2011-02-10

BIODIBERTSITATEA


Biodibertsitatea. Eskolako Agenda 21-eko (ikasle, irakasle eta gurasoak herritarrekin batera ingurumenaren arloan inplikatzea helburu duen proiektua) aurtengo ikasturteko gaia: biodibertsitatea. Leihtotik begiratzea nahikoa da eskola edo etxe ondoko parkeak duen aniztasunaren aberastasunaz ohartzeko. Begiratzeak, ordea, begiratzea esan nahi du. Ikusten duzun hori sentitzea. Ikusten duzun horren esentzia zure egitea; zu ere aniztasun horren parte zarela sumatzea.

Aita irakasle den eskolan ere buru-belarri ari dira lanean; helburua... ekintza ezberdinak antolatuz ikasleak naturara hurbiltzea, belaunaldi berriak naturarekiko errespetuan heztea. Biodibertsitatea. Horixe aurtengo gaia. Umeei zuzendutako olerki bat egiteko eskatu zidan aitak, eskolan landu dezaten. Niretzat erronka berria: umeentzako olerki bat. Gaia garbi azaldu, erakargarria izan, errepikapenak sartu, errimarekin jolastu... Izalgo Txomenanea eta Pilarrenea parkeetan kokatu dut olerkia.

Lortu dut; eta gustura nago emaitzarekin. Esperientziak gainera, miresten ditudan bi idazle handiren olerkiak ezagutzeko balio izan dit. Beste arlo askotan bezalaxe, haurrentzako poesiagintzan ere lan ederra egin baitute Joxan Ormazabal eta Juan Kruz Igerabide idazleek.

Hauxe ba, jolasean-jolasean, sortu dudana:


Txirula mirula
zuhaitzaren enbor mardula;
puntaren puntan
txoriak
habia egin du lekutan!
Axariak arrautzak jan ez ditzan...
puntaren puntan
txoriak kantatzen digula...
txirula mirula!


Begira, begira...
Pilarreneko distira;
begira, begira...
Txomenaneko belardira
zirauna dator arrastaka
tirriki-tarraka,
natura esnatzen ari da!


Hosto bat, bi lore,
zenbat kolore!
Lau sagu, bost sator,
nor ezkutatu da hor?
Hara!
Pagoaren besarkada...
hara!
Bertatik bertara
hegan dabil enara!


Biodibertsitatea,
natura maitea!
Zu ere bera zaintzen saiatu zaitea!


Batzuei olerkiak egitea egokitzen zaigu, beste batzuek bertsoak egiten dituzte. Ekaitzek ere egin ditu bi bertso... (ederrak Ekaitz!)...

Kattagorria adarrik adar,
birigarroa kantari,
pinpilipauxa lorerik lore,
sugandila irristari;
Txomenaneko parkean barna
begi-belarriak adi
inguruak hitz egiten dio
entzuten dakienari.


Pilarreneko bake usaina,
zelai berdeen lilura,
Ursuarandik behera datorren
errekastoaren ura...
Hartu dezagun errespetatu
ta maitatzeko ardura
elkarren lagun izan daitezen
gizakia ta natura.

10 comentarios:

  1. Zuhaitz azpiko itzal luzearen arnasa, sorobelardien azaleko izerdia,
    harrietan ihintzak utzi du negar malkoa...
    amilotxa,enborra, satitxua,lurra, txintxar azpian harra, mila kolrorez burruntzi eta tximeleta, luma, larrua eta belusa leuna!
    Ezagun dugu bizia deuna!

    Bikain zabiltzate, bikote!
    Manex

    ResponderEliminar
  2. ;-)))) Lau parentesiko irribarrea sortzen dute halako hitz ederrek, Manex! Amilotxa, satitxua, belusa... biodibertsitateak uzten duen hitzaniztasuna! Olerki bikaina! Mila esker!

    Biomuxu bat!

    ResponderEliminar
  3. bikainak, olerki ederrak benetan!!

    :D

    ResponderEliminar
  4. Olerki-bertso sorta ederra.Landareak, animaliak...BIODIBERTSITATEA bizitza bera da.Ezagutuz eta elkar errespetuan, bizi eta gozatu.

    ResponderEliminar
  5. Eskerrik asko Kimo! Ea zure postontzietako batean nik ere noiz uzten dudan mezutxoren bat! Asteburu on! Ea gaurko problemari ere heltzen diozun!

    Paule, 17 hitzeko esaldi horretatik bat azpimarratu nahiko nuke: EZAGUTU. Koxka hortxe dagoela esango nuke.

    Muxu bana, bikote!

    ResponderEliminar
  6. Arrazoia duzu, ezagututa , bat, erabat harrapatuta gelditzen da, naturaren magiaz eta sorginkeriaz.

    ResponderEliminar
  7. Biodibertsitateaz mintzatzen garenean, badirudi mendiak, haranak,errekak, padurak,edo hegaztiak etorri behar zaizkigula burura. Baina hori al da bakarrik? Biodibertsitatea ez al dugu edonon aurkitzen? Adibidez, gure ikastetxean ba al dago biodibertsitaterik?
    Zalantzarik ez, ikasle bakoitza desberdina da bere jatorriari, fisikoari, zaletasun edo emozio, sentipen eta izaerari erreparatuz. Eta, nahiz eta, gehienetan edo sarri-sarri itsu jokatzen dugun, hor datza, desberdintasun horretan, bizi aberastasuna. Zorionak blogarengatik eta ongi izan.

    ResponderEliminar
  8. Erabat ados Pabloren komentarioarekin, eta gainera, hona hemen, gaiarekin bete betean datorren bertso hau:

    Mundua borobila izan arren
    gauza desberdinak daude
    arraza eta kultur askoko
    pertsonak ere bagaude
    gure lur hontan galtzear hainbat
    animali nahiz landare
    ta gu ez gara hortaz jabetzen
    ondoan baditugu ere.
    Doinua: Pello Josepe

    ResponderEliminar
  9. Ni ere ados Pablorekin bai! Eta ikastetxeak gizartearen belaunaldi berriak izanik...

    Bertso ederra Saioa... ez dakit zuk egina ote den... eskerrik asko orriotara ekartzeagatik!

    ResponderEliminar
  10. Ez, ez da nire bertsoa, Ihitza aldizkari batetik jasotako bertsoa da, egileak: Hernaniko Bertso Eskolako kideren bat.Besarkada bat, eta, Elkarrekin elkarrenganako, zaindu, ezagutu, gozatu, errespetatu eta zaindu NATURA.

    ResponderEliminar