2011-04-07

PERRITO GUARDIAN



Perrito guardián, perrito guardián... haurtzaroak zaunka egin zidan atzo erosketak egitera nindoala. Ume koadrila bat jolasean ari zen etxe pareko plazan, ezkutaketetan jolasean. Ezkutatuta zegoen neskatila oihuka hasi zen bat-batean haren ondotik pasa nintzen momentuan: perrito guardián, perrito guardián!!! Belarriek danba egin zidaten, danba gozo, eta nire ahotsa sumatu nuen perrito guardiánka. Hamalau urte pasako ziren? Akaso hamasei... azkenekoz ezkutaketetan jolastu nuenetik, azkenekoz perrito guardianarekin haserretu nintzenetik, azkenekoz perrito guardianarena egin nuenetik.

Guk euskaraz jolasten genuen ezkutaketetan, baina, ezkutatuta zeudenen bila ibili behar zuena bere etxetxotik bi pauso harago mugitzen ez bazen, perrito guardianka, perrito guardianka ateratzen ginen gure ezkutalekuetatik. Etxeak zaintzen dituzten zakurrek ez dute nonbait euskara ikasten. Baina, bitxia egin zaidana zera da; hainbeste urteren ondoren, Beasainen eta Iruñean esapide eta jolas berdin-berdin-berdinak erabiltzea. Polita iruditzen zait hori, ilusioa egiten dit, nik izaten nuen gozamen aurpegi bera (izugarri gustatzen zaizkit kale-jolas horiek) ikusi bainion neskatilari.

Eta bitxia egin zaidana zera da; orduan eta orain umeari (eta helduari) arriskatzea horrenbeste kostatzea. Pausoa berun bihurtzea. Galtzeko beldurra irabazteko irrika baino indartsuagoa izatea.

2 comentarios:

  1. Ez da gaurkoa jolas hau,iluntasunaren bila, iluntasunaren lagun, iluntasunaren beldur, zenbat izerdi, zenbat hotzikara, zenbat gozatu... Eskerikaso Irati gogoarazteagatik.

    ResponderEliminar
  2. Nahikoa begiak itxi eta barruari hitz egiten uztea... eskerrik asko zuri Ixabel!

    ResponderEliminar