2011-02-14

LARATZEAN GALDUTA


HITZA: LARATZ

Laratzean behera jaitsi zen, adibidez... otsoa, hirugarren txerritxoaren etxean. Ipurdia galdarako ur berotan erre zitzaion otso gizajoari...

Laratzean behera jaisten da, adibidez... sorgina, ilargi-berri den gau ilunetan, su artean erdi-itzalian gelditu diren txinparten argitan egunsenti aurreko azken dantza dantzatzera.

Laratzean behera jaisten dira, adibidez... izarrak, tximiniko zuloa gauari muxuka dagoen uneetan.

Laratzean behera ausartu ez, eta laratzean gora egiten saiatu nintzen behin baserrian. Oinak eltze handiaren gainean jarri, eta kate gakodunean (horixe da laratza, tximiniatik behera zintzilik dagoen kate gakoduna, beheko suan dagoen eltzea eusten duena) gora luzatu nituen besoak. Ez dakit nora joan nahi nuen, sorginen, izarren edo ipurdia erreta ihesi joan zen otsoaren bila. Irudimena baino ez zen iritsi tximiniaren puntara. Ezkutaketan jolasteko ezkutaleku bikaina, horixe arratsalde hartan topatu nuena.

Beltz-beltz (bai, zerri-zerri) eginda atera nintzen zulo ilun hautsez beteriko hartatik (bururatzea ere, ezta?), beltz-beltz eginda eta poltsikoan esaera zahar-sineskeria bat hartuta:
umeek ez omen diote laratzari eragin behar, bestela ohean pixa egiten omen dute.

Imajina dezakezue bai, gau hartan egunsentiak nola harrapatu ninduen: blai eginda!




AFORISMOA: "Bilatzen duenak aurki dezake; aurkitzen duenak ez du bilatzen"

Eta bilatzen ez duenez, aurkitu gabe egiten du bidean aurrera.

Bila aritzearen nekea, gozoa da, oso gozoa.

Bila aritzearen nora eza, zora-garria da, zoragarria.

Bila aritzearen denbora opari bat da, bigarren ordulari bat.

Aurkitu izanaren plazera bila aritzearen ispilu da, ez besterik.


2 comentarios:

  1. Ni ere, Mekola baserrian, laratzetik zintzilik ibilitakoa naiz, sorginak jeisten ikusitakoa, eta, olentzero bizkarrean ikatzez betetako zaku bat zuela, hantxe, gu noiz oheratuko zain, etxoiten. Ai! ume kontuak nolako magia daukaten. Muxu potolo bat, Irati. Segi bizitzari irri egiten eta ametsetan gozatzen.

    ResponderEliminar
  2. Mila esker Pilar! Bizitzak niri irri egiten didan neurrian, saiatzen naiz ni ere bizitzari irribarreak oparitzen!

    ResponderEliminar