2011-06-27

KALE KANTOIKO GALDERAK


HITZA: KARKABA

Kalezulo estuak dira karkabak, etxe-eraikinek hiribilduak sortu eta gerora kaleari espazioa jan eta gelditu ziren zirrikituak.

Begi azti sakonak dira karkabak, pausoa hots eta hotsa oihartzun bihurtzen dutenak.

Harri hotzen akelarreak dira karkabak, gaueko xuxurla isilak irentsi eta gauerdiko izuaren kantu bihurtzen dituztenak.







AFORISMOA: "Zergatien bila arrazoiak galtzen ditugu."


Egiten dugun galdera bakoitzak norabait hurbiltzen gaituen neurrian urruntzen gaitu nonbaitetik.

Egiten dugun galdera bakoitzak ispilu bat hautsarazten digu beste bat aurkituko dugun esperantzarik eman gabe.

Egiten dugun galdera bakoitzak infinituago egiten du geure burua zehaztasuna galdera ikur baten azken puntu (ia ikusezina, zintzilik, ia erorian marrazten duguna) lokartzen hasia dela oraindik ulertu gabe.

4 comentarios:

  1. Banuen gogoa halakoak berriz irakurtzeko. Puntuak eta galderak eta kale kantoiak eta pausoak eta hotsa eta Iratiren oihartzuna.

    Irati, galdera bakoitzak ispilu bat hausten badu, ikasleok noiz arte jarraitu ahal izango dugu geure burua ispiluan ikusten? Uste dut dagoeneko batzuk hautsi ditudala. Eta, horrek baino jakin-min handiagoa ematen didana: Irakasleek, erantzunak jakin eta galderak egiten dituzuen horiek, zenbat urterako zorte txarra duzue (ispilu bakoitza haustean zazpi urte badira... buf! infinitu zazpiren multiploa da?).

    Beno, egia esan, aurten ondoan eman ditugun tarteak kontuan izanda ez dakit dituzuen moduko ikasleekin zorte txarra duzuela esan dezakezuenik!

    Muxu potolo bat

    ResponderEliminar
  2. Gaur ikasle batek esan dit kalean ume bati entzun diola ea ze demontre den infinituaren kontu hori. Mundu honetan ez dagoela infinitua den ezer... Infinituzko zorte txarra bi beso zabalen artean kabitzen ez den zerbait bada, nik ez dut nahi! Beso arteko handitasunak maite ditut nik, poltsikoan kabitzen diren (noiznahi oroitzapen-irribarreak lapurtzen dituztenak) zuekin gozatutako tarteak, adibidez.

    Ikasleak (Edurnek) kalean topatu duen mutikoari zer esan behar diogu, Leire? Marka da gero!

    ResponderEliminar
  3. Biasteriko (Guardia) karkabak dira oso deigarriak, berehala beste garai batzuetara eramaten zaituen horietakoak, hemendik gertu ere Urretxukoak ezagutzen ditut, eta gertuago oraindik, ertaro garaikoak, Segura herrian. Merezi du , bai, Karkaba hauetan sartzea, eta zentzumenak ernai ditugula, pasiatzea.

    ResponderEliminar
  4. Biasteri... arnasaldi sakon bat hartu eta herrixka sudurzuloetan aurrera sartzen zait. Egunotako beroarekin karkaba bazterrak gustura hartuko lituzke edonork!

    Muxu bat Pablo!

    ResponderEliminar