2012-01-11

OPORRETAKOAK



2011-12-26  ITZAGA (1361 m)

Abiapuntua: Ardanaz (Nafarroa). Bakarren batek esango balit Pirinioak ukitu ditut Itzagako gainetik sinetsi egingo nioke. Elurrak distantziak hurbiltzen ditu, nonbait. Helmuga: irribarrea.



Ardanaztikan gora
arrastoak more,
bost zentzuak zabalik
izatea hobe,
Izagako gainari
agur ta ohore,
Pirinioetako
gailurrak dotore,
hainbeste edertasun
hainbeste kolore,
ez argazki kamera
eta ez tripode,
begiak ireki ta
bihotzean gorde.




2011-12-27 IPARLA (1056 m)

Abiapuntua: Izpegiko gaina (Nafarroa-Lapurdi). Azal mamitan arantza batek zenbat iraun dezake? Urtebete? Urte eta erdi? Eta mendi tontor batek... bihotz mamitan zenbat iraun dezake mendi tontor batek? Helmuga: zoriona.



























Begi belarriak adi,
Izpegitik ameslari,
irribarretsu heldu diogu
Iparla gainari,
arrano eta sai kabi,
harribitxiak ugari,
a ze oparia egin diodan
neure buruari.


2011-12-28 SAN DONATO-BERIAIN (1494 m)

Abiapuntua: Ihabar (Nafarroa). Joan eta joan eta joan. Eguzki, laino eta elur artean. Eta joan eta joan eta joan. Indarrak berritu. Eta joan eta joan eta joan. Elkarri sekretuak kontatu. Eta joan eta joan eta joan. Argazkiak atera. Eta joan eta joan eta joan. Bertsoak abestu. Eta joandako guztia itzuli. Eta itzuli eta itzuli eta itzuli. Helmuga: konplizitatea.




 Ihabarren gora arin
bideari ekin,
zenbat hitz jolas, kantu
ta kontu atsegin
ikasle, irakasle,
gurasoak berdin,
itzuliko garela
dudarik ez egin,
urte berrian eta
eguzkiarekin.


2012-1-1 AIZKORRI (1528 m)

Abiapuntua: Beunde (Zegama-Gipuzkoa). ... barruan koxk egiten duen mendia. Harkaitzarteak besarkatu egiten zaitu Aizkorrin, estutu, itotasunaren sentsazio plazerez betea eskaini. Trukean ezer eskatu gabe. Helmuga: plazera.


























Bi mila eta hamabiari
egin nahian diosala,
Aizkorri igoz abiatzea
ez da erronka makala,
elkarbizitza, berdintasuna...
balorez eskuzabala,
urte berria zabal dezagun 
kaxa itxi bat bezala,
eta ezuste zoragarriak
denontzak ekar ditzala.


2012-1-3 BALLO (1198 m) - MIRUTEGI- SURBE

Abiapuntua: San Roman (Araba). Bila ibili eta aurkitu gabe etxera itzultzea. Konturatuta. Ederrena bila ibiltze hori izan dela. Helmuga: gogoa


Ilargia ezkutatu
zaigunerako soraio,
zeruaren umontzian
egunsentia da jaio,
mendi grinez ameslari
ta ilusio karraio,
San Romandik ostertzari
begira jarri natzaio,
Legaireko zelaietan
eder ageri da Baio,
zoriontsu nagoela
esan nahi dut, ze arraio!
paradisua izateko
itsasoa falta zaio.

2012-1-5  ANDOINGO UR-JAUZIAK

 Abiapuntua: Andoin (Araba). Korapilatzen diren zuhaitz-sustraiak. Aldapan behera erortzen diren maldak. Busti egiten duten soinu-hotsak. Naturaren mugez harago izadiak mingaina ateratzen digula  konturatzea. Helmuga: sorginkeria






6 comentarios:

  1. Ez daukat grabagailua eskura, baina, izango banu... izango banu txalo bat eta irribarre bat grabatuko nituzke. Bai, txalo bat eta irribarre baten isiltasuna grabatuko nituzkeela esan nahi dut, irribarre baten konplizitate usaina.

    Bertsoak bikainak, paisaiak guztiei hozka egiteko modukoak (hotza pasatzen denean edo). Eta irribarre baten konplizitatea. Nitaz oroitzeagatik, bultza eta tira egiteagatik, elkarrekin ipuinak asmatzen ikasi dugulako.

    (argazkiak lapurtzerik badut? ;D)
    Muxu potolo bat!

    20ra arte?

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Eskerrik asko, Leire, pozgarria da beste behin zu gertuan sentitzea! Eskerrik asko irribarren horren konplizitateagatik. Nitaz oroitzeagatik, bultza eta tira egiteagatik, elkarrekin ipuinak asmatzeko aukera emateagatik. Badakizu, joanekoak etorrikoa dakar.

      Hartu-lapurtu argazkiak lasai!

      Martxoaren 1era arte! ;-D (lehenago ere elkar ikusiko ote dugu!)

      Muxu handi bat!

      Eliminar
  2. Neguko oporrak ere mugitzeko erabiltzen dituzula bistakoa da; halako inbidi sano bat eragiten diozu mendia udarako uzten duen honi. Segi horrela, luzaro, mendi/naturaarekiko samurtasun gozo horrekin. Zure hitz eta bertsoak esnemamitzen dute nire barruak. Ongi etorria eta Urte Berri On!!!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Neguan... jantzi egin behar! Baina, ez pentsa askorik ere behar denik! Ibilian, badakizu... epeltasuna berez berotzen da! Urte berri on!

      Eliminar
  3. Iparla ezagutzen dut Bidarraitzetik igota, nolakoa da Izpegiko bidea? zenbat denboran joan etorria? Merezi, izugarri merezi du, bertatik ikus daitekena, ez du parekorik, guztiz da ederra.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Izpegiko bidea... zoragarria da! Gorabehera batzuk izan arren, nahiko zeharka egiten da... ikusmira ederra! Denbora? Guk bost ordu eta erdi inguruan egin genuen joan-etorria, lasai-lasai, ezkutuko iturri eder baten bila ere ibili ginen. Eta aurkitu genuen baso barrenean! Txoko oso polita iturri ingurukoa. Muxu bat, Juantxo!

      Eliminar