2010-03-08

ELISA ETA EGUN BAT GEHIAGO (adibidez, martxoaren 8a)


Elisak izerditan ditu eskuak,

borrokan aritu da ispiluarekin.
Zauri txiki bat ere egin du ezkerreko bularrean
eta bere logelako usaina sartu zaio bihotzean barrura.
Itota sentitzen du pixka bat bere burua,
perfume usain gogorregia dauka bere logelak.

Egunari gurutze bat egingo lioke, eta
"ez, gaurko eguna ez zait gustatu" idatziko lioke bizkarrean, eta
zakarrontzira botako luke gero, eta
borrokan arituko litzateke ispiluarekin berriro.

Gaur ere bi gosari prestatu behar izan ditu goizean;
kaferik hotzena edan behar izan du eta ogi xigorturik ez da gelditu berarentzat.
Mermelada arrastoak igogailuan gelditu dira.

Nagusiak gonapean lizundu dio begirada,
irribarrea latigoz astindu dio,
eta "zoaz lanera, maitia" bota dio gainera,
soldatako xentimo urratuak justifikatzeko eskatuz edo...
... auskalo zergatik!

Etxera bidean parkeko umeei begira egon da,
eta sabel hutsa astun sentitu du,
eta erlojua pisu,
eta ilargia gainean,
eta egutegia zintzilik.

Egunari gurutze bat egingo lioke, eta
"ez, gaurko eguna ez zait gustatu" idatziko lioke bizkarrean, eta
zakarrontzira botako luke gero, eta
borrokan arituko litzateke ispiluarekin berriro.

Eta orain ohera itzuli behar duenean
izarak zimurtuta ote dauden galdetzen dio bere buruari.


Elisak izerditan ditu eskuak.
Goizean haria eta jostorratza hartuko ditu
eta bularreko zauri txikia ixten saiatuko da.
Beldur bakarra dauka,
perfume usaina zauriak bere baitan irentsi ote duen beldur da Elisa.

9 comentarios:

  1. irati beste poesia zuretzat:

    Gaur egun,
    dena teknologiarekin
    ez baigara gai,
    aurrez aurre esaten gure hitzekin:

    Mutil laguna utzi nahi,
    bidali mezua ordenagailuarekin.
    ez duenez erantzuten,
    hasi beste mutilarekin.
    Mutila ordnagailua piztu
    ta mezua arretaz irakurri,ezin sinetsi.
    Pentsatuz buruarekin,
    joan da neskaren bila.
    Aurkitzean ikusi, beste batekin.
    Berak beste aukera bat eskatu nahian,
    bihotz apurtuarekin
    te bera muxukatzen,
    bere mutil lagunarekin.

    ResponderEliminar
  2. Egia lotsagarri eta mingarriak aitortu dizkigute gaur bertso politek, ahots eztiak, ikasle eta irakasle askori.

    Egon nintzen bertsoren bat idazteko gogoz paper zuriaren aurrean eta boligrafoa eskutan, baina uste dut euskaraz poesia idazteko oraindik ez naizela gai.

    Mila esker hitzengatik, akordeengatik eta txaloak merezi izan dituen gauza orogatik. Baita trenetik kapela italiarrak bailiran irribarreak botatzen ibiltzeagatik ere. Etxeko sukaldean zintzilikatuko dut bat.

    Ondo ibili.

    ResponderEliminar
  3. Kaixo ....,

    begirada baten izerdia izoztu egiten du ordenagailuak. Nahiz eta nik bero sentitzen zaituztedan!

    Eskerrik asko!

    ResponderEliminar
  4. Nork esan zuen Leire, kapeletan untxiak daudela ezkutaturik?

    Edo akaso untxiak dira poesia egiten dutenak, edo Italiatik oinez datoztenak, edo etxeko sukaldeetan zintzilikatzen ditugunak.

    Animo Leire, nahigabe ere poesia da eta askotan idazten duzuna!

    ResponderEliminar
  5. Ostiral goizean neskato batek olerki bat sartu zidan poltsikoan. Ostiral goizean poeta-bideen gurutzbidean neskato bat ikusi nuen nora jo zalantzan. Ostiral goizetik oinez dabil Edurne Zuri eta zazpi ipotxak atzetik ditu dantzari, berak idatzitako poesia kantu-lagun.

    Mundua, jendez betea,
    guztiak ezberdinak,
    barrutik eta kanpotik,
    bihotz beteak,
    beste orduak,
    beste ohiturak,
    baina azkenean,
    BERDINAK

    Edurne Zuri

    ResponderEliminar
  6. Zorionak Irati: zer nolako olerki puskea. Badago, bai, zer egina, eta ez gutxi, gainera, emakumeen eskubideen alde. Txiki txikitandikan, berdintasuna aldarrikatuz, berdintasuna landuz, jarri behar gara, denok batera, emakume eta gizon, baina, emakumearen gidaritzapean.
    Besarkada bat. Ongi izan
    Ines

    ResponderEliminar
  7. Bejondaizula Irati: Emakumeen Nazioarteko Martxa eta Egunaren aldeko elkartaratze eta manifestazio guztiekin, bat egin dezagun eta mobilizatu gaitezen: gaur, bihar, etzi, etzidamu...
    Miren

    ResponderEliminar
  8. Bai poesia polita Irati zu denetan ausartzen zara, e? Asko gustatu zait baina ez nago oso seguru ongi uletu dudan. Klasean esplikatuko?

    ResponderEliminar
  9. Mila esker Andrea, ea tutoretza saioren bat edo beste literaturari eskaintzen diogun!

    Zu ere ari zara ausartzen eta ikusiko duzu nola urratuko duzun bidea poliki-poliki. Ea kurtsoa bukatu baino lehen zure bibolin doinuekin zerbait errezitatzera iristen naizen!

    ResponderEliminar