behintzat hustu nuen, eta ikasi, olerkiak ez direla puskatzen. Asmoak ere ez.

4 comentarios:

  1. Odolari ere idatz al dakizkioke sekulako bertso politak??
    Normalean irakurtzen dut blog interesgarri hau, baina azken biak unkigarriegiak ziren ezer idatzi gabe ordenagailua itzaltzeko.
    Hurrengoan beteko da poltsa odolarekin bertsoekin beharrean, nahiz eta gaixo baten bizitza luzatzeko biek pareko ahalmena izan.

    Asteartera arte

    ResponderEliminar
  2. Ni ere eta nik ere

    Ni ere “Baikor eta positiboa” naun hi bezalaxe !! Bai behintzat, nire odol-motaren izenez.

    Gainontzean ere gustatuko litzaidaken baikorra eta positiboa banintz… Baina oraingoan ere ez zidan asko lagundu horretan, hik, berripaperean "itzain" izateari uzteak. Nik ere, “etorkizunari zorrotz” begiratuko zionat hemendik aurrera ere. Segi itzain lanetan, Irati, gure kontzientziak akuilatzen !!

    ResponderEliminar
  3. Hurrengoan beteko al da! Zainak hitzez beteko balira... Nik uste betetzen laguntzen dutela!

    Eskerrik asko pistarengatik ;·) asteartera arte!!!

    ResponderEliminar
  4. Egun on Laiotz!
    Hitzaren zain baino, hitzaren bila ibiltzen gaituk gu, ezta?

    A ze sorpresa hartu diadana! Probabilitatearen arabera... Gehienak O- omen dituk eta...

    Baikortasunak begiak argi mantentzen dizkik! Eutsi horri!

    ResponderEliminar