2009-09-16

ERDIPOZEZ


Batzuk erdiminez ibiltzen dira, erdipozez nabil ni. Hogeita seikiak izan ditut!!! Astelehen gauean haurdun nengoela egin nuen amets! Arantxa Iturberen Ai ama! guztiak etorri zitzaizkidan gogora eta sustoarekin ia erori nintzen ohetik!

Oraingoan, ordea, ametsari lotu nion arrazoia.
Astelehen goizean bertan DBH 1ean tutoritzan izango ditudan hogeita sei ikasleen argazkiak itsasten ibili nintzen. Banan-banan aritu nintzen euren aurpegiei begira. Astelehenean argazkietan ezagutu nituen, eta atzo egin genituen harrera-aurkezpenak. Noizbait erditu behar nituen eta gauean egitea tokatu!


Hogeita seikiak. Ez pentsa, atzo beraien begi jolasti, saltariei begira egon nintzen eta elkarren antza dugula somatu nuen. Ikasturte berriaren aurrean ikasteko gogo, ilusio, jakinmin bera dugu, bai haiek eta bai nik.
Aurkezpenaren hasierarako olerki bat idatzi nien. Gustatu zitzaiela uste dut:

BOSTEKOA ETORKIZUNARI

Etorkizuna esku zabal bat da,

zure pausoen bide,
zure ametsen marrazki;
etorkizuna beldurra da, zalantza, zoriona, ilusioa.

Etorkizuna ere ikasi egiten da, landu, hezi, bizi.
Etorkizuna bizi egin behar da.
Etorkizunak lagun bat behar du, esku bat.
Emaiozu bostekoa zure etorkizunari!



Oraintxe eskutik helduta ditut eta lanik zailena hastera doa. Pittinka-pittinka eskurik gabe bidea egiten ikasi beharko dute; halere, ikasi bitartean (eta baita gero ere) aldamenean izango naute.

2 comentarios:

  1. Haurdun zaudela amesten duzun hori. Etorkizuna badoa beti bere ohekidearekin: Iragana. Haien arteko sexu jariotik ateratzen da orainaldiaren ernaldi bukaezina. Baina, hau paradoxa hau: gaurko ekintzatik sortuko dira, sortzen dira, sortu ziren ere orainaren Geroa eta Lehena. :-) Moxu handi bet!

    ResponderEliminar
  2. Hirurekin batera bizitzera kondenatuak ote gaude? Hori izango da bizitzaren gozoa, hirurekin batera bizitzeko dugun aukera. Beste muxu bat zuri!

    ResponderEliminar