2010-05-20

BARRICADAREN KONTZERTUAN


Bat-bateko kontua izan zen. Klaustroa sei eta erdietan bukatu eta “blausta” bota nion Koldori. “Lanez lepo nabil, ez daki nondik hasi eta zeri heldu!” . Eta berak ere “blausta” erantzun zidan, nola bestela! “Gaurkoz dena alde batera utzi eta Carcarrera etorri nahi duzu?”, “Carcarrera? Non da Carcar?”, “Erriberan”, “Erriberan? Eta zertara joango gara?”, “Barricadaren kontzertu akustiko bat entzutera. Gustatuko zaizu!”. Horrelakoetan “blausta” egiten dit buruak, nire zoroaldiak zoroaldi, eguna antolatua izatea gustatzen zait, egunaren kontrola niregain izatea. Beldurtu egiten naute horrelako bat-bateko planek, sarri ez dut baiezkoa emateko ausardiarik izaten, baina, halako opariari ezin ezetzik esan! Lanez lepo? Lepoa goratu eta lanari gain hartu!


Carcar, arratsaldeko zortziak. 200 bat lagun inguru, gazte asko, gaztetxoak ere bai. Helduak asko, aiton-amonak tartean. Kolore gorri, hori eta morez jantzitako txoko ederrean hitzak musikari muxu eman eta bizitzaren aldeko aldarrikapena arrosa gorri bihurtu zen. Barricadako taldekideek La Tierra está sorda azken diskoko kantuak aurkeztu zituzten. Poltsikoan zimurtuta nuen orri txuri txiki batean entzundako harribitxiak biltzen saiatu nintzen. Barricadaren bidea jarraitu gabea nintzen atzora arte, eta egia esan sekulako gozatua hartu genuen Ekaitz eta biok. Kantuen melodia eta kantuen hitzak izugarri gustatu zitzaizkigun. Azken diska honek bete-betean heltzen die Gerra Zibileko gertakariei, memoriari, isiltasunari, sufrimenduari, bidegabekeriei ... Istorioak kontatzen dituzte kantuek. Historiak isilarazi zituztenen istorioak. Goiko bideoa "Por la libertad" kantuari eginiko bideoa da.

Bi ordu eta erdiko saioaren ondoren, ez zitzaidan besterik otu, Drogasengana hurbildu eta zorionak eta bikain aritu zirela esan nion. Irribarre zabal batekin erantzun zion nire irribarreari.

5 comentarios:

  1. Lanez lepo nabil ni ere eta behar nuen bai horrelako blaustako bat. Ikaragarri gozatu nuen Barricadaren melodi eta hitzekin, eta zer esanik ez, gidari lanak egin zizkigunaren irakaspenekin. Mila esker beste behin Koldo ikasturte honetako arratsalderik ederrena oparitzeagatik.

    ResponderEliminar
  2. Azer nolako enbidie ematen didazuen, enbidi sanoa,noski! Zer eta, Barrikadaren kontzertua, Zer eta, gerrate zibilean gertatutakoak oroituz: ixiltasunari hitza jarriz,bidegabekeria(desagertuak,erahilak izan zirenak,torturatuak) salatuz, eta, sufrimendua besarkatuz. Oraina eta etorkizuna eraikitzeko, pertsona hobeagoak izateko, memoria egitea ezinbestekoa delako.
    Besarkada eta agur bero bat MEMORIAREN ahaleginetan ari zareten guztioi.

    ResponderEliminar
  3. Eskerrikasko Barrikada, eskerrikasko Koldo... eskerrikasko Memoriari belarriak, begiak, mihia,eta nola ez, bihotza eta arima jartze lanetan ari zareten guztioi.Iratik sarri-sarri dion bezala, denoi, muxu potolo-potolo bat.

    ResponderEliminar
  4. Orain badakit irakasle batek "Ez, ez ditut azterketak zuzendu, ez dut denborarik izan, lanpetuta nabil erabat." esaten duenean zer pentsatu.

    Lanez gainezka nago = kontzertu polita izan zen atzokoa, ezta?

    Pozten naiz ongi pasatzeko denbora ere izateaz. Baina... azterketak pilatzen zaizkigunean izan gogoan guk ezingo dugula kontzerturik entzun, lanpetzen gaituzuelako!!

    Muxu bat

    ResponderEliminar
  5. Egun horretan goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpiak arte lanean aritu nintzen ;·), badakit ez daukadala nire burua justifikatu beharrik...

    Badakit zuen lanaldiak ere hori bezain luzeak edo luzeagoak izaten direla, baina... gazteak zarete eta gazteen egunek 24 ordu baino gehiago izaten dituzte! ;·P

    Animo, oporrak gainean dituzue eta! Hori bai, aurretik ongi zukutu egun guztiak!

    ResponderEliminar