2012-09-03

OTSOAK ENKANTEAN


HITZA: ENKANTE 

Oihu egitearen enkantua. Edo isilik egotearena. Isilik egoten jakin eta oihu egiten asmatzen ez denean, sentitzen den zera hori. Izan daiteke zulo, sare, amildegi edota katea. Izan daiteke gaizki emandako pauso baten erori beharra, edo ibiltzen ikasi behar duela jakin duen umearen presioa. 

Arrain heriotzak umeldu berriaren usainpean dena izan daiteke oihu eta dena izan daiteke isiltasun. Euro ziztrin batzuen olatu aldiak kresalari jartzen dio prezioa. Itsasoa ez dago salgai oihukatu zuen hark ere ez omen zekien igerian. 

Akaso geure buruak itotzen ikasten dugun egunean, asmatuko dugu benetan arnasa nola hartu behar dugun.



AFORISMOA: "Zazpi antxumeak, hiru txerritxoak eta amona jan nahi izan zituen otsoa bera da?"

Sar zaitezte ordulari baten barnean eta begiratu. Begiratu ipuinek nola mozorrotzen dituzten denboraren masaila gorriak. Sar zaitezte ordulari baten barnean eta begiratu. Begiratu lastozko etxeak zergatik bukatu zuen errotariaren irin artean, ahotsa fintzeko arrautza puskatuekin jolasean ibili ondoren. Sar zaitezte ordulari baten barnean eta begiratu. Begiratu. Begiratu ezean ez baitago sinesterik amona batek hain belarri handiak izan ditzakeenik. 

Ipuinak ulertzeko entzuten baino begiratzen jakin behar da.



HAIKUA

Lanera buelta
bizkarrean bi begi 
itsu jarrita
 
 


1 comentario:

  1. Haikua, aforismoa, enkantea, enkantua. Irailarekin batera etorri dira zure idatziak, eta ni behintzat egarri nintzen.

    Ipuin guztietako otsoa bat eta bera bada, ez du nolanahiko enpatxua izango. Zure asteroko berrien zain, besarkada bat.

    ResponderEliminar