2014-05-27

MEMORIA


Maiatzaren 14an Antsoainen izan ginen Ekaitz, Luis eta hirurok Txinparta Memoriaren elkarteak eta Arantzadi Zientzia elkarteak elkarrekin antolatutako erakusketan. Azalpen hunkigarri eta beharrezkoak eman zizkigun Koldo lagunak. "Nik ere badut aita bat"... esaldi horrekin itzuli nintzen etxera, aita hil zioten neskatila ttiki-ttiki-ttiki hark behin amona bihurtuta aitaren hezurrak besarkatu zituenean bere umetako lagunei esan ziena...

Irteeran ezin isiltasuna orri zurian kateatuta utzi eta guk ere idatzi nahi izan genituen gure sentipenak:

Antsoaingo erakusketa aretoan irteeran oharren liburuxkan idatzitakoa_2014-5-14

Maiatzaren 16an Mutilvako El Bardo Escaldaon "Al borde de cada memoria" poesia errezitaldia eskaini genien bertaratu zirenei. Koldo Plaren poemak izan genituen ezpain-esku-emozio artean.

Maiatzaren 18an, beste urtebetez, San Cristobalen izan nintzen Ekaitz, Luis, Leire, Lucia, Koldo, Lupe, Mikel, Martin, Josu, Ana Carmen, Eddy, Amaia, Guillermo, Santi, Ruben, Jordi, Felix, Paco, Lourdes... eta beste askoren artean, urtero-urtero Txinpartak antolatuta maiatzaren 22aren bueltan Ezkaba mendian egiten duten omenaldian. 1936ko biktimak, San Cristobalen preso izan zirenak... izaten ditugu gogoan. Leire lagunkuttunbihotzekogertukomaittekoadiskidearekin partekatu ditut aurtengo aurkezpen lanak.   


Entzuten ikasi nahi dut.
Ikasi nahi dut iraganaz bestaldekoa ikusten;
ukitzen
ihesean ibili zirenen pausoak,
ukitzen
paretotako marrazkiak, esaldiak, hotzikarak.
Ikasi nahi dut lotsatzen,
begietara begiratzen,
urteak zenbatzen.
Ikasi nahi dut bizitza zenbatzen,
eta kontatzen.
Lurpean esertzen ikasi nahi dut, 
sufrimendua destatuatzen,
lotzen,
sortzen.
Ikasi nahi dut izan zirenen ahotsa izaten
etorkizuneko ipuinetan...
...
...


Olerkiak botilan sartutako mezuan du jarraipena. Bakarren batek hartu zuen "nire" botila. Nik ere hartu nuen beste norbaiten botila. Etxeko sukaldean bizi da. Bai, bizi da. Norbaiten memoriak bizirik dirau botila barneko itxituran aske. Tarteka begiratzen diot. Tarteka gogoratzen naiz. Tarteka konturatu nahi izaten dut hor dagoela. 

San Cristobal Gotorlekuaren ate nagusian, Ezkaban, Iruñean_2014-5-18


Guillermori sorbaldatik helduta; etorkizunarekin iraganaz hizketan: 

https://www.flickr.com/photos/60028447@N02/14218087512/in/set-72157644329330830

Iratiren esku-hatz-horri-hizki-olerkia. Iraganari etorkizunetik idazten: 

https://www.flickr.com/photos/60028447@N02/14033758670/in/set-72157644329330830

No hay comentarios:

Publicar un comentario