2012-02-08

URRUZUNO(tarrak)





Dena ala ezer ez. Eta tartean pixka bat, puska bat, bostenaren hiru laurdenak, gutxi, asko, hozkada bat, botila erdi betea... eta tartean aukera asko. Joera oso zabaldua dugu. Edo dena nahi dut edo ezerezarekin konforme naiz. Eta dena da guztia aho betez, eta ezer ez da guztiaren hustasuna, zulo handi bat. 

2012ak ez du urruzunotarrik izango. Krisia dela eta Urruzunoliteratur lehiaketa ez antolatzea erabaki da aurten. Zabaltzen ari zen zurrumurrua orain dela bi aste baieztatu zen. Barruak atximur egin zidan berria ezagutu nuenean; Amaiaz, eta Jorgez, eta Iratxez, eta Nereaz, eta Xabiz, eta Kristinaz, eta Iraitzez eta Eñautez eta saria irabazi nuen bi urteetan ezagutu nituen lagun guztiez oroitu nintzen. BArruak atximur egin zidan eta nerabezaroko adin zail, zalantzatsu eta segurtasunik gabean sariak nire idazteko zaletasunari bultza nola egin zion izan nuen gogoan. Barruak atximur egin zidan eta Leirez, eta Beñatez, eta Lierniz, eta Lurrez, eta Itziarrez eta urtero-urtero lehiaketan parte hartzera animatu ditudan ikasle gaztetxo guztiez oroitu nintzen. Barruak atximur egin zidan eta Harkaitz Canoz, Urtzi Urrutikoetxeaz, Aitor Sarriegiz, Xabi Paiaz, Jose Luis Padronez, Garazi Goiaz, Arkaitz Estiballesez, Leire Bilbaoz, Garikoitz Berasaluzez, Jon Benitoz, eta urruzunotar izan eta sormenaren munduan izen izatea lortu duten lagun guztiez oroitu nintzen. Suitzaz, eta Austriaz, eta Esloveniaz, eta Italiaz ere oroitu nintzen barruak atximur egin zidanean, baina, neurri txikiagoan, askoz ere neurri txikiagoan. 

Hamalau eta hemezortzi urte bitarteko hogei gaztetxok saritutako lanaren truke hirurehun euroko poltsa, gainerako sarituekin partekatzeko hamar eguneko bidaia eta saritutako lanekin argitaratutako liburu sorta ederra jasotzen dute. Krisi garaiotarako gehitxo, akaso bai, ziurrenik bai.

Baina, hamalau eta hemezortzi urte bitarteko hogei gaztetxok poltsaz, bidaiaz eta liburu sortaz gain, saitutako lanaren truke ilusioa, idazten jarraitzeko bultzada, pauso bat gehiago eman eta ibiltzen hasteko bidea eta batez ere, idazteko zaletasuna duten lagunak ezagutzeko aukera irabazten dute. Krisi garaiotan, krisi garaiotan ere, oso eskuragarria izan zitekeena. 

Krisi garaiotan zentzuz jokatu behar dugula? Ados, guztiz ados. Horregatik egin dit barruak atximur, krisi garaiotan zentzuz jokatu behar dugulako. Guztiaren eta ezerezaren artean zentzuak lekutxo bat izan dezan, denok, denok, ahalegintxo bat egin beharko genukeelako.



3 comentarios:

  1. Berria ezagutu nuenean Ane nuen ondoan, eta Irati, eta Maialen, eta Gemma, eta Iker, eta Itziar, eta Garazi, eta Maialenen trikitixa, eta Eiderren panderoa, eta egun hartan elkartu ginen guztiok, Urruzuno literatur lehiaketak elkartu gintuen lagun taldea. Eta barruak atximur egin zidan. Begiek islatu zuten atximurra. Nik ez nuen ikusi, baina banekien baietz, islatu zutela. Aneren begiek, eta Iratiren begiek, eta Maialenenek, eta Gemmarenek, eta Ikerrenek, eta Ibairenek islatu zuten bezala. Atximurrak sentitu nituen lagunen begietan, eta elkarri eskua luzatu genion, egun polita zen kantuan eta dantzan igarotzeko.

    Garrantzitsua izan da. Badakit garrantzitsua izan dela. Lagun handiak egin ditugulako. Papera lagun handi bilakatzen ikasi dugu, eta distantzia tarteko hurbil egoten. Amets egiten ikasi dugu elkarrekin, eta ez da gutxi.

    Ez nekien lehenengoa azkena izango ote zen. Beste behin saiatu nahi nuela, eta ilusioz idatziko nuela, hori baino ez nekien. Baina ez, batzuek ez dugu berriz idatziko, beste batzuek ezin izango dute lehenengoz idatzi. Eta horrek ere atximur egiten du, barrenean, hor nonbait.

    Orain Iratiz oroitzen naiz, eta Ekaitzez, Josuz, Iosunez, Koldoz, Joxez, eta ondoan izan nituen lagun guztiez, ipuin hura bizi izana haiei zor diedalako. Eta Lurrez, Itziarrez, Mikelez ere oroitzen naiz, haiek ere ipuin bat bizi dezaten gustatuko litzaidake.

    Muxu potoooooolo bat, eta mila-mila esker.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Mila-mila zer da bi mila edo milioia? Denak ez dira bakar baten poltsikoak sartzen eta partekatuko ditugu?

      Ez utzi inoiz ipuinak idazteari eta ipuinak marrazteari eta ipuinak amesteari eta ipuinak goxatzeari...

      Muxu erraldoi-handi-izugarri bat! Ipuinetako horietakoa!

      Eliminar
  2. Krisia aipatzen dugu etengabe, aipatu arazi digute, hobe esanda. Baina krisia gu ez garen horiek jarritako hitza da, lapurretaren izen berria, jokabide berekoiaren aitzakia. Hitz pottoloak ulergarria ulertezina bilakatzeko estrategia baino ez dira. Eta jakin badakigu ulertezinaren aurrean zer otzanak bilakatzen garen...

    ResponderEliminar