2011-02-07

HAIZEA JO



HITZA: ADAR

Herriko adarjotzailerik trebeenak adarra joz pasa du goiz osoa; sekulako adar-hotsa entzun da herrian. Akerraren adar okerrak aztoratu eta pagoko adarretan gelditu dira kateatuta.


Adar-jotzea (bata eta bestea) zientziaren adartzat har daitezen aldarrikatu nahi izan du adarjotzaile halakoak!

Bai, hori ere esan du, larunbatean Adarra mendian (Urnietatik gora) izan zela, arratsalde zoragarria izan zela; bertso bat idatzi eta argazki politak atera zituela. Iluntzean etxeratu zenean, aulkiaren adarraren kontra erosotu zuela bizkarra eta mendiko botak kendu eta kaleko zapatak adarraren laguntzaz jantzi behar izan zituela, hori ere entzun diogu goizean adarra jotzen aritu den adarjotzaileari.




ADARRA (811 m)

Itsasertzaren begiratoki
zoragarri ta edarra,
Gipuzkoako barnealdea
ta mendialde naparra,
harri artean iraganeko
aztarnek duten indarra!
pausoa erraz onartzen duen
zelai arteko bizkarra,
sarri bisitan inguratzeko
lagun ona da Adarra.





AFORISMOA: "
Hitz potoloak erabiltzen saiatzen gara, esandakoa haizeak eraman ez dezan."


Eta ez da erraza, lau kiloko hitza lau hitzen tokian egoki erabiltzea. Ai asmatuko bagenu!

Erraza ez den bezalaxe, kiloko lau hitzekin esaldi pisutsu bat egitea. Ai asmatuko bagenu!

Haizearen lagun egitea onena, hitzak eraman ordez, hitzak ekartzen has dadin. Ai lagunduko baligu!



4 comentarios:

  1. Zer da hitz potoloa? Hatz gizenek paperean idazten dituztenak? Hiztegiaren ahaztutako txokoan dauden horiek? Guk geuk, besterik aurkitu ez eta, asmatzen ditugunak? Zure muxuak bai, zure muxuak potoloak izaten dira. Eta eragiketak errazago egiteko logaritmoak erabiltzen diren zenbaki horiek ere badira potoloak (halako zerbait badago, ezta? ez dut ongi gogoratzen).

    Orain arte kiloko hitzekin esaldi potoloak egiten saiatu naiz. Hori lortu dudan jakin gabe, hitz potoloa zer den azaltzen badidazu, kiloko esaldiak eraikitzen saiatuko naiz hitz potoak erabiliz.

    Mendi buelta politak. Jakizu entrenatzen ari naizela, egunen batean zuek harrapatzeko (bai, filologo jauna ere bai). Mendiko botak lokaztu ditudan? Ez, bertso artean ari naiz entrenatzen zuekin mendira igo ahal izateko!

    Besarkada bat (hitz potoloa ongi aukeratu dut?)

    PD: Irakasle andereari etxerako lanak ohe gainean pilatzen hasi zaizkio (hartzak utzitako tokian agian). Ez dut uste hain zail jarri diodanik matematikari jantziari.

    ResponderEliminar
  2. Bai, badakit, eta ez pentsa, bere garaian oso esanekoa nintzen etxeko lanekin... irakasleak ikasle errebeldeak izango dira...

    Gustura konpartituko dut mendi gainen batean bion artean idatzitako bertsoren bat!

    Hitz potoloei dagokienez... gutxi jan eta gehiegi gizentzen diren hitzei zer deritzozu?

    Gaur begirada potolo bat, zuretzat!

    ResponderEliminar
  3. Beraz, hitzak ere dietan jarri behar genituzke!

    ResponderEliminar