2010-05-26

XABIER LETE ETA JABIER IMAZ


Ahots korden dardara goxoa. Hitz hautsien kulunka isila. Isiltasun gogorren jolas ezkutua. Gaueko loaldien esnatze lasaia. Zu zara; poetaren ispilu irmoa.

Maiatzaren 8an Ataunen izan nintzen Xabier Letek Joxan Goikoetxea akordeoi jole handiak lagunduta eskaini zuen errezitaldi hunkigarrian. Denbora gutxian adiskide handi egin diren bi gizonen arteko korapiloaren erdian harrapatu gintuen arratsaldearen majiak ikusleok. Xabier Lete eta Jabier Imaz dira bi adiskide handiak, zaletasunek, bizipenek eta miresmenak elkarrengana lotu dituzten bi adiskide handiak.

Etxean izugarri maite dugu Xabier Lete. Gurasoek txiki-txikitatik jantzi izan dizkigute esnatzeak Leteren kantu ederrez. Eta gerora askotan irakurri eta berrirakurri ditugu Ekaitzek eta biok Xabierren olerkiak. Sekula berarengandik gertu izan gabea nintzen eta errezitaldiaren egunean bizitakoak gogoratzen ditudan bakoitzean hitzak eztarrian behera trabatzen zaizkit, sentipen urtuen putzuan itotzen. Eskerrak blogak bere mututasunean ederki hitz egiten asmatzen duen! Errezitaldiaren azken dantzaldia malko artean egin nuen eta iluntzearen azken geltokiak negarrez harrapatu ninduen, non eta oholtza atzeko gelatxoan. Non eta zure ondoan. Eskerrik asko Joxe, eskerrik asko Mari Karmen pausoa ematen laguntzeagatik. Zirraragarria da bi muxu eta besarkada umil baten indarra. Mila esker Xabier begirada pausatuaren unea sentipen hilezkor bihurtzeagatik.

Eta hiri zer esan Jabier! Ia ezustean, ia nahigabean lagun egin haudala eta izugarri pozten nauela horrek. Tarteka-tarteka imajinatzen haut blogaren bestaldean problema korapilatsuen poesiari (izan ere, nor ausartu matematika poesia ez dela esaten?) tiraka eta horrelakoetan hire aldamenean arratsalde-goiz pasa eder bat egiten irudikatzen diat nire burua. Bejondaiala, Ataunen bizitakoaren sinadurak hire izena ere bazaramak eta! Problemaren baten korapiloak laster elkarren aldamenean eseriko gaituen esperoan... muxu potolo bat!















Ahots korden dardara goxoa. Hitz hautsien kulunka isila. Isiltasun gogorren jolas ezkutua. Gaueko loaldien esnatze lasaia. Zu zara; poetaren ispilu irmoa.

Sautrelan Hasier Etxeberriak Xabier Leteri egindako elkarrizketaren zati batekin uzten zaituztet. Eutsi bukaerara arte eta gozatu kantua, bera delako: Xabier Lete.

"Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea,
ni naiz kaleetan zehar neguko eguzkitan lanera dihoan gizon bakartia,
ni naiz hostorik gabe gelditzen ari den ardaska lehorra,
ni naiz pasio zahar guztiak kiskali nahi dituen bihotz iheskorra.
Ezaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea,
nora ote dihoan denbora aldakorrak daraman bidea"

Galdetzen ausartuko naizen egunaren zain...


4 comentarios:

  1. Aupa Irati: sartu naiz zure blogean eta, a zer nolako ezustea, ezuste edarra,Xabier Lete eta Jabier Imaz izenpean zure hitz/komentario eta argazki zoragarriak. Miresten dut Lete, Lete poeta eta, are gehiago, Lete gizasemea. Ez nuen aukera izan bertan egoteko, eta, zerbait handia,
    aukera bakan horietako bat galdu dedalakoan nago.Hurrengo batean izan beharko du.Zorionak Xabier, zorionak Jabier.

    ResponderEliminar
  2. Nik ere han izateko fortuna izan nuen, benetan hunkigarria, zoragarria, begi erretinan betirako jasotzeko moduko argazkia. Xabier eta Jabier, Jabier eta Xabier, adiskidetzaren eta maitasunaren ispilu. Maitagarriak zarete.
    Eskerrikasko Irati goxoki eder honengatik

    ResponderEliminar
  3. Ni ere hantxe izan nintzen, Ataungo antzokian, Xabier Lete eta Jabier Imaz, Joxean Goikoetxearekin batera emandako errezitaldia entzuten, gozatzen, maitatzen...Une eta gune aparta, bakarra,ahantziezina, ZORAGARRIA!

    ResponderEliminar
  4. Aupa Irati!

    Mila esker bi poeta handi hauen oihartzuna blogera ekartzeagatik. Ederra benetan!

    ResponderEliminar