2010-07-31

KONTROLA


- Lanera noa, Segurara, irratira.
- Nahi izanez gero, justifikante bat egingo dizut.
- Ez, ez dago beharrik. Iritsiko naizela uste dut.
- Ezpainak koskan jarrita, birikak bete eta egin putz, poliki, ahal duzun luzeen.
- 0.0 ematea espero dut.
- ...
- Gosalduta nator.
- Baina, izaten dira bostak aldera arte edaten egon, gero gosaldu eta goizeko bederatziak hogei gutxiagotan positibo ematen dutenak.
- Bai, baina, ni atzo gauean hamarretarako ohean nengoen.
-...
- Eta ez dut sekula alkohol tantarik edan.

Eta orduan irribarre egin dit. Uste dut sinetsi didala. Hori guztia makina txikiak azken emaitza eman duen bitartean. 0.0. Banekien. Baina, halere, arnasa hartu dut lasai. Eskerrik asko esan dit. Eta nik ere eskerrak eman dizkiot, beren lana ederki egiteagatik, egoera deseroso horretan eroso sentiarazteagatik. Errepidean doazenen segurtasuna bermatzen saiatzeagatik.
Bai, gaur goizean gertatu zait. Lehenengo aldia. Beste askotan ere parean egokitu izan zait , alkoholemi kontrola, larunbat goizetan Segura Irratira bidean, eta ni inuxente, hamar orduz lo eginda, pozik. Baina, aurrera egiten utzi izan didate, ez dakit, ziur aski aita aldamenean ikusi izan dutelako; edo auskalo! Alkohol arrastorik begietan antzeman izan ez didatelako agian! Auto gorria, gaztea... abiadura moteldu, irribarre txiki bat egin eta mutilak aurrera egiteko esan dit. Eta bat-batean... Sar dadila! Emakumeak ozen! Ez dakit zer ikusi didan! Emakumeon arteko kontuak!
Eta hortik aurreragokoak imajina ditzakezue: urduritasuna, karneta ezin topatu, datuak eman, igo furgonetara, putz egin, irribarre egin, elkarrizketa txiki bat... eta eskerrik asko. 0.0. Lehenenego aldia izan da. Eta hainbestean!

2 comentarios:

  1. Polita gaurko istorioa. Gaztetan kontroletan izaten ez zenuen nota jaso duzu gaurkoan, eh? Poz handia ematen du zure kontuen berri jasotzeak. Ongi izan.

    ResponderEliminar
  2. Istorioa,istorioa... istorioak ipuinaren antz handiagoa izaten du, ezta? Eta historiak errealitatearena... Pasartea ez da historiako liburu potoloetan azalduko, baina, norberak gordetzen ditu ondoen bereak, eta hau behintzat nire historia liburuan geldituko da. Muxu bat Leire!

    ResponderEliminar