2010-10-07

TALAIA; Pasaiatik Hondarribira


Hondarribira bidean behean
utzi ondoren Pasaia,
deskantsurako aprobetxatuz
ogitarteko garaia,
lagunartean kontu-kontari
osatu dugu bidaia,
itsaslabarrak eskaintzen digu
paregabeko paisaia,
beso zabalik hartzen zaituen
ingurua da Talaia.


Abiapuntua: Pasaia. Pasai Donibane.
Helmuga: Hondarribi.
Tartean: Jaizkibelgo gaina (547 m inguru).
Kontu-kontari: neska-mutiko gaztetxoekin, guraso gazteekin, irakasle helduagoekin... Lagunartea: Izalgo Aita Iparragirre eskolako ikasle, guraso, irakasle eta mendi sailaren arduradunak.
Itsaslabarra: urak lurrari muxu ematen dion tokia.
Talaia: Ibilbideari jarri dioten izena. Begiratoki, zelatagune ederra da; bai itsaso aldera, bai barne, mendi, hirigune aldera.


Hilean behin elkartzen dira Aita Iparragirre Herri Eskolako zenbait ikasle, guraso eta irakasle naturari eskua eman eta mendiaz gozatzeko asmoz. Ekimen txalogarria benetan eta ume eta guraso artean bertaratzeko modua dugunontzat aukera zoragarria. Ikasturteko lehenengo irteera izan zen pasa den igandean Talaiara egindakoa. Pasaia eta Hondarribi arteko bideak 23 bat kilometro eder ditu tartean. Itsasoaren indarrak mendiari tira egiten dio Jaizkibelen. Oraingo honetan esku artean paperik ez eta bertsoa haizeari kantatu genion.
Argazkiak Jon Esnaolak eta Gillermo Urrestarazuk ateratakoak dira. Mila esker!

2010-10-06

WIKIA: zi(z)urtasunezmate



Ikasturteko erronka berria: wikia. Idazle asko dituen koadernoa da wikia; esku, itzal, ilusio asko dituena. Idazle taldea argazkiko kuadrila zoragarria da, Zizur BHI-ko batxilergoko lehenengo mailako K taldeko zientzialariek osatutakoa. Beraiek izango dira wikia jantziko dutenak. Ikasi, ikusi, ezagutu eta irakurri duguna zuei erakustea dugu helburu. Kontatuko duguna... ardatza matematika izango da; matematikari lotutako historia, istorioak, gogoetak, bitxikeriak, jolasak...

Blogean txoko bat egin diot, hortxe, ezkerreko aldean. Egin hozka eta bisitatu gure txokoa. Eta txokoari buruz proposamenen bat egin nahi badiguzue... idatzi iruzkinen bat hementxe.

Guk gure jakintza aberastu nahi dugu, eta bide batez zuena aberastea lortzen badugu...

2010-10-04

DENBORA ZELATAN


HITZA: TALAIA


Zelatan egoteko tokia. Begia luzatu eta ikusten duzun hura irensteko leku aproposa. Urrutikoari tira egin eta harrapatutakoa esku ahurrean (edo bihotzean, edo poltsikoan, edo betileen artean...) gordetzeko aukera ematen dizuna.

Talaia jarri diote izena Hondarribitik Pasaira arteko ibilbideari. Ez naiz harritzen! Begiek edalontzi itxura hartuko balute, Jaizkibel gainetik itsasoa begietan sartu ahalko genukeela sinetsiko nuke.






AFORISMOA: "Anek aitari: aitte! Noiz da bihar?"

Aitak ordulari bat oparitu dio Aneri. Bi orratzen erdian hirugarren bat aurkitzen duzunean... orduan da bihar esan dio aitak.

Eta Ane zain dago orain. Ordulariari begira. Zelatan dagoela dirudi. Talaiari ona zinateke! pentsatu du aitak.

Eta Anek zain jarraituko du. Bihar guztiak gaur direla konturatu gabe. Uste dut hori esan nahi ziola aitak.


2010-10-01

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (III)



Gune honetan ez dago erretzerik. Keak pantaila zinkintzen duelako, ordenagailuaren arnasbideak ixten dituelako, saguaren eztula eragiten duelako... Tranpa egiterik ez dago, hemen bestaldetik berehala antzemango baitizut erretzen ari zaren edo ez. Zigarroaren kea berehala atzematen duen sudur fina da nirea. Aitortzen dut... gorroto ditut zigarroak eta gorroto dut zigarroaren keak sortzen duen giroa.


JOSEFINAREN ZIGARROAK

Urte asko pasa ditu Josefinak erretzen. Erretzaile sutsua izan da hamazazpi urterekin lehenengo zigarroa ezpainetaratu zuenetik. Berrogeita sei urterekin bere burua pattal samar sumatzen du eta azkenean erabai du: erretzeari utziko dio. Geldtzen zaizkidan hogeita zazpi zigarroak erre eta ez dut berriro sekula erreko.

Josefinaren ohitura zigarroen bi herenak erretzea izan da beti. Azkarra da Josefina, eta ez zuen asko behar izan itsasgarri berezi batekin hiru zigarrokin itsatsi eta zigarro berri bat egin zezakeela konturatzeko.

Gelditzen zaizkion hogeita zazpi zigarrorekin, zenbat zigarro erre ditzake erretzeari betiko utzi baino lehen?


2010-09-30

HI!


Asteartean ikasturte berria hasi nuen hizkuntza eskolan. Argazkiak aditzera eman dezakeen arren, ez, ez naiz txinera ikasten hasi. Akaso egunen batean... olerkiek estetika, doinu, esentzia ezberdina izango lukete... ez dakit leunagoa ala gogorragoa, ez dakit hotzagoa ala beroagoa... Hizkuntzen doinua dela eta hausnarketan nabil egunotan. Kanariar bat daukagu mintegian, euskara tutik ere ulertzen ez duena. Ulertu ez arren, hizkuntzak entzun egiten ditugu, eta lehengoan zapla! bota zigun Josek, La Palmaseko lankideak. Euzkaraz entzuten gaituenean haserre aritzen garela iruditzen omen zaio. Haserre tonua omen du euskarak. Habláis como si estuvierais enfadados!

Kontuak kontu Confucio filosofo txinarraz hitz egin nahi dizuet gaur. Asteartean ikasturtearen aurkezpenean ingeleseko irakasleak ahotan izan zuen Confuciok esana, eta Unibertsitateko bigarren mailan irakasle batek esan zigun gauza bera errepikatu zigun.

"Kontatu egin zidaten eta ahaztu egin nuen, ikusi eta ulertu egin nuen, egin eta ikasi egin nuen".

Ingelesez idatzi zigun esaldia Carlosek:

"Tell me and I´ll forget; show me and I may remember; involve me and I´ll understand".

Carlosek hizketan jarraitu zuen (auskalo zer gehiago esan ote zuen! Ingelesez zerbait ulertuko badut, bost zentzuak adi izan behar ditut, begiak atera beharrean), pentsamenadua involve aditzean korapilatu baitzitzaidan. Inplikatu; egiten duzun hura zure sentitu, sentitzen duzun hura egin dezakezula sinetsi. Eta egin. Horixe baita ikasi eta aurrera egiteko modu bakarra.

Kasualitatea izango da, baina, irailaren 28 batez jaio zen Confucio.

Ba horixe; INVOLVE! Ea egunen batean ingeleseko testutxoren bat zintzilikatzen ausartzen naizen. Bye!



2010-09-29

ITAKA (Ohitura Zaharren eguna_Ataun_2010-9-25)


Bost zaldunen artean beldurtu? Bost zaldunen artean edonora joan daiteke! Adibidez, Itakatik Atauna, txondorraren kea gidari. Igandean Ohitura Zaharren Eguna ospatu zuten ataundarrek hirugarren urtez. Aurtengo egunari ukitu berezia ikazkintzak eman dio. Bezperan, larunbatean, kontu horiek izan genituen irratian: ikatza, ikazkinak, txondorra... Plazer handia da hizkuntza hain mamitua duten bost lagunekin solasean aritzea. Plazer handia da orainari iraganeko marrazkiak hain ongi marrazten dizkioten bost margolariren koadroei begira egotea. Plazer handia da kontatzeko ilusioari mikrofonoa zabaltzea.

Joxe Bikuña, Inazio Sukia, Miguel Arratibel, Juan Zurutuza eta Manex Aranburu. Mila esker, zuen esperientzia entzuleon eskura liburu ireki bihurtzeagatik. Niretzat plazer handia izan zen bertatik bertara zuen aldamenean egotea.

Egin koxk beldurrik gabe!

Saioa jaitsi nahi duenarentzat: http://blip.tv/file/get/Irati-aaa652.mp3




2010-09-27

BEHIAK GURUZBIDEAN ZALANTZA EGIN ZUENEKOA..


HITZA: ITTULARI


Ittulan (itzulan, behitzulan) egiten duena. Bidea zabaltzen duena; behiari (edo idiari) bizkarra (edo ipurdia) ematen diona. Pausoa arrasto bihurtzen duena. Imajinatu... ittularia, bi behi uztarrian lotuta, behiak goldeari tiraka eta atzean baserritarra.

Izugarri gustatzen zait garai bateko kontuak entzuten egotea, ikusi gabekoen marrazkia nire erara irudikatzea.

Ez dakit ittulari ona izango nintzatekeen... ez dakit arrastoa zuzen egiten asmatuko ote nukeen...



Aforismoa: "Zein da ateo baten guruzbidea?"


Bekatuetan sinesten ez duenak bekaturik egiten al du?

Guruzbidea: gurutzez beteriko bidea.

Guruzbidea: aukera bat baino gehiago eskaintzen dituen bidea. (Bidegurutzea)

Ateoa ez denak, erlijio bati itsu lotuta bizi denak, guruzbiderik badu?

Nik aukeren aniztasunean sinesten dut... bidegurutzeetan.

2010-09-24

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (II)



Adibidez, bururatzen zaizkigun ideiei ihes egiten ez uzteko. Edo haizearen bihurrikeriak ile artean ez korapilatzeko.

Adibidez, untxiek ere magia egin dezaketela sinestarazteko. Edo problema batek sor dezakeen buruhaustea estaltzeko.


KAPELA BURUAN ETA...

Mahai baten gainean hiru kapela beltz eta bi zuri daude. Ilaran jarri diren hiru gizonek zoriz kapela bat hartu dute, jantzi duten kapelaren kolorea ikusi gabe.

Ilaran hirugarren tokian dagoen gizonari ea bere kapelaren kolorea zein den asma dezakeen galdetu diote. (Gizon honek aurreko bien kapelak ikus ditzake). Ezetz erantzun du, ezin duela jakin.

Bigarren tokian dagoenari ere ea bere kapelaren kolorea zein den asma dezakeen galdetu diote. (Lehenengoaren kapela bakarrik ikusten du). Bigarrenak ere ezetz erantzun du, ezin duela jakin.

Azkenik, ilaran lehenengoa dagoenak (kapela bakar bat ere ikusten ez duenak), asmatu egin du jantzita duen kapelaren kolorea.

Zein da ilaran lehenengo tokian dagoen gizonak jantzita daraman kapelaren kolorea? Eta zein da ondorio horretara iristeko erabili duen arrazoiketa?

2010-09-23

GALDERAK


Galderak. Gald-erak. Galtzeko erak. Galtzeko moduak. Hori autobus-bidaia korapilatsu baten ondoren etxera oinez nindoala bururatu zitzaidan. Autobus-bidaien korapiloa askatzeko modurik onena horixe delako: oinez ibiltzea.

Galduta dagoenak galdetu egiten du, eta galdetzen duenak galduta dagoen itxura ematen du.

Hartu beharreko autobusak: bi. Ezagutu beharreko kaleak: zortzi. Egin beharreko galderak: sei; hartu behar nuen lehenengo autobuseko gidariari (badaezpada ere), autobusean zihoan etorkinari, kalean lanera bidean zihoan emakumeari, bigarren autobus geralekuan (nahastu egin nintzen) egunkaria irakurtzen ari zen gazteari, parean gelditu zitzaidan autobuseko gidariari (ez zen nik hartu beharrekoa), nire galderak ustekabean harrapatu zuen emakumeari (elkarri irribarreak lapurtu genizkion) eta nire zalantza guztiekin zalantzak sortu nizkion mutilari.

Autobusez. Herenegun egin nuen lehenengo aldiz Txantreatik Zizurrerako bidea. Galderak egiten ikasteko ezinbestekoa: galtzen jakitea.

2010-09-21

ASKATASUNAREN AHOTSA


Aurpegian nabari zaio izan nahi zuen guztia. Izatera iritsi dena. Libertatearen irudi; askatasunaren ahots. Luis Alegre kazetari eta idazleari irakurri diot Jose Antonio no se acababa nunca... Bere baitan pertsona asko sartzen ziren, poeta, nobelagilea, kazetaria, irakaslea, kultur ekintzaile eta politikaria, telebista aurkezlea, diputatua, esanahi handiko kanta ederren egilea... Baina, batez ere, sentimenduz betetako gizona zen Labordeta, guztiok oso gertuko sentitu duguna.

Victor Manueli irakurri diot... sekula ez zuela aldamenekoarengatik gaizki esaka entzun, entzuten zekien jakintsua zela, ez dakien hura ikasteko prest dagoena; gizon askea zela, ez zuela ezeri muzin egiteko beharrik sentitzen ingurukoen begirunea lortzeko. De mayor quiero ser como tú, querido José Antonio idatzi dio Victor Manuelek.

Nik bizkarrean motxila zenuela ezagutu zintudan. Harri ertzetan ezkutatutako zahar usaina nolakoa den erakutsi zenidan; zer den, eseri eta patxadan solasaldi lasai batez gozatzea. Eta orain askatasunari kantari entzuten zaitut, eta handitzen ari naizen honetan niri ere zuk utzitako arrastotik ikastea gustatutko litzaidake. Besarkada potolo bat...





2010-09-20

... eta otsoek ulu egiten dutenean...


HITZA: ILBETE

Bazen behin ilargi neskatila bat amari soineko bat nahi zuela esan ziona. Amak jostunarengana eraman zuen eta jostunak neurriak hartu zizkion. Itzuli zaitez egun batzuk barru... eta ilargia itzuli zen jostunarengana, lehenengo aldian baino beteago, lehenengo aldian baino ederrago... Soinekoa janzten hasi zen eta...

Istorioak dio otsoek ulu egiten duten gauetan ilargi neskatilaren negar hotsak entzuten direla. Han, urrutian... Soinekoa ezin jantzi eta biluzik gelditu zelako...

Istorioak dio, hotza egiten duen gauetan otsoak bere ile artean biltzen duela ilargia...




AFORISMOA: "Zer sabeleratu ez duena beti tripa jaten. "


Zuloa ere gehiago zula daitekeelako beti. Gosea; hots kirrinkaria... ez dakit, sabelak edo buruak egiten duena.

2010-09-17

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (I)



Aitzakiak. Bila ibili eta beti aurkitzen direnak. Txokorik ezkutuenean gordeta daudenak ere erraz topatzen dira. Oharkabean aitzakiek justifikatzen dituzte gure pauso eta erabakiak.

Landerri ez zitzaion institutura joatea gustatzen. Eta berak ere asmatu zuen bere aitzakia...


INSTITUTURA JOATEKO DENBORARIK GABE

"Ez daukat institutura joateko denborarik!" esaten zien Landerrek gurasoei. "Egunero zortzi orduz lo egiten dut; batuz gero 122 egun dira urtean, egun bakoitzak 24 ordu dituela kontuan izanda. Larunbatetan eta igandeetan ez dago klaserik, urtean 104 egun. Oporretako 60 egun ditugu (dezente gehiago ere badira...). Egunero hiru ordu behar ditut otorduak egiteko... 45 egun baino gehiago urtean. Eta atseden hartzeko, aisialdirako, kirola egiteko, bi ordu behar ditut egunero... baturak urtean 30 egun ematen ditu".

Hitz egiten zuen bitartean, Landerrek zerrenda idatzi zuen eta egun guztiak batu zituen.

  • Loaldia (8 ordu egunero) 122
  • Larunbatak eta igandeak 104
  • Udako oporrak 60
  • Otorduak (egunean 3 ordu) 45
  • Aisialdia (egunero 2 ordu) 30
GUZTIRA 361 egun

"Ikusten duzue" jarraitu zuen Landerrek. "Horren arabera, lau egun bakarrik gelditzen zaizkit, gaixorik ohean gelditzeko behar ditudanak. Eta gainera ez ditut kontuan hartu herriko festetan izaten ditugun bi jai egunak"

Gurasoak harrituta gelditu ziren semearen azalpenarekin. Nonbait akatsen bat egon behar zuen! Baina, asko saiatu ziren arren ez zuten asmatu akatsa non egon zitekeen.

Lagunduko al diezu Landerren gurasoei?


2010-09-15

ZIZUR


Zirkunferentzian hasierak eta bukaerak bat egiten dute. Heráclito-k esan zuen hori. "Bai, noski!" pentsatuko du bakarren batek bat-batean. Baina, esaldi horrek bost-hamar minutuko hausnarketa merezi du. Edo eztabaida txiki bat aldamenean duzunarekin.

Gaur hasi dut ikasturtea Zizurko institutuan. Gaur hasi dut ikasturtea ikasle berriekin. Ikasleak... zoragarriak! Eta bizitzaren paradoxak! Edo bizitzaren zikloak! Edo bizitzaren zirkunferentziak! Hasierek eta bukaerek bat egiten dutela... edo ez! Akaso tarteko puntuak dira bizitza ziklo txikiz marrazten dutenak.

Saskibaloian federatu gisa hasi nintzenean Zizurren jolastu nuen lehenengo partidua. Lagunarteko partidu bat. Ez dakit galdu edo irabazi egin genuen... ordutik ez naiz itzuli Zizurra; aurretik ere sekula izan gabea nintzen. Baina, Zizurrekiko lotura oroitzapenak gorde izan dit txokoren batean. Eta orain hementxe nago. Bizitzako bi puntu elkartu zaizkit toki berean.

Argazkia gau eroetan egiten diren erokeria baten ondorio da. Erreniega gainetik Iruñari ateratako argazkia da. Zizur hor nonbait koka dezakezue, argi multzoko lehenengo argien artean.

Ikasturte on denoi!

2010-09-14

ITAKA (udako azken mendi buelta irratian 2010-9-11)



Gorbea, Izaspi eta Samiñoko kontuak. Irratsaioko mendi-zikloari amaiera emateko saioa (egin koxk). Eta berezia, saio bakoitza berezia den neurrian, azken hau ere berezia izan da. Bermeoko Miren Aizpuru eta Beasaingo Joxan Imaz izan ziren protagonistak. Eta Xabi Larrañaga, eta Mikel Zabalza, eta Mario Unamuno, eta Donostiako Mari Jose.

Udan egin ditudan lagun berriak. Mendi gainetako postontzietan utzitako bertso eta mezuei erantzun dieten lagunak. Zirraragarria da ezagutzen ez duzun norbaiten mezua jasotzea, zure eta bere artean lotura-hari bat sortzea. Gaur bertan jaso dut azkena, Beñat Etxanizek bidali dit, Samiño gainean utzitako mezuari sorgin usaina hartu dio eta Zugarramurdiko argazki eder bat bidali dit. Ederra!

Izaspi gainean utzitako bertsoa, irailaren lauean utzi eta hurrengo egunean itzuli nintzenean falta zena. Hor nonbait ibiliko da, bakarren baten poltsikoan:


Izaspi zure tontor gainetik
kantatu nahi dizut zuri,
bistak bihurtu zaizkidalako
koadro beteko irudi,
sorginkeria, laino-majia,
tontorrak ezker-eskubi,
lau haizetara buelta osoan
mendiak dantzan urduri,
mendi-sorginez osatutako
akelarrea dirudi.



Irratsaioa jaitsi nahi dutenentzat: http://blip.tv/file/get/Irati-GorbeaIzaspi275.mp3

2010-09-13

IKUSI MAKUSI... ZER IKUSI?


HITZA: ARAITZ

(h)ara, (h)itza! Argazkiak tira egiten diolako irudimenari. Badirudi Araitz bailarari (Nafarroa) begira edozer idatz daitekeela. Eta idazten duzun hori idatz daitekeen gauzarik ederrena dela gainera!

(h)har (h)aitz(a) . Harkaitzak tira egiten diolako eskuari, hartzeko agintzen. Esku ahurra dirudi bailarak; eta eskuko hatzek gora egiten dute, harkaitzetan gora, belazeetan gora.




AFORISMOA: "Ezkutaleku bikaina aurkitu zuen. Begiak itxi zituen. "

Gogoan dut ezkutaketan jolasten ginenean denon bistan ezkutatzen zen lagun hura. Begiak ixten zituen mukizapiarekin. Bost urte zituen. Eta beldurra edozeri.

Bere burua iluntasunean ezkutatu, eta besteok ikusten ez genuela sinesten zuen.