2011-03-21

TXOTXONGILOAREN LEKAIO MUTUA




HITZA: LEKAIO

Oihua izan daiteke mututasunaren izerdi-isuria; entzumenaren sua; iluntasun galduaren zurrunbiloa.

Oihua izan daiteke garrasiaren lehen nota; Eduard Munch-en azken pintzelkada; beldurraren begirada.

Oihua izan daiteke zoroaldi baten zorion kolorea; haizearen dantzaldia; urduri dagoen itsasoaren besarkada.

Oihuak lekaio egiten du; lekaioak oihua bezain ozen. Munch-ek bakarrik asmatuko luke lekaioa oihuaren kopia perfektua dela.





AFORISMOA: "Txotxongiloa nor da; ahotsa jarri eta gorputza ezkutatzen duena, edo ahotsa ezkutatu eta aurpegia ematen duena?"

... eta galdera hori egiten duena nor da, ikuslea edo entzulea?

... eta hariak nork mugitzen ditu, eskuak edo panpinak?

... eta irudimena non kateatzen da, muralaren aurrean edo atzean?

... eta zu txotxongiloa bazina... zer aukeratuko zenuke gorputzik gabeko ahotsa edo ahotsik gabeko gorputza?


2 comentarios:

  1. LEKAIO: Zenbait edadeko , Urnieta inguru horretan,Adarra mendiari Lekaio esaten (deitzen) diote.Urnietako Kultur Etxeak Lekaio izena darama.
    Eta zer da lekaio? oihua, irrintzia, zantzoa... garai bateko herritarrek mendiz mendi edo erromerietan irrintzia botatzen omen zuten, irrintzia, oihua edo lekaio.
    Hiztegira begira jarrita, ez denetan, halaxe dio:hainbat egoeratan jaurtitzen diren alaitasunezko oihu indartsu luzeak, gurean irrintziak, Urnieta alde horretan, batzuentzat, lekaio.

    ResponderEliminar
  2. Gorputzak, txotxongiloak hitz egiten jakin behar du isilik dagoenean ere.

    ResponderEliminar