2011-02-15

ITAKA (Alvaro Rabelli-Lotsati_2011-2-5)



Lotsa olatu lehertuaren azken aparraldia da. Betaurrekodun ispilu bat; ametsak goizetako pelikula bihurtzen dituen begirada. Lotsa lorezaina da, arantza artean arrosa mozorrotuen bila dabilena, armiarma txikiak poltsikoan gordetzen dituena. Lotsa laborategi kimiko bat da.

Trenaren azken txistu hotsak zerua urratu du. Harri txiki bat erori da trenbidera. Haizea pentsatu du bakarren batek; haizearena izan da oihartzuna. Baina, begirik ez dago inguruan. Inork ez du ezer ikusi. Haize itsu bat izango zen. Haize lotsatia pentsatu du bakarren batek. Geltokian ez dago ordularirik; denborarik ere ez.

Harri txiki bat erori da trenbidera. Poltsikoan armiarma txikiak gordetzen dituen lorezainarena zen harria. Lotsatu egin da harria trenaren azken txistu hotsa entzun duenean. Lotsa laborategi kimiko bat da pentsatu du harriak, eta laborategi kimiko horretan lotsatiek poesia idazten dutela atera du ondorio.


Alvaro Rabelli -> bizkaitar bat Itsasondon; arbelaren arrasto poetikoei argi egiten. Bizkaitar bat Itsasondon, iragana irakurtzen. Bizkaitar bat Itsasondon, etorkizunari ahots baten oihartzuna margotzen. Idazlea eta literatur kritikaria. Euskara irakaslea Miranda Ebron. Lotsatiren poesiari ispilua jarri eta liburu baten islak argi egin dio ilunpeari. Liburua eskura jarri diguna Itsasondon ibili den bizkaitar bat, Alvaro Rabelli.

"Lotsati: ilunpetik argira" (Alberdania) liburu argitaratu berria (2010) aurkeztu zigun Alvarok otsailaren 5ean irratian. Lotsatiren nondik norakoak (Alvarok berak idatzia), Lotsatiren poemak eta Lotsatiren argazkiak biltzen dituen saiakera lana.

Lotsati -> Gurutz Sarasola Martinez. 1915ean Itsasondon jaio zen poeta. Hogeita bat urte betetzear zituenean bere buruaz beste egin zuena. Hil aurreko urte eta erdian urte askoan ilunpean egon diren hogeita bost olerki argitaratu zituen. Horietako gehienak gerora bere iloba den Gurutz Olaskoagak jaso ditu. Idazle askok azken urteotan aipamen ezberdinak egin izan dituzte Lotsatiren inguruan.

Alvarorekin solasean aritzeaz gain,

Patxi Ezkiagaren olerki eder bati ahotsa jarriz eman zion Ekaitzek saioari hasiera,
Joxe Goikoetxeak esaera zahar artean egin zion agur ilbeltzari,
Errotari lanetan oroitzapenei argazkiak ateratzen aritu zen Nerea Murua Beasaingo Txindoki-Alkartasuna institutuko ikaslea,
Iker Iriartek Joxe Mari Bidador idazle zenari egin zion omen,
eta azken sorpresa Ekaitzek Miren Fernandezen "Bogotako karriketan" kantu ederrarekin eman zigun.

Horietxek otsailaren 5ekoak. Gozatu nahi badituzue... egin koxk, eta jaitsi nahi izanez gero, http://blip.tv/file/get/Irati-t798.mp3

No hay comentarios:

Publicar un comentario