2010-10-07

TALAIA; Pasaiatik Hondarribira


Hondarribira bidean behean
utzi ondoren Pasaia,
deskantsurako aprobetxatuz
ogitarteko garaia,
lagunartean kontu-kontari
osatu dugu bidaia,
itsaslabarrak eskaintzen digu
paregabeko paisaia,
beso zabalik hartzen zaituen
ingurua da Talaia.


Abiapuntua: Pasaia. Pasai Donibane.
Helmuga: Hondarribi.
Tartean: Jaizkibelgo gaina (547 m inguru).
Kontu-kontari: neska-mutiko gaztetxoekin, guraso gazteekin, irakasle helduagoekin... Lagunartea: Izalgo Aita Iparragirre eskolako ikasle, guraso, irakasle eta mendi sailaren arduradunak.
Itsaslabarra: urak lurrari muxu ematen dion tokia.
Talaia: Ibilbideari jarri dioten izena. Begiratoki, zelatagune ederra da; bai itsaso aldera, bai barne, mendi, hirigune aldera.


Hilean behin elkartzen dira Aita Iparragirre Herri Eskolako zenbait ikasle, guraso eta irakasle naturari eskua eman eta mendiaz gozatzeko asmoz. Ekimen txalogarria benetan eta ume eta guraso artean bertaratzeko modua dugunontzat aukera zoragarria. Ikasturteko lehenengo irteera izan zen pasa den igandean Talaiara egindakoa. Pasaia eta Hondarribi arteko bideak 23 bat kilometro eder ditu tartean. Itsasoaren indarrak mendiari tira egiten dio Jaizkibelen. Oraingo honetan esku artean paperik ez eta bertsoa haizeari kantatu genion.
Argazkiak Jon Esnaolak eta Gillermo Urrestarazuk ateratakoak dira. Mila esker!

1 comentario:

  1. Euskal Herriak txokogune ederrak ditu bere luze zabalean, hauetariko bat, zalantzarik gabe, Pasaitik- Hondarribirako zeharkaldia Talaiaren (bide xenda) eskutik, Talaia zoragarria bilakatzen dena. Talde horretako partaide izateko aukera izan nuen, eta esperientzia, ahantzi ezina, zoragarria!!!

    ResponderEliminar