2011-03-01

ITAKA(Koldo Zubeldia_2011-2-26)


Ez da erraza neguari poesia idaztea. Kolore zuriz idazten dira neguari buruzko olerkiak. Elur zuriaren gainean poesia dantzan, eta eguzkia erdi esna, erdi lotsaz orkestinaren azken doinuari ahotsa jartzen. Masailak gorritzen dira neguko poesia errezitaldietan.

Ez da erraza neguaren itzalari hitza jartzea. Poesia neguaren atzetik korrika dabilen argazki makina bat da, belardi lokaztuen euriteetan arrastoa uzten duena. Neguaren itzalak lau pauso luze neurtzen ditu; bi esku eta erdi.

Ez da erraza, leiho itxietan ito egiten da poesia; leiho itxietan itzalik gabe gelditzen da negua, leiho itxiak iluntasunaren ispilu baino ez dira. Ez da erraza neguaren zuria ispilu beltzetan idaztea.


Koldo Zubeldia -> Pauso zolien itzultzaile; goizeko hiruretan pizten du bonbila, erabiltzeko aditz pila, osatzen du olerki borobila, bera delako poeta mutila. 2009ko irailaren 27an egin zigun irratira lehen bisita. Ordutik bost saio eta lau grabazio osatu ditugu.

Poesia gai nagusitzat hartu eta bizitza zukutzen aritu ginen larunbat goizean Koldo Zubeldiarekin. Eta horretaz gain,

Patxi Ezkiagarekin sentsualtasunari hitza jarri genion,
Joxe Goikoetxearekin laratzean zintzilik jolasean aritu ginen,
Rufino Iraolak irakurketaren inguruko hausnarketa sakona oparitu zigun,
Amaia Moralesek, Jakintza Ikastolako ikasleak, olerki lan saritua irakurri zigun,
eta azken dantzaldia Asier Serranoren "Ezpain bustiak" kantuarekin egin genuen.

Goiz ederra larunbatekoa... ordukoak entzun nahi izanez gero, egin koxk! Eta saioa jaitsi eta gorde nahi izanez gero, http://blip.tv/file/get/Irati-c829.mp3

No hay comentarios:

Publicar un comentario