2010-12-05

ZURI, XABIER


Xabier,

sei urterekin aitak esnatzen ninduen igande goizetan, sukaldeko atea zabalik utzi eta logelako atea zabaltzen zidan; zure pauso isila ahots-doinu sarkor bihurtzen zitzaidan izaren azpian. Belarrira kantatzen zenidan, eta ulertzen ez nituen hitzak poltsikoan gordetzen nituen, bai bainekien ulertzeko gai izango nintzen egunean kantuan jarraituko zenuela. Hazten joan naizen heinean, zure poemak, zure liburuak eta zure errezitaldiak gozagai, ikasgai, eta hausnarketarako arrazoi bihurtu zaizkit.

Hemeretzi urte igaro dira; gaur ere igandea da, gaur ere aitak esnatu nau goizean goiz. Xabier Lete hil da, Irati esan dit triste. Isiltasunak zure pausoa luzatu dit ohean barrura, zure ahots-doinu sarkorra. Eskua poltsikora eraman dut eta bila aritu naiz, behinola gordetako hitzen bila. Ohean geratu naiz, eta aitari eskatu diot, mesedez, sukaldeko atea zabaltzeko eta Xabier kantari jartzeko.


Xabier,

negar egin dezaket? Egin dezaket negar Ataungo errezitaldiaren amaieran zurekin egon eta bi muxu eman zenizkidanean egin nuen bezalaxe? Badakit ulertu zenuela; zure ondoan egoteak sortzen zidan zorionak jarri zizkidan begiak igerian. Negar egin dezaket orduan bezala?


Xabier,

Askotan entzun diot amari Garingo eliza ttikian ezagutu zintuela kantari. Zirrara sentiarazten omen zenion, barrua dantzan jartzen. Askotan entzun diot aitari ezagutu gabe edonor zure adiskide eta lagun sentiarazteko gaitasuna zenuela. Askotan ikusi dut Ekaitz zure kantu eta hitzek miretsita, zure poemen errezitaldia kantu bihurtzen. Gaur, beste askotan bezalaxe, mintzagai izan zaitugu bazkalorduan. Polita izan da nire aulkiaren ondoan txokotxo bat zuri egitea.


Xabier,

negar egin dezaket? Egin dezaket negar Ataungo errezitaldiaren amaieran zurekin egon eta bi muxu eman zenizkidanean egin nuen bezalaxe? Badakit ulertu zenuela; zure ondoan egoteak sortzen zidan zorionak jarri zizkidan begiak igerian. Negar egin dezaket orduan bezala?

Gaur putz egin nahi diet poltsikoan gordeta eraman ditudan zure hitzei. Gaur zure ibilian bidaide izan nahi dut. Gaur zure kantuak ezpainetaratuz oheratuko naiz, eta egunen batean nire seme-alabei igande goizetan sukaldeko atea zabalduko diedala egingo dut amets, zure kantuak entzunez, egunari ilusioz hel diezaioten.

Muxu potolo bi,

Irati



A! Ia ahaztu dut! Ekaitzen poltsikoari tiraka topatu dut. Bertso bat idatzi dizu; gustatuko zaizu:

Ez nau izutzen hil kanpai hotsak
nahiz begiak malkoz busti,
azken hatsari arnas berri bat
biltzen baitzaio komunzki,
Lurdes ta biok hainbat sehaska
ume zenuten edoski,
zure poemek beti hilezkor
jarraituko dute noski;
azken kantuan barrendu zara
zure gitarra ta guzti,
segi neguak udaberritzen
izotz ondoko eguzki.

Ekaitz






6 comentarios:

  1. Aupa Xabier, non hago, zein larretan bihotzeko adiskide, akaso, Lurdes maitearekin, Izarren Hautsak besarkatuz egunen batean bizigai bilakatzeko. Maitte haut.

    ResponderEliminar
  2. Eskerrikasko Irati, hitz-gogoeta goxo eta hunkigarria; eskerrikasko Ekaitz, bertso bikaina.

    ResponderEliminar
  3. Xabier Lete: poeta eta idazle izugarria, handia, eta, gizaseme paregabea, ezagutu gabe, hurbileko, adiskide, bizi eta sentitu arazten zuen horietakoa. Maitte haugu, betiko gurekin, Xabier.

    ResponderEliminar
  4. Omenaldi xumea, baina ederra. Bejondaizuela bikote, hitz horiengatik.Aspalditxo jartzen edo zintzilikatzen ari zaren kantak, zoragarriak.

    ResponderEliminar
  5. OMENALDI BEHARKO DO ITAKAN EZ NIRE OMENALDITXOA EGINGO DIOT IRRATIN GOIAN BEGO XABIER ZU BAI IZAN ZEALA EUSKAL KULTURAREN ERREFERIENTZIA

    ResponderEliminar
  6. Euskaldun guztiak ulertzeko moduan hitzegiten zuen: hiztun eta komunikadore aparta. Non hago, Xabier? hor hago, Euskal Herriko zoko guztietan, somatze haut, sentitze haut eta gozatzen jarraitzen diat hire hitz kantu eta olerkiekin.Bihotzez, Xabier, maitte haut.

    ResponderEliminar