2011-05-06

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XXVI)



Horma zuri batean... arrasto zuriak margotuko nituzke. Ez dakit sekula frogarik egin duzuen, baina, zuriak zuriaren gainean sugeak marrazten ditu. Beraz, pareta zuri batean... sugeak marraztuko nituzke. Nahigabe. Nahita egiten hasita beldurra emango lidakeelako gorputz kurbatuaren itzalean mugimendua marrazteak. Bai, mugimendua da izutzen nauena. Ez sugea.
Pareta zuri batean arrasto zuriak marraztuko nituzke, nahigabe sugeen mugimendua marrazten ari naizela jakin arren.

Oroitzapenak begietan zintzilik eramaten ditugula uste dut. Nik bi suge daramatzat begietan zintzilik. Lau urte nituela ikusi nuen sugearen arrastoak. Horregatik gustatzen zait pareta zuriei begira egotea. Suge-mugimenduen itzalean oroitzapenak zintzilikatzen zaizkidalako.



HORMA BAT ERAIKITZEN

Sugeak eta mugimenduak eta itzalak eta oroitzapenak marrazteko horma bat behar dugulako... eraiki egin behar!

Haritzek esan dit hamar orduan eraikiko lukeela horma eta Maitek bederatzi orduan egingo duela esan dit. Lana bien artean eginez gero orduko hamar adreilu gutxiago jarriko lituzkete (zera esan nahi dut: batek orduko hogei adreilu egiten baditu eta besteak hamabost, elkarrekin lan eginez gero hogeita bost jarriko dituzte). Horma lehenbailehen egin nahi dugunez (badakizu artista irrika), elkarrekin jarri dira lanean Maite eta Haritz eta bost ordu zehatz behar izan dituzte horma eraikitzeko. Zenbat adreilu behar izan dituzte horma eraikitzeko?

Adibidez, horma zurian, suge-pozoian irristan problema honen ebazpena jarriko nuke... nork lagunduko dit graffitia egiten?


3 comentarios:

  1. Ipuinak idazten ditu eta ez omen zaio ulertzen. Berak idatzitako poemak erezitatzen ditu eta ez diote ulertzen, nonbait. Ez, ipuinak eta poemak idazten dituenean inork ez du ulertu ez duenaren aurpegia jartzen. Problemak idazten dituenean ez omen zaio ulertzen. Problemek arazoak sortzen dituztelako. Zer arazo? Burua martxan jartzeko izaten ditugun guztiak! (kilo erdi edo?)

    Uste dut idazlea baino, irakurlea izan dela oraingoan. Hori problemen arazoa, filologoek, ulertzen badituzte ere, inoiz ez dietela soluziorik bilatzen! Eta beste batzuk zenbakiak nahi eta hitzekin borrokan (azalpenean baditu beharrean balitu jarriko balu nik ulertuko nukeen. Baina harraro xamarra naiz. hamaieran?)

    Ea, ba. Astebeteko berandutzearekin (klasean sartzen utziko zenidake?) baina saiatu naiz.

    x adreilu kopurua izango da (edo ez).
    H eta M neska-mutilek orduko jartzen duten adreilu kopurua.

    X=10H=9M=5(M+H-10)
    10H=5M+5H-50
    H=M-10

    10H=9(H-10)
    H=90

    X=10H=900

    Grafitia egingo dute Beasaingoak egin dituztenek? Ez dakit guk egiten badugu ez ote den alferrikako lana izango 5 ordu adreiluak jartzen eman izana (ahizpak barre egiten du ez dakidalako marrazten. Oooooso txarra naiz)

    Orain bai? Merezi dut biharko deia? Irabazi beharra zegoen, ezta? (deia, diot)

    Muxu potolo bat!

    ResponderEliminar
  2. 1.- Astebeteko berandutzea izanez gero, serioski hitz egin beharko genuke biok. Txirrinaren hotsari errespetua zor zaio.

    2.- Baditu eta balitu... babak heltzean ezin kabitu! (ez egin kasurik, oraintxe bururatu eta gustatu egin zait... badakizu... zer bururatu hura bota)

    3.- Biharko deia herenegungoa denez...deia merezi zenuen bai, horrelako erantzuna merezi ez zuena ni nintzen! Nongo kobazuloak harrapatu zintuen! ;-)

    4.- A bai! Problema ongi dago! Oso ongi!

    Ostegunera arte!

    ResponderEliminar
  3. 1.- Orduna serioski hitz egin beharko dugu. Kromoek ospa egingo dute, halako batean, ohe gainetik. ;D

    2.- Niri babak ez zaizkit gustatzen, baina tira, nahiz eta ez dudan ongi azalpena ulertu esaldi polita geratu zaizu!

    3.- Barkaaaaaaaaatuuuuuuuuu. Sentitzen dut, benetan. Autobusa joatear. Saioa biolina bizkarrean eta sakelakoak hoska izterrean (hau bai, nahita). Motorra martxan jarri zen eta deia mutut. Hurrengo batean... bihar?

    Bi muxu potolo!! (bana)

    ResponderEliminar