2011-07-20

GOZATU


Banuen gogoa. Behar nuen. Ase, (z)urrupa. Bete, zupaka. Heldu, pittin bat bortitz, batez ere ezti. Zirrika eta laztanka ibiltzea ongi dago (oso ongi) baina, aho beteko irentsialdia eskura jarriz gero, zergatik atseden hartu? Etzanda nahiz eserita, alboka ere gaizki ez. Arrats iluntzen hasi berrian saltoka-saltoka, leiho ondoko begirada biluziei irribarretsu. Listu bustiko hatzen dantzaldien beharrik gabe azala zuritzen. Irrist egiten du irrikak, irrist egiten dit itzal betileetan korapilatuak. Jolasa da finean. Desioa. Bizioa. Banuen gogoa. Behar nuen. Ase ondorengo sentsazio hau. Gozatu dut. Izugarri.


Izan zitekeen larrujotze bero, sutsu, alimalekoa (harrapatu haut!). Izan zitekeen... azal biluzien leherketa. Banuen gogoa. Behar nuen. Egunotan egin diet hozka Julio Llamazaresen ipuin laburrei, egin diet zirri Miren Agur Meaberen olerkiei, egin diet laztan Eduardo Punseten hausnarketei, baina, banuen gogoa, behar nuen aho beteko irentsialdia neure egiteko. Hiru eguneko asea. Eskerrik asko, Andu!

Anjel Lertxundiren azken eleberria izan dut egunotan esku artean, Alberdania argitaletxeak argitaratu duen "Etxeko hautsa" liburua. Jorge (Gorka) aitari ari zaio, mundutik alde egin gabe mundualditik kanpo dagoen aitari. Hariak, hausnarketek kateatu egin naute... galdera barru zirikatzaileek oporraldia zirikatu. Ez zaik bizitza gustatzen, ala? galdetzen (erasotzen) dio aitak momentu batean semeari. Eta ni hementxe ari naiz bizitza gustuko eginarazten didatenen zerrenda egiten. Zerrendako puntuetako bat: Anjel Lertxundi irakurtzea.


Touché! Harrapatu nauk! Mila esker Andu, gozaldiarengatik!


2 comentarios:

  1. Ño, horrelako barne-zimikoa eragin badizu, irakurri beharko dugu. Andu nire idazle kuttunenetakoa da eta ea azkn honek aurrekoek beste asebetetzen nauen. Ziur baietz! Esango dizut!

    ResponderEliminar
  2. Izugarri gustatu zait bai, hizkera, doinua, erritmoa, edukia, testuinguruaren moldaketa... ziur naiz gustatuko zaizula. Gustura irakurriko dut hain ongi eta sakon egiten dituzun iruzkin horietako bat!

    ResponderEliminar