2010-03-03

IRATIK IRATIRI EGITEN DIO TIRA


Irudia: bi lankide-lagun institutuko eskilaretan elkarren ondoan eserita elkarri poesia errezitatzen. Koldo eta ni. (Bai, horretarako ere probesten ditugu klase-ordu tarteak; literatura pixka bat usaindu dezaten eskilara horretatik pasatzen diren ikasleek).

Hala eserita nengoela nire buruari esan diot "blogean deskribatzeko argazki polita Irati". Irribarrea irri-tonto bihurtu zait, ordea, Rafa lankidea inguratu eta esan didanean, hortxe elkarri belarrira poesia errezitatzen ari ginela, institutuko eskilaretan: "Irati argitaratu dituzte lekualdatze-lehiaketako zerrendak". "Bai, eta?" Begirada bihurriegia sumatu diot, urduriegia. "Bai, eta?" nik berriro. "Otsagi". "Otsagi, zer?","Hasteko maleta handi bat prestatzen Irati, Otsagi esleitu dizute".

Iratik Iratiri egiten dio tira. Eta nola egin uko halako argazki ederrari! Gustura joango naiz (behin betiko aukera ez da baina...), zergatik ez, akaso nire lehen literatur liburua osatzeko patxada topatuko dut. Pena bakarra horixe, nagoen tokitik mugitu beharra. Ikasle eta lankide zoragarri hauei agur esan beharra; eta bakarra izan arren, handia da pena. Oso handia.

6 comentarios:

  1. Gaurko sarrera irakurtzen hasi naizela irudi polita etorri zait gogora. Niri ere gustatuko litzadake eskailera horietan poesiaz gozatzeko tarteren bat hartzea. Baita bertso horiei heltzeko aukera izatea ere. Denbora gutxi kostatu zaio ordea irudiari urruntzea. Hori bai, irribarretsu aldendu da.

    Pena bakarra izan arren handia dela diozu. Zu joateak pena bat baino gehiago sortuko duelakoan nago ni. Pozten nau paisaia horietan, mendien babespean egoteko duzun gogoak. Irakurriko al dut egunen batean han jaiotako zure libururik. Eta libururik jaiotzen ez bada hamaika ikasleren irribarreak jaioko direla ez dut zalantzan jartzen. Bazoaz beste leku batera irakatsi eta ikastera. Beraz, heldu da irakatsitako guztiagatik eskerrak emateko unea. Pasabideetan zure irribarrea ikusteari utzi behar badiot ere jarraituko dut blog hau bisitatzen eta beraz ikasten. Aitortu beharra daukat, zure ikasle (ofizialki) izateko gogo handia nuen.

    Muxu bat

    ResponderEliminar
  2. Zergatik egiten dute malkoek irrist irribarreak badira oparitzen dizkidazunak?

    ResponderEliminar
  3. Zenbat sentipen, zenbat emozio kontrajarriak, une honetan halaxe somatzen zaitut; ez naiz ikasle, ez eta lankide, miresle bat baizik, eta badakit negar malko ugari isuriko direla zure inguruan, jakin ere badakit, irrifar ugari eta gozoak sortzeko zarela, han, mendi artean, Otsabin. Utziko al didazu zurekin joaten? Desberdina zara, arrastoa uzten duen horietakoa, indiferentziaren garai hauetan, indiferente pasatzen ez den horietakoa: kezkatia, konprometitua eta maitagarria.
    Hemen, han, zauden tokian zaudela, eta bloga hau bizirik diraun bitartean, ni oso gertuan izango nauzu.

    Mikel

    ResponderEliminar
  4. Aupa Irati: zure azken albistea irakurri eta gero, ez dakit parre edo negar egin, agian, bietatik egin beharko nuke. Izan ere badakit edo somatzen dut, han, Iratiko basotik gertu, Abodi mendia eskura duzula oso zoriontsu sentituko zarela; bestetik, ikus eta sentitu dezaket zure malko jarioa zure ikasle maiteak uzterako garaien. Horrela da bizitza, txanponak, beti, bi alde ditu, eta seguruena hala izatea komeni da. Hor zauden bitartean adorea eta indarra, aurrera, etorkizunean, ere bai. Izan zoriontsu eta segi batera eta bestera baikorra izaten eta zure poz-zoriona kutsatzen.

    ResponderEliminar
  5. Irati, imajinatzen al zara, hor,udazken koloreetan, etzanda, urre koloreko garo hosto artean. Ene! bada, zein eder eta polit ikusten den dena. Aupa Irati, maitte zaitugu.
    Ameslariak

    ResponderEliminar
  6. Irati, Orhi, Abodi:zein paraje idilikoa, bukolikoa; agian, hau izan daiteke aspaldidanik amesten duzun ideia hori burutzeko aukera eta garaia. Liburua noiz argitaratuko zain gaude,
    eskuetan hartu eta labetik irtendako ogi goxo modura irensteko. Aupa neska! zoragarria zara eta.
    Ane

    ResponderEliminar