2010-05-24

SAN CRISTOBAL








Atzo Iruñako San Cristóbal gotorlekuan elkartu ginen, Ezkaba mendian. Maiatzaren 22aren bueltan urtero elkarretaratzea antolatzen dute Memoria Historikoaren aldeko Txinparta elkarteak eta Senideen Elkarteko kideek. Atzo ihesaldiaren 72.urteurrena ospatu zuten; ospatu genuen. San Cristobalgo presondegian egon zirenen senitarteko asko, Gerra Zibilak zigortu zituen familia asko eta senitarteko horien ondoan egon nahi izan genuen beste asko elkartu ginen; memoriari gure hitza xuxurlatu asmoz, memoriari gure begirada besarkatu asmoz.


Koldok erakutsi dit bertarako bidea eta aurten lehenengoz izan naiz bertan.Txoko oso ezberdinetako lagunak ezagutzeko aukera izan dut, beraien istorioekin nirea aberasteko aukera; memoriak oraina aberastu eta etorkizuna bideratzen laguntzen digulako. Besarkada potolo-potolo bat Olga, Ernesto, Ana Couzi, Julieta, Willy, Hedy, Julia, Maria... eta hainbeste eta hainbeste urtetan isilpean beren oihartzuna lotua izan duten familia guztiei.

MEMORIAREN PAUSOAK


Bidea urratu du isiltasunak, oinez egin ditu azken egunak.

Ezpainartea laku izoztua da,

memoria izotz ondoko eguzki urtua.


Begietara begiratu dio bilobak amonari,

eta kontatzeko eskatu isiltasunak zergatik utzi duen bidean arrastoa.

Amonak ez zuen igerian ikasi,

gazterik izoztu zitzaion eguzkia.

Memoria lakuan itoko zaion beldurrez pasa ditu urteak.

Bilobak berak igerian badakiela esan dio eta egoteko lasai.


Eta berriro galdetu dio isiltasunak zergatik utzi duen bidean arrastoa,

eta zergatik begiratzen duen horrenbeste atzera,

eta non dagoen aitona.


Aitona dela bidean arrastoa uzten duena erantzun dio amonak,

eta isiltasunak bidea urratu egiten duela, eta mindu, eta…

Bilobak marrazki bat egin du;

bide bat marraztu du eta bidearen bukaeran,

amonak aitonaren aurpegia marrazten lagundu dio.


Bidean pausoak ikusten dira,

memoriarenak,

memoriarenak dira pausoak esan dio amonak bilobari

Eta ez ahazteko,

gogoratzeko memoria dela bidea egingo duena.


Ezpainartea laku izoztua da,

memoria izotz ondoko eguzki urtua.

Gaur lehenengoz begietara begiratu dio amonak bilobari.


Irati Goikoetxea


MEMORIAREN LURRALDEAN


Memoriarena da

lurralde urruna,

maiz ahanztura izan ohi

denez erruduna,

oroitu umezurtzak,

oroit alarguna,

hitzez kanporatzeko

heldu da eguna,

horrenbeste urtetan

isildu duguna.



Memoriarena da

lurralde zabala,

fintzen dena zauriak

orbaindu ahala,

bat eginez lur azpi

eta lurrazala,

hildakoen hezurrek

eskatu bezala,

iraganak presente

jarraitu dezala.


Ekaitz Goikoetxea



1 comentario:

  1. Oso eguerdi polita igaro genuen Gerra Zibilak zigortutakoen senideen inguruan. Asko gustatu zitzaizkidan zuen elkarrizkitak, rapa, musika eta bertsoak. Segi horrela, oroitzeaz ahaztu gabe.

    ResponderEliminar