2010-12-17

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XIII)


Ai! Soinketako irakasleak jakingo balu! Zenbat kozkorreko hartu ote nituen buruan ditxosozko pinoa egiten ikasi behar nuelako! Hormaren ondoan jarri, eskua lurrera eraman (bota?), hankei indar pixka bat egin eta aita izaten zen hankei hormaraino bultza egiten ziena. Segundu batez (bi segundu?) gorputza xuxen-xuxen (gutxi gorabehera) mantendu eta besoek huts egiten zidaten. Eta badakizue, besoek huts egiten duenean, buruak... bai, buruak lurraren kontra egiten du talka. Eskerrak burugogor sortu gintuzten! Borondatea + beldurra = kaka zaharra!

Orduan erabaki nuen, ez nuela mundua hankaz gora ikusteko inongo interes berezirik. Nahiko hankaz gora badago lehen ere...

Hori dena gaurko problemari heltzeko pista txiki bat da (batez ere marrazkia; aurreko asteko problema zintzilik gelditu da eta balantza orekatzeko gaur pista hori opari).

TIZAREKIN JOLASEAN

Gaur ikasleek barre egin didate. "Umeak galtza zuriak belztuta joaten dira etxera, helduok (zu! esan nahi zidan) galtza beltzak zurituta ibiltzen zarete!" bota du zapla ikasleak. Ikasleek barre egin didate (edo egin diote ikaskidearen ateraldiari) eta nik ere barre egin diot... ateraldiari... bai, neure buruari ere bai. Tiza kontua da; tiza da kontua. Eskuak tizaz zikindu, eskuak poltsikora eraman (aurpegira eramaten ditudanean... imajina dezakezue aurpegiaren itxura...)... Eta ni irakaskuntza lanbide garbia zelakoan!

Ikasleari zerbait erantzun behar niola eta joko-problema hauxe proposatu diet. Zortzi ikasle hartu eta bizkarrean zenbaki bat marraztu diot bakoitzari. Zortzi ikasle horiekin bi talde egin ditut, alde batean 1,2,3 eta 4 zenbakidun ikasleak kokatu ditut eta bestaldean 5,7,8 eta 9 zenbakidunak. Garbi dago lehenengo taldeko zenbakien baturaren emaitza 10 dela eta bigarren taldeko zenbakien batura 29. Bi talde berri sortu behar zituztela esan diet. Baldintza bi taldeetako zenbakien batura berdina izatea. Ikasle batek berehala galdetu dit, "baina, Irati, 5 zenbakiak ez luke 6 izan behar?". Eta ezetz erantzun diot, zenbakiak ongi daudela; zenbakiei modu egokian begiratzen asmatu behar dutela. Galdera horixe da, ea ikasleak nola taldekatu behar ditugun bi taldeetako zenbakien batura berdina izan dadin.

Ah! Eta ez ahaztu goiko irudia! Badakizue, irudi batek mila hitzek baino...

(Aurreko asteko problemari pista txiki bat jarriko diot bihar goizean)

8 comentarios:

  1. Nik!! Nik nahi dut bederatzi zenbakia. Pinua egiten ongi moldatzen naiz (mortala edo eskurik gabeko rondada egitean, ai... buruz behera erori eta lepoa mugitu ezinean ibili nintzen aurrekoan. Asteartean, berriz, ukondoa gimnasioko baldosan pegatuta geratu zitzaidan.)

    Tira, nire erantzuna ondokoa:
    1,8,2,7 zenbakidun ikasleak talde batean jar daitezela. 3,4,5 eta 9a pinua egiten bestera. Hori bai, kontuz ibili ikasgelan pinua eginez gero beharbada ikasle bat baino gehiago izango delako hankaz gora dagoena!

    Nik pista nahi dut, bai, zoratu aurretik.
    Ongi izan.

    ResponderEliminar
  2. Beraz, mortala egiten irakasteko eskatu beharko dizut, Leire! Besterik ez nuen behar! Erantzuna ongi dago! Oporrak gozatu!
    Olerkia ez nuen ezagutzen... bikaina! Irudi ederrak josi dituzu!

    ResponderEliminar
  3. eskerrik irati!!!!!!!!!!!!

    ResponderEliminar
  4. Eider Martinez :
    Aupa irati!
    nire ustez 9 zenbakia jarri diozun ikasleak pinoa egin beharko du argazkiko neskatxa bezala. Honela 9 zenbakia 6 bihurtuko da eta bi taldetan banatuko ditut ikasleak. Batean 6 , 4 , 5 eta 3 eta bestean 1 , 2 , 7 eta 8.
    6+4+5+3=18 eta bigarren taldea 1+2+7+8=18 hortaz bi taldeen batura zenbaki berbera izango da, zuk esan duzun bezala.
    ongi dago?
    URTE BERRI ON IRATI!!!

    ResponderEliminar
  5. A zer sorpresa polita Eider! Honako bidea asmatu duzu eta xuxen-xuxen iritsi zara gainera helmugara! Besoak gora altxatzeko moduan zaude, erantzuna zuzena da! Oso ongi azaldua dago gainera. Bejondeizula! Eta urte berri on zuri ere!

    ResponderEliminar
  6. Bikain Josu! Denen bistan utzi duzu ebazpena, baina, ederki! Pausoz pauso argi justifikatu dituzu pauso guztiak!

    ResponderEliminar
  7. Kaixo Irati, Eider Irigoien naiz.
    Nik honela pentsatu dut problema: Talde batean, 8,1,4 eta 5 zenbakidun ikasleak jarri ditut, eta bestean, berriz, 2,3,7 eta 9 zenbakidun ikasleak, baina hemen dago koska! 9 zenbakidun ikaslea pinua egiten jarri da zenbakia 6 bilakatzeko eta horrela bi taldeetako zenbakien batura berdina izateko: 18.
    Espero dut Arantxa Urretabizkaiarekin dena ederki ateratzea. Astelehenera arte!! Ongi segi!

    ResponderEliminar
  8. Ederki Eider! Iritsi da bai, zure erantzuna! Primeran ebatzi duzu problema.

    ResponderEliminar