2011-02-22

ITAKA (Joxe Arratibel_2011-2-12)



Bazen behin ipuin-kontalari bat etxeko paretak marrazkiz beteta zituena. Goizeko argitasunak marrazkiak hitz bihurtzen zituen, eta ilargiaren argiak hitzak ipuin. Ipuin-kontalariak gauero ipuin artean egiten zuen amets. Neguko goiz eguzkitsu batean etxeko paretetan zituen marrazkiak aurpegian tatuatu eta ipuin ibiltari lanetan hastea erabaki zuen. Istorioak dio ilargiaren argitan ipuin-kontalariaren aurpegiko marrazki tatuatuak ipuin bihurtzen zirela, eta leihoetako ertz ñimiñoetan barrura paretak marraztuz sartzen ziren ipuinok ametsen azken jolasgune izaten zirela.

Ipuinak ordularirik gabe bizi dira, denboraren umezurtz. Haizea dute soineko, begien distira bidaide. Ipuinak paparrean eramaten dira zintzilik, misterioaren arnas-bide omen dira.


Joxe Arratibel -> ataundar ipuin-kotalaria, ipuin-biltzailea. Ahozko tradizioaren aberastasun osoa eskura jarri diguna. "Kontu zaharrak", "Mari Xor eta bestea", "Dirua neurtzeko ontzia", "Erramun eta Mirentxu", "Izugarriak"... jasotako ipuinekin osatutako bildumak. Urtarrileko astearte batez utzi gintuen Joxek, otsaileko larunbat batez irratian omenaldia egin genion. Txapela merezi duelako urteetan egin duen lanarengatik; betiko utzi digun opariarengatik.


Saio hunkigarria izan zen otsailaren 12koa. Bere ondoan urte askoan egon den Miel Elustondo idazle, itzultzaile, argazkilari eta kazetari azpeitiarra izan genuen aldamenean, Joxeren ondoan atera, bizi eta sentitutako argazkien kontakizun ederra egiten. Iñaki Arratibelek, Joxeren anaiak, erakutsi zizkigun Sariarte baserrian 1923an jaiotako mutikoaren argazkiak eta Monika Arratibelek Ataungo magia sorginduaren arrastoak irratiraino luzatu zizkigun.

Joxe Arratibelek jaso eta kontatutako ipuinak irakurtzen Doltza Barandiaran, Joxe Begiristain, Ataungo Joxemiel Barandiaran Herri Eskolako ikasleak, Ekaitz Goikoetxea eta ni aritu ginen, Dionisio Etxeberria Joxek jasotako "Epistolea" kantua abesten, eta Joxe Goikoetxea garai bateko mitologiaren ikurretako bat bihurtu den adarraren inguruan aritu zitzaigun hizketan.

Azken kantarekin soginen leizean biluztu ginen, dantzarako motibo Exkixu taldearen "Sorginen Leizean" abestia hartuta.

Sorginen eta Jentilen artean ordu eta erdi eder bat igaro nahi baduzu... egin koxk; saioa jaitsi eta gorde nahi izanez gero,
http://blip.tv/file/get/Irati-t509.mp3


Ba horixe, Joxe, txapela; bejondeizula. Mila esker!



2 comentarios:

  1. Irratsaio ederra, euskal mitologian murgiltzeko tresna aproposa. Lan inportantea eta aberatsa Joxe Arratibelek egindakoa. Bihotzez, milesker Joxe!

    ResponderEliminar
  2. Tartalo begi bakar, Mariren sorginkeria eta jankinduria, Jentilen indarra,Laminen edertasuna, ipotx eta jeinuen aztikeria...besteak beste, Joxe Arratibelek, Joxe Miel Barandiaran... bildutako ipuin, kontaera. Gure herriak mitologia ederra eta aberatsa du, eta hori, neurri handi batean, Joxe eta Joxe Miele bezalako pertsonei zor diegu..

    ResponderEliminar