2011-01-04

ITAKA (Xabier Lete_2010-12-25)


Bi urte izango dira, hiru akaso. Oiartzundik bueltan Urnietaraino iritsi ziren telefonoaren desio uhinak. Xabier Leterekin harremanetan jartzea, ez nuen besterik desio garaitsu hartan. Irratian izan nahi nuen, aldamenean, eskua ukitu nahi nion eta begietara begiratu; elkarrizketaren hasiera ere burua nerabilen bueltaka, bizitzak idatzi dizun poema, Xabier?, halako zerbait galdetuko niola nerabilen buruan. Jarri nintzen (jarri ginen) berarekin harremanetan, gustura hartu zuen gure deia, xamur eta ilusioz, baina, gorabeherak gorabehera orduko hartan ez zen posible izan. Azken urtebete honetan, hari berriak lotu zaizkit bidera eta korapilo ttikiak ere egin ditugu (egiten lagundu didate), Xabierrengana pausoak luzatzeko. Gertuan izan dut, eskua ukitu diot eta begietara ere begiratu diot; negua zetorren, ordea, atzera, eta udaberriko eguzki epela noiz etorriko zain esperoan egoteko ilusioa banuenez... Denborak, ordea, gutxi daki udaberri garaiaz, edo gehitxo akaso. Oraingo honetan ere ez da posible izan. Udaberri bidean, neguak harrapatu gaitu atzera.

Omenaldia egin nahi nion, maite duten entzule eta irakurleen hitzak bere egitea nahi nuen, eskura eman nahi nizkion bueltan berak sorrarazitako sentimenduen oihartzunak. Baina, ez da posible izan. Omenaldia egin diogu, sentimenduen oihartzunak bildu ditugu (eskerrik asko Patxi Ezkiaga, Jabier Imaz, Andoni Salamero, Gabino Murua, Elixabete Garmendia, Iñaki Mezquita, Pilar Lizarralde, Leire Alonso, Joxe Begiristain, Joxe Goikoetxea eta Ekaitz Goikoetxeari), eta eskura emateko orduan, haizeak hegan eraman ditu.

Eta aurrean izango banu, aldamenean Itakako uhartean, galdetuko nioke...

Eta galdetuko nioke, gustuko idazle bat Xabier? Eta adibidez, Cesare Pavese erantzungo lidake, edo Tolstoi, edo Txehov, eta Atxagak ere plazer handiak eman dizkiola esango lidake. Eta eskatuko nioke kantu bat, abesti bat saioari amaiera emateko, eta esango lidake liturgiarako musikak eta musika klasikoa oso gustuko dituela, eta nik eskatuko nioke bere kantu bat, aukeratu zure kantu bat Xabier, saioari amaiera emateko eta esango lidake, jarri adibidez, bat esatearren, Sehaska kanta.

Eta nik esango nioke eskerrik asko. Eskerrik asko eman digun guztiarengatik eta eskerrik asko goizero Lete kantuan jartzen dgunetan Xabierrek ematen digun guztiarengatik. Ziur naiz irribarre egingo ligukeela; eta esango liguke... gustura egon naiz.


Abenduaren 25ean lagunartean egin genuen saioa entzun nahi izanez gero, egin koxk, eta jaitsi nahi izanez gero... http://blip.tv/file/get/Irati-s294.mp3


Aukeratu nitzakeen mila argazki, argazki asko nituen aukeran; hori aukeratu dut. Argia eman nahi nion.

3 comentarios:

  1. Irratsaio ederra, oso ederra, eta bestetik,ongi merezia zalantzarik gabe.Lan bikaina Irati, segi horrela: gurea maitatzen, gurea zabaltzen, gurea sentitzen eta sentiarazten.

    ResponderEliminar
  2. Hurbildu, ezagutu, bizi, sentitu... dokumentu bikaina gure Xabier handia eta maitagarria ezagutzeko.Bejondaizuela ekoizle lanetan ihardun zaretenoi.

    ResponderEliminar
  3. Mila esker bikote; ederra da irratiaren bestaldean entzuleak adi daudela jakitea. Uhinak hari bihurtzen dira, hori da irratiak duen majia.

    ResponderEliminar