2010-07-17

HIRU ERREGEEN MAHAIA (2444 m) eta PETRETXEMA (2366 m)

Gaua gozoa izan zen: nekeak pilatutako gozoa hanketan, beroak eragindako izerdi gozo gehiegizkoa, eta logelakideen zurrunkek... gozo jarri ninduten! Baina gozoa azken batean, bere goxotasun guztiarekin gozoa izan zen gaua Linzako aterpetxean. Mendiak hori ere ematen digulako, inguruaren poesiaz, askatasunaz, ilusioaz, lasaitasunaz, adiskidetasunaz gain, gaua partekatzen ikasteko aukera. Irteeraren bigarren eguneko bi helburuak: Hiru Erregeen Mahaia eta Petretxema. Hiru bat orduan ederki heldu genion Mahaiko bideari, azken urteetan pilatutako ilusioaren marrazkia irribarreak irudikatzen du.

Azken zatian elur pixka bat zapaltzeko aukera ere izan genuen. Azken metroak lau hankan egin, tontorrean aita besarkatu eta zoriontasuna zerien malko ttiki artean gauean esna pasatako orduetan pentsatutako bertsoa idatzi nuen tontorraren puntan.



Goimendizale hasiberrien
lehendabiziko ametsa,
ilusioak harkaitz artean
aurkitu ohi du babesa,
mahaian eseri ta berehala
a zer nolako sorpresa!
Argazki eder bat egitea
izan da nahiko erreza,
hiru errege ta erdian ni
odol gorriko printzesa.


Hortxe ez zen bukatu ordea, gure erronka; Petretxema genuen begiz joa. Atzera ordubete pasatxo egin eta lepoan eskuinera ordubeteko bidea egin eta tontorrean ginen. Arnas pixka bat lapurtu zidan azken aldapak, bizitza pusketa bat eman. Eta buruari bertso berri bat pentsatzeko indar pixka bat ezin hartu eta Edurnek (Linzan ezagutu genuen Arrasateko lagunak) egin zuen bertsoa denon izenean.



Gaurko honetan askotarako

eman digu guri egunak,

Errege Mahaia ta Petretxema

gaur zapaldu ditugunak,

urrats batzuek gogorrak eta

beste batzuek bigunak,

bidean gora izan ditugu

Arrasateko (Beasaingo) lagunak.


Egun zoragarria; espediziokideak ezin hobeak: Arrasateko lagun berriak (Marijo Ijurra, Edurne Balzategi eta Ana Azkarraga), Izalgo Anttonio Berasategi eta aita.

Argazki bilduma, egin koxk!

1 comentario:

  1. Aspaldian blogean berririk ez eta azken sarreretako batzuk behin eta berriz irakurri ditut. Nolako poza hartu dudan gaur mendi ibilaldien berri izatean. Zorionak gailurrera iristea beti lortzen duzulako. Hori institutuan ere erakutsi zenuen, ez daukazu malda handian gora habiatzeko beldurrik. Bertsoak politak eta mendi paisaietara hurbiltzea atsegingarria benetan. Mila esker.

    Jarraitu udaz eta bizitzaz gozatzen. Idatziko dizut beste iruzkinen bat laster (bihar hondartzara goaz). Muxu bat.

    ResponderEliminar