2010-08-09

KOSTALERA (1234 m)


Harkaitzaren indarra, isiltasunaren ziztada, itzalaren borroka eguzkiaren begien aurrean.
Ezpelaren muxua, pagoaren agurra, zer da bidean korrika dabilena?
Haizea kopetan behera irristari; tximeletaren ezkutaleku bihurtu zait besoa.

Kostalera; Kanpezu (Araba) eta Nazar (Nafarroa) herrien artean, Kodes mendikatean dagoen tontorra. Uztailaren 27an bertso bat lapurtu zidana. Sabelean gora harkaitz hotzaren ziztada eragin zidana. Begirada luze, ikusmena maitemindu zidana.


Ioar gainetik Kostalerari
luzatu diot begia,
jakin-minaren har jostariak
irentsi dit ausardia,
ezpela dauka soinean berde,
harri grisean argia,
harkaitz zorrotzen adrenalina,
haitz zorrotzen izerdia,
pauso bakoitza maitasun muxu
bihurtzen duen mendia.


4 comentarios:

  1. Kaixo odol gorriko printzesa: Ni ere Kostalera mendian eta bere inguru zoragarrietan ibilia naiz, aurtengo aste santuan, eta zu handik somatzeak asko poztu nau. Ia inoiz bat egiten dugun halako mendi gain batetan. Izan zoriontsu eta muxu pottolo bat, hau zurea da eta nirea egiten dut.

    ResponderEliminar
  2. Oso pozik irakurtzen ditut gainez gain uzten dituzun bertsoak, oso ederrak benetan. Segi mendia zapaltzen, zabaltzen eta errespetatzen.
    Muxu bat.

    ResponderEliminar
  3. Muxu potoloek hori dute, potoloak direla eta denentzako adina goxotasun badutela! Masailak gorrituta izaten dituzten printzesek ezin odol urdinik izan!

    ResponderEliminar
  4. Bertsoak? Idazten ditudan aldiko hurrengo baterako ideiak bukatu zaizkidala iruditzen zait. Baina, egia esan, mendiak majia hori ere badu, irudimena bizirik mantentzekoa. Bakarren batek pentsa dezake mendi guztiak berdinak direla, baina, xenda (izen polita jarri diozu zeure buruari!) eta harkaitz eta baso eta inguru bakoitza bera eta bakarra da. Bertsoak ere halakoa behar du, bera eta bakarra.

    Muxu handi bat zuretzako bueltan!

    ResponderEliminar