2012-04-24

GALDU




Galtzen dira, adibidez, orratzak. Sekula existitu ez, eta bat-batean azaltzen diren zirrikituetan galtzen dira orratzak. Eta hariak solte gelditzen dira galdutako aorratzen bila hasteko gogo handirik gabe. Galdutako orratzak galdu egiten dira eta kitto. Zirrikituak itxi egiten dira eta kitto. Erraza da galdutako orratzez ahanztea.

Galtzen dira, adibidez, futbol partidak. Belaun arteko ubelduretan galtzen dira puntuak. Galtzea da, ez irabaztea; bularra bularraren aurka estutzeko aukerarik ez izatea, futbol zelai batean inurri sentitzea. Galdutako futbol partidekin egunkarietako orriak gizendu egiten dira. Puntuak galtzea da kiloak irabaztea. Hiru puntu hiru kilo.

Galtzen dira, adibidez, aukerak. Ezerezetik sortutako bidegurutzeetan nora ezak irensten dituen tren geltokietan galtzen dira aukerak. Eta jkin-mina zintzilik gelditzen da hautatu gabeko gozokien inbidiz. Galdutako aukerek arnas-bideak itotzeko baino ez dute balio. Galdutako aukerak birziklatu egin beharko genituzke.

Galtzen da, adibidez, burua. Haize bolada ekaitz, tximista, euriz beteetan galtzen da burua. Burua galtzen denean, izugarrizko arindua sentitzen da. Ederra da burua galduta ibiltzea. Buruz behera ezin eta hankaz gora ibiltzen garelako burua galtzen dugunean. 

Galtzen da, adibidez, birjintasuna. Eta bitxia da, aurkitu eta galdu sinonimo bihurtzen dituelako sexuak. Birjintasuna galtzea zuloak egitea baino zuloak betetzea da. Poltsikoetan nabari da galdutako birjintasunen arrastoa. Galtzetako poltsikoetako zuloetan galtzen da batez ere birjintasuna.

Baina, haria galdu baino lehen esan nahi nuena, aurreko batean kartapazioa (estutxea) galdu nuela kalean, barruko arkatz, boligrafo eta USB-ekin. Haria galdu baino lehen esan nahi nuena, azterketak eta ipuinak eta olrkiak eta idatziak galdu nituela kalean. Eta ipuinetako protagonistak irudikatu nituela azterketetako matematika ariketekin batera lekuz kanpo euren nora ezean galduta. Eta haiekin batera galduta sentitu nintzela ni ere. 

Galduta sentitzea da norbaitek aurkituko zaituen esperantzarik ez izatea. Esperantza, ordea, galtzen den azkena izaten omen da. Eta eskerrak. Ipuinetako protagonistek eta azterketetako matematika ariketek gau zoro bat galduta egin arren, itzulerako bidea egiten asmatzen dutelako orratzek eta futbol partidek eta aukerek eta buruak eta birjintasunak ez bezala. 

1 comentario:

  1. Edo poetak dion bezala: galtzea bide berriak asmatzea da!

    Ederra!

    ResponderEliminar