2010-05-10

ITAKA (Gabriel Aresti literatur lehiaketa eta Joxantonio Ormazabal gogoan 2010-5-8)



"Eta begiak hizketan hasi zirenean, begirada isildu egin zen..."

Xabier Etxaniz Rojo (Gabriel Aresti ipuin lehiaketako irabazlea) eta biok "manoik mano": futbolaz, pasatako kontuez, Londresen igarotako hogeita hamaika egunez, zain egoteaz, Bilbotik Donostiara egindako bidaiez...

Irati eta Ekaitz eskutik eskura: Juliaz, distantzia laburren urruntasunaz, elkarrizketez, telefono deiez, emozioez, Audrey Hepburn-en lepoaz...

Gabriel Aresti ipuin lehiaketaz aritu ginen larunbateko irratsaioaren lehenengo zatian (eskerrik asko Xabier!). Bigarren zatiari urduri heldu nion, eztarrian sentimenduak korapilatzen direnean emozioek dimentsio handiago hartzen dute... eta arriskutsuak izaten dira irratiko uhinak. Joxantonio Ormazabali omenaldi ttiki bat egin nahi izan genion, Itakan oroitzapen kutxatila bat zabaldu. Gure sentipenak umetan irakurritako liburuei kateatu genizkien, eta urte askoan lankide izan duen Xabier Mendiguren beasaindarrarekin, eta kuadrilakide izan duen Anjel Idigoras zegamarrarekin taupada izoztuak, oroitzapen goxo bihurtzen saiatu ginen. Ekaitzek saioaren bukaeran Joxantoniori kantatutako bertsoarekin uzten zaituztet. Egin koxk!

Patxibusa garraio
Margolin helburu,
gutxi-asko berrogei
sormen lan inguru,
bai, ilunordu batek
urrundu gaitu gu,
baina, orriz orri ta
liburuz liburu,
guk zurekin bizitzen
jarraituko dugu.

2 comentarios:

  1. Aupa Irati, lan bikaina egiten ari zara, blog honekin. Hunkigarria, emozioetan blai eta sentimenduetan bero, Joxean Ormazabalei eskeinitako irratsaioa. Mila esker eta segi horrela: jator-jator.

    ResponderEliminar
  2. Irratsaioa entzun dut eta asko emozionatu naiz. Joxeanen neurrira egindakoa: hurbilekoa, goxua eta ederra.

    ResponderEliminar