2011-08-02

IZPIZTE-ORIXOL



Lehenengo deskribapena zazpi urterekin idatzi nuen. Ganbara batean aurkitutako trapuzko panpinari bi begi eta irribarre bat marraztu nizkion. Hautsak fosilizatutako irribarrea; panpina triste baitzegoen aspaldian. Bakarrik. Jolas artera eramango zuen ume baten esperoan. Ez dut gogoan panpinaren soinekoari eman nion kolorea... izan zitekeen arrosa edo izan zitekeen horia. Sagu txiki bat. Panpinari ondoan jarri nion laguna.



Hogei urteren bueltan, hiztegiari tiraka nabil. "Deskribatu: Hizkuntza edo irudien bidez pertsonak, gauzak tokiak, etab. nolakoak diren adierazi." . Hiztegia hartu eta hitzei tiraka nabil, igandeko sentsazioak deskribatzeko hitz-harien bila. Hitzak pilatu ditzaket: baso, itzal, harkaitz, magia, Iker, sorpresa, begirada, ikuspegi, orbel, zulo, esku, arrasto, ikusgarri... Hariak korapilatzen ez naiz ausartzen. Deskribapen batzuk ez dira paper gainean hilezkortzekoak. Deskribapen batzuk ikusi, bizi eta barru-barruan eramatekoak dira.

Aramaioko Etxaguen auzotik gora Anbotopetik Izpiztera (1057 m) egin genuen bidea. Bertsoa pentsatu eta postontzian sartzeko tartea hartu genuen:


Aramaiotik Etxaguenera
zentzumenak bide eske,
Anboto, Alluitz ta Tellamendi,
Orixol besteak beste,
harkaitz zorrotzak makulu sendo,
pago itzalak gerizpe,
ama lurraren mirakulua
horixe dugu Izpizte,
zerura hurbildu nahi baduzue
hona etorri zaitezte.



Izpiztetik Apaizaren Kobara. 1872. urte inguruan Santa Kruz apaiza ezkutatuta egon zen harkaitz arteko zuloa. Infiniturako balkoia.


Eta handik Orixolera (1127 m). Tontor-gaina ederra, bidea zoragarria.


"Anboto ta Orixol
biak parez pare..."






Zer da, zer da... halako egunetan hasi eta bukatzea nahi izaten ez dena? Ba horixe, zazpi urterekin topatutako trapuzko panpinari kontatu diot igandean bizitakoa. Beregan fosilizatu ditut igandeko sentipenak. Hauts artetik irribarrea sumatu diot panpinari. Benetako irribarrea. Sagurik ez dut ikusi.


3 comentarios:

  1. Aupa Irati, aspaldiko! Zure testuak irakurriz izugarri gozatzen dut, gozatu, eta gainera, animatu zure arrastoen atzetik jartzera; nik ere mendia izugarri bizi dut, eta zure azken irteera horretan murgiltzeko irrikaz nago, parajeak ez ditut ezagutzen eta produktua saltzen asmatu duzu. Muxu pottolo bat eta segi gozatzen!

    ResponderEliminar
  2. Bidean ogi apurrak utziz ibiltzen naiz, Haritz! Ez duzu galbiderik, eta paraje horietara inguratzen bazara seguru gozatuko duzula. Ongi ibili! Beste muxu bat bueltan!

    ResponderEliminar
  3. Aupa Irati!
    Guk orain urtebete edo ezagutu nuen inguru hori, eta txoratuta geratu ginen. Ibilbide samurra da, ia guztiz itzalpean egiten dena eta ikuspegi aldetik oso esker onekoa, zoragarria.Anboto ere bertatik bertara dago eta aurrekoan albora utzi bagenuen ere ea hurrengoan heltzen diogun. Pozten naiz zuri ere gustatu zitzaizulako. Segi bideaz gozatu eta gozarazten!

    ResponderEliminar