2011-01-27

BEGIRADA




Ez diot sekula izenik jarri. Izan zitekeen Lukas (badira umetan irakurritako liburuen izenburuak sekula ahazten ez ditugunak; egin apustu zure buruari, baietz eskolan irakurritako hiru libururen izenburuak gogoratu... Lucas el maquinista, Cinco panes de cebada, Sin novedad en el frente, Caperucita en Manhattan... euskarazkorik ez dut gogoan... ziur aski irakurritako gehienak etxean irakurri nituelako...). Bai, izan zitekeen Lukas, tren gidari itxura hartzen diodalako hartzatxoari, baina; ez diot sekula izenik jarri. Zergatik? Auskalo! Izenak asmatzen oso iaioa ez naizelako (nire istorioetako pertsonaiei izena jartzea izugarri kostatzen zait) edo hartzatxoak beste umeren baten eskuetan bukatuko zuela sumatzen nuelako. Ez dakit. Urteak egin ditu ohearen gainean isilik; begiradak lapurtu izan dizkiogu elkarri.

Larunbatean Amin-en etxean izan nintzen. Aitaren ikaslea da Amin. Ostiralean txorkatila bihurritu zuen eta bisitan joan gintzaizkion larunbatean. Goxokiz betetako poltsa bat eraman genion. Eta hartzatxoa. Aminek zabaldu zigun atea eta irribarretsu inguratu ziren atzetik Wissal eta Sophi. Goxokiak Amin eta Wissalentzat; Sophirentzat hartzatxoa. Gustura hartu zuen esku txikien artean. Orain arte euskalduna zen hartzatxoak mundura egin du salto, euskalduna eta marokoarra da orain.

Larunbatetik hartzatxoa falta da ohearen gainean, baina, bada begirada bat ezerez horren ispiluan distira egiten duena. Sukaldeko atearen ondotik dator begirada. Amin, Wissal eta Sophiren etxeko sukaldeko atearen ondotik. Amin, Wissal eta Sophiren atzean ama dago begira. Muchas gracias, muchas gracias esaten dute haren begi ilun handiek. Aspaldian oparitu didaten begiradarik beteena da. Ohe gaineko hartzatxoaren hutsunea begirada eder horrekin bete dut. Orain ederrago dago ohe gaina.


3 comentarios:

  1. Ezer gutti behar izaten da irrifar berri bat zabaltzeko, eta bere ttikian, zein garrantzitsu eta aberatsa den. Kinu ederra, Irati.

    ResponderEliminar
  2. Hemendik urte batzuetara artzatxoaren istorioa entzungo edo irakurriko nuke gustura. Ederra eta hunkigarria keinua, imaginatzea bakarrik, emozioak kitzikatu dizkit.

    ResponderEliminar
  3. Bai, Sonia, polita litzateke Sophik berak hemendik urte batzuetara hartzatxoarekin ze harreman izan duen kontatzea. Muxu bat!

    Lorea, zure irribarreari ere tira egin badiot... ni gustura! Muxu irribarretsu bat zuretzako!

    ResponderEliminar