2012-02-07

ITAKA (MariJoxe Azurtza_2012-2-4)



"Begira, begira... hegan egiten ari da!" Egin dio oihu mutikoak neskatoari. Eta neskatoak begiratu egin du. Norabait. Nora begiratu behar duen ez daki oso ongi. Elurra ari du. Baina, elur-malutek ez dute hegan egiten. Elur-malutak erori egiten dira. Zintzilik egoten dira denbora tarte batez eta salto egiten dute batzuk. Erori egiten dira gehienak. Neskatoak ez du uste elur-malutek hegan egiten dutenik. 

Lainorik ez da falta zeruan. Baina, lainoek korrika egiten dute; nekatzen direnean, gelditu egiten dira eta korrika jarraitzen dute gero. Lainoek eutsi egiten diote euren pisuari eta ipurdi-aldea arintze aldera noizbehinka putz egiten dute haizetan. Lainoek ere ez dute hegan egiten, neskatoak uste du mutikoa lainoez ere ez dela ari.

Arnasa izan zitekeen hegan egiten ari dena edo ahotsaren oihartzuna edo begiradaren ispilua edo... hegan egitea zer den galdetu dio neskatoak mutikoari. Eta orduantxe ikusi du elur-maluta zurien artean paper zuri bat, besoak zabalik, muturra estu. Eta konturatu denerako aurrera doa. Eta neskatoak horixe pentsatu du, hegan egitea aurrera joatea dela. Mutikoak oihu egin dio berriro neskatoari: "Begira, begira paperezko hegazkina. Hegan egiten ari da!"





 


Paperezko hegazkina hartuta Seguratik Japoniara joan ginen larunbatean. Urrutitxo dagoela? Nondik begiratzen zaion! Pilotua MariJoxe Azurtza bada, eta neskatoaren eta mutikoaren irudimenak atzetik bultza egiten badigu... joan eta etortzeaz gainera, zisneak marrazteko astia ere izan dezakegu! 
Origamiaz hizketan aritu ginen, paperaz eta tolesdurez eta entretenimenduaz eta geometriaz eta matematikaz eta ikasleez eta mugaz eta koloreez eta... gai zoragarria! 

Eta MariJoxez gain, Patxi Ezkiagak asteroko bisita egin zigun eta zisneen ondoan kaioak jarri genituen hegan eta Edurne Huesak lapikokada ederra prestatu zigun garapen, kontsumo, alternatiba eta ekoizpen  gaiekin eta Hitzontziri hiztegiarekin egin genion hozka eta azken kantua elurretan ur hotzetan ur epelen, Urepelen, kantatu genuen Gatibu taldearekin.

Saioaz gozatu nahi izanez gero... egin koxk!


4 comentarios:

  1. Ikasleak erakartzeko beste amu bat gehiago. Saio interesgarria benetan, Irati!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Ikasleak eta irakasleak erakartzeko! Ni erakarri nau; ea horrelako zerbait noizbait martxan jartzeko gai naizen! Zu ere animatzen zara, Jon?

      Eliminar
  2. Lehengusinari (mendiaren goian bizi den lehengusinari) zisneak nola egin irakasten ibili naiz. Poztu egin da. Bost urteko umeak zisne bat laguntzarik gabe egitean poztu egiten direlako.

    Eskerrik asko horregatik, zuen uhinen bidez irribarreak sortzen laguntzen diguzuelako.

    Hemen Itaka zale amorratu bat. (Hori esan zenuen duela urtebete, irratiko kristal potoloaren beste aldetik, logaritmoei eta galtzerdien koloreari buruz galdetzen hasi aurretik. Urtebete? Amaaa)

    Eta nik hala jarraituko dut, Itakazale amorratu.

    Muxu potolo bat FJri, eta Joxeri, eta Axuni (aurkeztu beharko didazu, egunen batean), eta Iratiri bi muxu potolo erdi (ez omen da muxu bat... matematikoki ere ez?)

    ResponderEliminar
  3. Ez, matematikoki ere ez. Bi muxu potolo erdi, ez da muxu bat, potolo bat da, eta potolo bat beti da bat baino pittin bat gehiago. Kontua pittin bat hori zenbateraino den gehiago asmatzea.

    Burlatatik Beasaina bidean... non galdu da zisnea? Muxuek badakite igerian?

    ResponderEliminar