2017-01-17

ETORKIZUNEKOON MEMORIA


Urriaren 28an munduratu zen Eleder. Bi hilabete eta erdiko memoria du, beraz. Nik, ordea, bederatzi hilabete atzera, urtarrilaren 28an jaio zela sentitzen dut. Ia urtebete darama niri, guri, naturari lotua. Ia urtebeteko memoria du, beraz. Memoria: berekiko eta inguratzen duenarekiko ezagutza. Urtebetez atzeragokoen jakintza poliki-poliki bere jakin-minetik eta ingurukook (familia, hezkuntza, lagunartea) kontatzen diogunetik jasoko du.

Honatx idatzi honen bueltan seme ttikiari begira otu zaizkidan galderak: noiz hasten gara historia izaten? Eta noiz hasten gara memoria izaten? Noiztik gara historiaren etorkizuneko erantzule? Zenbateko memoria du gutako bakoitzaren historiak?

Duela bi aste zenbait gazte bildu ginen Memoria Historikoaren inguruan elkarrekin lanean hasteko asmo-gogoz. Urteak daramatza Txinparta Elkarteak gai honen buelta-mamitan sekulako lana egiten. Baina, edozein arlotako elkartek duen kezka bera du. Nola inplikatu gazteak? Nola egin arduren transmisioa? Nola idatzi memoria etorkizunetik?

Dagoeneko hamar bat lagun bildu ditu Txinparta Memoria Gaztea Taldeak eta ideiak bor-borka ditu. Aukera eta protagonismoa emanez gero, gazteak badaki zer eta nola nahi duen.


Ez dut zalantzarik, etorkizuneko historian memoriak emango du zeresana eta izango du esateko zer. 

2017-01-13

BULARRA // BIBEROIA

Eleder eta Irati_2017-1-2

Barre pixka bat egin eta bere sinpletasunean hausnartzeko moduko egoera: 

Egongela batean Irati Elederri bularra ematen. Egongelan besteak beste hiru eta lau urteko bi neskatila daude, lehengusinak dira. Aho (eta begi) zabalik daude Iratiren bular beteari eta Elederren aho are beteagoari begira. Lau urteko neskatoak Elederren denbora bertsuko ahizpa du. Haren amak bizkarreko arazoak direla eta biberoia ematen dio alaba jaioberriari. 

Bat-batean lau urteko neskatilak (biberoia hartzen duen ahizpa jaioberria du) galdetzen dio hiru urteko lehengusinari (biberoia hartzen duen lehengusina jaioberria du): 

- Zergatik ez dio biberoia ematen?

Bizi eta ezagutu ez duenez, ziurrenik ez daki bularra eman esaten; bestela, akaso, zergatik ematen dio bularra? galdetuko bailuke. Honatx hiru urteko lehengusinaren erantzuna: 

- Eleder mutila delako. 


2017-01-05

ITAKA_Anita Larrea_2016-12-31

Iñaki, Anita, Irati, Eleder eta Ekaitz ekainean egindako saioan
Abenduaren 30ean Anita Larrearen etxean izan ginen kontu kontari grabagailua hartuta. Ordu erdi pasatxoko solasaldia grabatu genuen garai bateko negu-gabon-urte zahar-berri gaiez. Eskerrik asko familia etxeko ateak zabaltzeagatik. Biharamuneko Itaka saioan entzungai izan genituen bezperan grabatutakoak. 




ITAKA_Koldo Zubeldia_2016-12-24


Abenduaren 24ko saioan Koldo Zubeldia poeta zaldibiarra hogeita hirugarrenez Itaka saioan izan genuen. Oraingo honetan Ekaitz aritu zitzaion gozo-gozo zirika, Koldok ederki eutsi zien hordagoei. Saio berean Iñaki Bastarrika Arestiz aritu zitzaigun.

ITAKA_Xabier Mendiguren_2016-12-17

Xabier Mendiguren Alsina liburuaren aurkezpenean
Abenduaren 17an Xabier Mendiguren idazle beasaindarrarekin aritu ginen solasean 2016an argitaratu zuen Alsina (Elkar) liburuaz.


ITAKA_Gurasoei gutuna_2016-12-10

Aurtengo lehiaketako kartela
Azaroaren 26an banatu ziren Gurasoei Gutuna IV. edizioko sariak. Abenduaren 10eko Itaka saioan Irati Goikoetxea helduen mailako irabazlearen hitzak, Kirmen Uribe eta Miriam Luki epaimahaikideen ekarpenak eta Itxaro Mendizabal antolatzailearen balorazio-solasaldia bildu genituen. Eskerrik asko, Itxaro, irratira bertaratu eta zure hitzetan eta hitzekin biluzteagatik!

ITAKA_Oihenart Aforismo lehiaketa_2016-12-3

Casado, Alberdi, Goikoetxea eta Otamendi_2016-12-2



Abenduaren 2an banatu ziren VI. Oihenart Aforismo lehiaketako sariak. Hurrengo egunean egin zen Itaka saioak bildu zituen lehiaketaren inguruko ahotsak. Ekaitz Goikoetxea eta Juan Ramon Alberdi sarituak, Antonio Casado antolatzailea eta Cristina Lasa epaimahaikidea aritu ziren solasean. Zorionak irabazle eta antolatzaileei!



2016-12-28

Bi hilabete

Elederren bi hilabeteko eskutxoa_2016-12-28 

BI. BARRE TXIKIEN HILABETEA. 

Su artifizialak lehertzen zaizkizu mingainean gora eta oooooooooooooooooooooooo PUM! bihotzak salto egiten digu zure beso artera. Bi hilabetean ezpainak jostailu bihurtu zaizkizu, kolore festa bat da zure ahoa eta gure pozak zure eztarriraino egiten du salto. Begiak itxita egiten zenituen irribarreak barre txiki dira orain; mundua erraldoitu egin da bat-batean. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Bi hilabete eder
gure kabietan
eguzki beteko nahiz
egun bustietan
so nagokizu ahal 
dudan guztietan,
bizitza biltzen zure 
bekain azpietan;
distira berezia
duzu begietan
ta irrifar handia 
ezpain txikietan. 


Elkarri egin diogun mendi oparia:

Luis, Eleder eta Irati Olaberrira bidean_2016-12-28. Argazkilari aitona Joxe. 


2016-12-27

ZORIONAK, AMATXO!

Buñuelen_2016-12-24

Urte askotarako, amatxo! Ondo pasatu dugu eguna, e! Hogeita hamabi urte! Zenbat da hogeita hamabi, ama? Zenbat eguzki dira hogeita hamabi urte? Nik hogeita hamabi ditudanean, zuk zenbat izango dituzu? Asko maite zaitut, ama! Erakutsiko dizkidazu zure umetako argazkiak? Jaio zinenean ere handia al zinen? Zergatik ez zara txikia egin eta nire ondoan etzaten? Gaur goizean esan didazu ni naizela zure oparirik ederrena. Zer dira opariak, ama? Izan zaitezke zu nire oparirik ederrena? Emango didazu muxu bat? Ohera joango gara? Bihar ere kantatu ahal dizut zorionak zuri? Bihar ere zure urtebetetze eguna da? Zorionak, amatxo! Asko maite zaitut; asko baino gehiago. Eleder. 

2016-12-13

Eleder eta Amona Prudentxi

Eleder eta Amona Pruden_2016-11-26
Laurogeita hamalau urte eta erdiko tartea. Historia arrasto neurgaitz baten distantzia infinitesimala dirudi denboraren inozentziak. Eskua eman diote elkarri. Itsaslabarretan arriskua tentatzeko gogoa dute biek ala biek. Eskua eman diote elkarri eta gero etorri da begien zuria. Salto egin dute nire uretaraino eta ni berandu konturatu naiz flotagailuen zuloaz. Lehenengo ito egin gara hirurok eta gero arnasa hartu dugu. Zoragarria izan da. 


- Amona, amona, zenbat zimur dituzun!
- Zure keinu txiki bakoitza gordetzeko zulotxoak dira.

- Eta nork zulatu dizkizu?
- Bazentozela jain nuenean nik neure buruari.
- Nola jakin zenuen banentorrela?
- Kontu batzuk berez jakiten dira.
- Nola berez?
- Begiak itxi eta entzuten jarrita.
- Nik begiak ixten ditudanean ez dut ezer ikusten. Bueno, batzuetan kilimak.
- Nola kilimak? 
- Begiak ixten ditudanean batzuetan koskillak ikusten ditut.
- Horregatik egiten dituzu barre txikiak begiak itxita dituzunean. 
- Barre txikiak egiten ditut?
- Zentimetro eskasekoak. 
- Amona, zenbat da zentimetro eskasa?
- Gutxi eta asko. Biak batera. 
- Hori posible da?
- Begiratu zeure buruari. Berrogeita hemeretzi zentimetro eskas eta erraldoia nire bihotzean.
- Amona, dena da eskasa? Noiz uzten dio zerbaitek eskasa izateari?
- Barre handiak egiten dituenean. 
- Eta hori noiz da?
- Amatxok egiten ditu barre handiak.
- Eskatuko dizkiot? Bi edo hiru barre handi emateko eskatuko diot. 
- Ondo. 
- Ondo? Orain erraldoia banaiz zure bihotzean, barre handiak egiten ditudanean ez naiz kabituko. 
- Horregatik ditut zimurrak.
- Ni gordetzeko zulotxoak dira. 
- Bai. Asko maite zaitut, Eleder. 
- Amona... nik asko baino gehiago zu. 


Eleder, Amona Prudentxi eta Irati_2016-11-26


2016-12-03

Hiru ziento irribarre euskaraz



Idatz nezakeen atzo, bihar bestela. Gaur ez nuen nahi. Baina, tentazioak harrapatu nau berriro; martxoak 8, maiatzak 1, azaroak 25, abenduak 1, abenduak 3...

Inork argazki txiki bat aterako balit, garbi ikusiko luke ez nauela modak bizi. Gaur egun modan dago esatea ez ditugula gogoko hizki larriz egun bakarrera mugatzen diren aldarrikapenak; aldarrikapenak, ospakizunak edo dena delakoak urte osokoa izan behar duela. Ados nago ni ere adierazitakoarekin, baina, konturatzen hasia naiz ados egotera, idaztera eta esatera mugatzen dugula sarri gure iritzia. Eta kezka sortzen dit horrek, eta beldurra, eta tristura eta nazka pixka bat ere bai. Iritzi estatikoak bizi gaituela esatera ausartzen naiz. Urteko egun guztiek izan behar dute euskararenak esaten dugu. Hotz-hotzean hausnartzen hasita, ez dakit oso ondo (eta oso gaizki ere ez) zer esan nahi duen egun bat euskararena izateak. Ezta 365 egunek euskararenak izateak ere. Izatekotan guk izan beharko dugu euskararenak; euskara geure hitzarena egiten dugun neurrian. 

Igandean Wakarrekin hizketan egon nintzen. Pakistandarra da Wakar. Hiru urte eskas daramatza Euskal Herrian. Ahalegin txikiren bat egin duen arren, ez du euskara formalki ikasteko denbora eta aukerarik izan. Bere publikoarekiko jardueran euskaraz dihardu, ordea. Igandean kontatu zidan ilusioz azokan barazkiak euskaraz saltzen dituela. Bezeroekiko duen konplizitatea euskarazkoa dela. Ehunka ez, zientoka saltzen dituela porru landareak. Ilusioz kontatu zidan. Eta zoriontsu eman nion bostekoa. Euskaraz, noski. 

Hiru ziento irribarre oparitu nion. Ez da hain zaila. Ez da hain zaila bakoitzak beretik ematea. Ematea... iritzia baino zertxobait gehiago. Eta sinplea da oso gainera, egiten duzun horrekin gozatzea eta gozatzen duzula transmititzea. Akaso hor dago koxka (baina, auskalo!) ilusio, irrika, gertutasun eta gozamenean. 


2016-11-30

Elederrek amari

Eleder, osaba eta ama_aita argazkia ateratzen_2016-11-26

Bejondeizula Itxaro; zorionak, Ttiklik eta Irrien Lagunei egiten duzuen lanagatik. Eskerrik asko barne korapilo-emozio-sentimenduak askatu eta aurrez aurre dugun pertsona horri esatera animatzeagatik. 

Eta eskerrik asko hiri, ttiki, barruan idatzitakoak kanpoan egunero irakurtzeagatik! Eskerrik asko ni hire liburu bihurtzeagatik!




Gutuna irakurgai:

http://www.ttiklik.com/eu/blog/2016/11/27/iv-gurasoei-gutuna-idazlan-lehiaketa-helduen-kategorian-irabazlea/

http://goierri.hitza.eus/2016/11/26/irati-goikoetxeak-irabazi-du-ttikliken-gurasoen-gutuna-idazlan-labur-lehiaketa/

http://www.gitb.eus/azken-berriak/9063-irati-goikoetxeak-irabazi-du-iv-gurasoei-gutuna-idazlan-lehiaketa

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2016/11/30/vecinos/goierri/ttiklik-idazlan-lehiaketa

2016-11-28

Hilabete bat

Elederren hatz ttikia

BAT. BEGIEN HILABETEA.

Itsasoa uholdeka zabaldu zaizu begietan. Erreka hari zinen orain gutxi eta egunen joanean igerian harrapatu gaituzu zugan. Orain, jakin-mina bustitzen ikasten ari zaren honetan, itota gabiltza gu. Zure begi irekiei begira hilezkortzen zaigu arnasa. Denbora eternoa da zure begien jolasean. 


Zorionak, pottolo! Osabak bertso bikaina oparitu dizu:


Malkoz zabaldu genizunetik
bizitzarako atea,
dena izan da puzkarrak bota,
amets egin ta jatea
zure loari poza dario,
arnas-hotsari bakea...
Eleder maite hilgoran egin
duzu lehen hilabetea,
ilargiaren semea zara
borobila ta betea. 


2016-11-25

ISPILUA ZURETZAT


Batzuetan begiak itxita jartzen naiz ispiluaren aurrean.
Batzuetan ipuinak asmatzen dizkiot nire pentsamenduari.
Batzuetan nitaz erotzen naiz.
Eta orduan akabo,
hiru zentimetro gutxiago neurtzera iristen da nire itzala
eta nire izaera nanotu egiten da.

Ispiluaren aurrean jartzen naizenetan
begiak itxiko ez banitu,
desagertu egin naizela ikusiko nuke.
Eta orduan akabo.

Nire begiek ez dute ubeldura arrastorik,
nire hortz-arteak ez du odol arrastorik,
nire saihetsak osorik daude,
hankak ibilian dabiltza,
baina nire beldurra dardarka bizi da
iraintzen nauzun aldiro,
gutxietsi eta mehatxatzen nauzun aldiro.

Ispilu bat oparituko nizuke gustura
ikusten ez diren irain eta mehatxuen
oihartzun bihur dakizun.

Ispilu bat oparituko dizut.
Nire egin zenuen ispilua zuretzat.

Nik ez baitut desagerrarazten nauen ispilurik nahi. 

2016-11-09

Zer sentitzen da?

Eleder sei egunekin
Eta zer sentitzen da? Sentitzen da zirrara, edo zoriona edo negarraren aurpegirik ederrena bular artean estutzeko gogoa edo barre algaren leherketarik baketsuena, edo haize epela bihotzaren ur jauzietan edo sabela igerian-igerian, edo lautada infinitu bat korrika-korrika begien zurian. 

Gorputza garrasi entzungorren artean erdi bi egin eta burua laugarren dimentsioan nora gabetzean, ugaztun jaio gintuztela sinestean, haurrak jaio eta ordu erdia baino lehen mama gozoa zupatzean, elkarren larruak bi orduko besarkada luzean urtzean, nire bularrak zure egitean, keinu txiki bakoitza taupada saltariei oparitzean, denbora desagertu egin dela konturatzean...

... sentitzen da zirrara, eta zoriona eta negarraren aurpegirik ederrena bular artean estutzeko gogoa eta barre algaren leherketarik baketsuena, eta haize epela bihotzaren ur jauzietan eta sabela igerian-igerian, eta lautada infinitu bat korrika-korrika begien zurian. 

Sentitzen da horrek guztiak nahas-mahasean sortzen duen, sortzen duen, sortzen duen zera hori. Zera hori sentitu dugu Eleder sortu, munduratu eta segundo bakoitza magiko bihurtzen digunetik.

Bizitza arnas hartze bat zela sinetsita nengoen. 
Birikak zutaz erditu zaizkidanetik
bizitza arnas hustutze bat dela konturatu naiz. 


Eskerrik asko Ekaitz larunbateko irratsaioa Elederri eta erditze uneari eskaintzeagatik. Oso gustura aritu nintzen zurekin hizketan, osaba!