2011-05-04

ADISKIDETASUNA



Sorginkeriak horrelakoak egiten ditu. Institutuko irakaslerik helduena eta gazteena elkartu, adibidez. Aukeratzeko asko izan eta nik hura hautatu, bizarzuridun artista. Artistarena gerora jakin nuen, poeta handi bat zela, alegia. Bazkalaurreko ordu berantiarretan poesiak irakurriko zizkidala, institutuko oharrak jasotzeko erabiltzen dugun "kasilleroan" orri zaharkituen artean opari berriak jasoko nituela, ostiral eguerdietan katua eta saguarena egiten ikasiko genuela... hori gerora jakin nuen, elkarrekin eskuak lurrari emango genizkiola, gauerdiko bidaietan bere etengabeko hitz jarioetan lo hartzeko aukera izango nuela, Nafarroa eta Gipuzkoa artean korapiloak lotuko genituela eta aldamenean duen neskatila zoragarria ezagutzera iritsiko nintzela. Aldamenean duen neskatila zoragarria Lupe da. Sorbaldatik heltzen diona adiskidetasunaren sorginkerietan sinesten duen sorgin bat da. Damazulotik atera berria.




Pasa den ostegunean izan ginen Murumendi eta inguruetan. Sekula ez dizuet Damazuloa (Murumendiko Mariren Kobazuloa) erakutsi eta horratx! Pauso batzuk barrura egin genituen, etzan ere etzan ginen orbelarte gozoan eta burua azken putzu bustirantz luzatuz Mariren dantza-hotsa entzuteko aukera ere izan genuen. Atera? Atera atzeraka. Hala egin behar omen da: Mariren kobazulotik atzeraka atera behar omen da, barruan dagoen sorginari aurpegia emanez.

Handik Murumendi gainera joan eta Aratzen martxan jarritako jolasari heldu genion Murumendin ere. Hauxe zerurantz jaurti genuen puntua:

"Mariren suzko bola
ikusi al duzu?
...............
.................."

Norbaitek zerurako bidean Mariren erratzarekin hegan egin nahi badu... badaki zer egin behar duen! Bertso-puntuari erantzun!


Adiskideak ze izen duen? Hilabete... hilabete barru hitz egingo dugu jakin-minez lepoa luzatzen duen gizonari buruz.

5 comentarios:

  1. Paperezko mendi zalea4 de mayo de 2011, 21:48

    Nik ez dakit mendi gainen bateraino iristeko indarra izango duen nire hitzen batek. Ezta adiskideaz hitz egiteko ere. Bai, adiskide horri hitz egokiak oparitzeko igo beharreko malda ere handia da. Pertsona handia delako (2m?). Baina badakit Leirek nori idatzi dion bere lehenengo obratxoa. Badakit nor izaten duten buruan lorategian dantzan ibiltzen diren neska gazteek (sorginek?).

    PD: Gaur entzun diot amari egun zoragarria izan dela. Gaur entzun diot amari Irati izeneko sorgintxo baten hitzek miretsita utzi dutela eta hurrengo afarian beste bi peota egongo direla (ardorik ez). Amak niri entzun dit poemak irakurri nahiko nituzkeela. Iratik entzungo dit?

    Muxu potolo bat (bizar zuriduna)

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Kaixo, Beasaingoa naiz eta Murumendiko damazulora joan nahi nuke, esango zenidake nundik joaten dan?? Eskerrikasko

      Eliminar
    2. Aupa, Javier! Larrarteko granjatik gorantz hartu ordez, zeharka-zeharka egin behar duzu aurrera, Pagorriagarako bidean. Baina, tira, akaso hitzordua egin eta elkarrekin joatea izango dugu onena ;-D benetan! Idatzi lasai: iratigoikoetxea@gmail.com

      Eliminar
  2. Paperezko mendizaleari esan nahiko nioke... hori guztia oso ongi dagoela, 2 m-ko kontuarena, eta lorategiko dantzariena, eta afariarena, eta ardoarena eta... bai, bai Iratik entzungo dizu; noski!

    Baina, nik paperezko mendizaleari esan nahiko niokeena da... badela zure buruari erronka berriak jartzeko garaia (lehen gutxi egiten dituzu, eta bat gehiago! To!), badela literatur esparru berriak lantzen hasteko garaia... badela bertso-puntuei erantzuten hasteko garaia, alegia!!!

    Ez pentsa, bertsoak asko du matematikatik, dena oso neurtua, zehaztua dago. Ejem:

    "Mariren suzko bola
    ikusi al duzu?
    .........
    ........."

    mmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmm oso-oso-oso laster arte, ezta? Muxu hauuuuuuuuuuuundi (u luzeduna) bat!

    ResponderEliminar
  3. Filologo jaunari galdera egin beharko diot gaur. Hala ere, besteren batek erantzun nahi badu, aurrera. Paperezko mendizalea diozu. Bai, nik ere hala jarri nuen hasieran. Baina paperezko mendizalea paperezkoa da, ezta? Nik paperezko mendia nahi nuen. Batek dio paperezko mendiak gustatzen zaizkidala, poesia usaina dutenak ardi kaka beharrean.

    Eta bertsotan... garai batean izugarri gustatzen zitzaidan bertsoak idaztea. Eskolan bertsolaritza egiten genuen eta guztioi gehien gustatzen zitzaizkigun orduak izaten ziren haiek. Orain... ea ulertzen duzun. Bertsoak musika klasikoa dira eta poemak erromantikoa. Txeloa esku artean biak gustatzen zaizkit. Hitzekin klasikoa klasikoegia. Baina noibaitek laguntza pixka bat edo bultzadatxo bat ematen badit saiatu beharko!

    Laster arte, bai!! :)

    ResponderEliminar