2011-06-22

ORDULARIA (eta matematika, eta zaparradak...)





(2011ko ekainaren 21eko kronika)

15:25 -> Sekulako beroa egiten du. Institutu pareko autobus geralekuan bederatzi ikasle eta irakasle bat elkartu gara. Bederatzi gazte eta... ez dakit ikasturtea bukatzen denean ikasleek ikasle eta irakasleek irakasle izaten jarraitzen ote duten. Ez dakit, baina, ez jakiteak ere ez dit axola. Gustatzen zait zenbait gauza ez jakitea.

15:30 -> Ez dakit hirurak eta hogeita bostean autobusaren zain egon eta nolatan alde egiten duen hirurak eta erdietako autobusak. Beste hamar minutuz zain egon behar. Eta bero egiten du. Ekainak su hartu duela... ikasle bati entzun diot.

16:15 -> Nafarroako Unibertsitate Publikoko "El Sario" eraikinera iritsi gara. Ekainaren hirutik hogeita laura bitartean Iruñean izango den Imaginary Matematika Erakusketa alemaniarra ikusi nahi dugu. Ikasleak oporretan daude; eta zer? Jakin-minak ez du oporrik hartzen.

16:45 -> Sagar, limoi eta donuts artean asetzeko adina kontu entzun ditugu.

17:05 -> Kaosa, zer da hori? Horiek ikasle kaotikoek ulertzeko kontzeptuak dira, Andrea!

17:20 -> Josuk kamiseta bat irabazi du. Geziak gora eta geziak behera egingo duela esateagatik kamiseta opari. Nork esan zuen matematika eskuzabala ez dela?

17:45 -> Julen, artista! x, y eta z-rekin zenbait korapilo egin eta bihotz bat irudikatzeko gai izan da Julen. Lastima, ez da bihotza Edurneri oparitzen ausartu!

18:15 -> Lau dimentsioko kubo batek hiru dimentsioko zortzi "aurpegi" ditu! Eureka! Kamiseta Asierrentzat!

18:20 -> Lau dimentsio... lasai Julen, zorabiatu gabe!

18:45 -> Badator, badator Andrearen aita. Ez dakit zergatik hasten garen hizketan autoa jadanik badoanean. Dantzan ikusi ditut Amaiaren ezpainak.

18:46 -> Agur Andrea! Aio Amaia!

18:55 -> Osasunarekin negar egiten duela... hori ere entzun egin behar! Gorkak eraman gaitu Reyno de... Sadarrera. Zeru gaina negarrez hasi zaigunean, orduantxe hasi naiz futbolak sortzen dituen pasioak ulertzen.

18:56 -> Zer? A bai! Arratsaldeak sargoria ahantzarazi digu.

19:00 -> Agur Edurne! Aio Josu!

19:01 -> Alvaro, blai eginda hago! Bete-betean harrapatu gaitu euri-jasak...

19:17 -> A ze panorama! Nork esan digu korrika hasteko! Kaleko putzu guztiak irentsi ditugu. Edonork pentsa zezakeen egarri ginela!

19:18 -> Ainhoa, sandalia! Eta Ainhoa aurrera, oinutsik, putzuetako batek sandalia lapurtu diola konturatu gabe.

19:40 -> Erlijioaz hitz egin dugu.

19:45 -> Adiskidetasunaz hitz egin dugu.

19:50 -> Itsu gelditzeko arriskuaz hitz egin dugu ; -)

19:55 -> Agur Julen, Alvaro! Aio Asier!

20:00 -> Ikasketez hitz egin dugu, eta jarreraz, eta ahaleginaz...

20:05 -> Zer? A bai, bihar (gaur) gehiago? Baina, ez zeundeten oporretan? Oporrak? A bai, jakin-minak ez du oporrik hartzen. Etorri lasai.

20:06 - > Agur Ainhoa! Aio Gorka!

20:15 -> Zizur Txantrea. Hainbeste buelta eta jirarekin autoa non nuen ere ahaztu dut!

20:15 -> Hortxe aparkatuko dut. Beti bezala bigarren ahaleginean...

20:15 -> Atsaldeon Samuel! Atsaldeon Ekaitz!

20:15 -> Blai eginda nator. Dutxatzera noa!

20:15 -> Ze ordu da, Ekaitz?

20:15 -> Zortziak eta laurdenean konturatu naiz zortziak eta laurdenean ordularia gelditu zaidala. Aspaldian nagi samar zebilen, motel (ez dakit ordulariek motel ibiltzeko gaitasunik ba ote duten... edo badabiltza edo geldi daude... ez dakit).

20:15 -> Orduantxe gogoratu naiz Maitek goizean egin didan opariaz...

20:15 -> Bolaluma bat izango zela uste nuen...

20:15 -> Ez ba! Ez da bolaluma bat... ordulari koloretsu bat, oso-oso-oso polita. Mila esker Maite! Eskerrik asko Luis!

21:22 -> Zortziak eta laurdenean jakin dut bederatziak eta hogeita bi zirela.

21:23 -> Eta segundoak aurrera doaz... ez dakit ordulari guztiek erritmo berean kontatzen ote dituzten segundoak...

21:24 -> Ordulari zaharra gelditu zaidan momentuan jaso dut berria eskura...

21:25 -> Kasualitatea?

21:26 -> Ez dakit nork esan zuen... bizitza ez dago kasualitatez betea, kasualitateak dira bizirik daudenak.

21:27 -> Ez dakit nork esan zuen...

21:28 -> Gustatzen zait zenbait gauza ez jakitea...

21: 29 -> Polita izan da arratsaldea; oso polita.


4 comentarios:

  1. Zoragarria. Bederatzi ikasle eta ... eta ikastera doan hamargarren neska handi hori. Jakin izan banu, nire bisita egun eta laurden atzeratuko nukeen. Astelehen goizean hiru pertsona egon zioren Imaginaryn 11:30etik 13etara. Manu, ama eta hirurok. Nik nire irakasle partikularra hartu nuen bisita egiteko (Blancak notak jarri behar eta beste bat aurkitu nuen). Guk ere irabazi genuen kamiseta bana. Irabazi... hurbildu ginelako irabazi genituela uste dut. Eta egon ginen jolasean. Simetriarekin, ezezagunekin, ezagunekin, puntu singularrekin, berretzaileekin, ukitzaileekin. Matematikari batzuek ukitu egiten dutela. Hori entzun nion aurrekoan matematikari bati. Matematikak ere ukitu egiten du. Eta, nahi gabe, kateatu egiten zara beregan.

    Ezer irakurtzeko gogoz nengoen. Merezi izan du itxaroteak. Izugarri poztu nauelako gaur aurkitutakoak.

    Muxu potolo bat.

    ResponderEliminar
  2. Faltan botatzen nuen eman-hartu dinamika hau! Pozten nau berriro zu gertuan sentitzeak!

    Matematika maite duten ikasleek (zureek eta besteenek) ere ukitu egiten dute (maite ez dutenek ere bai, e!). Izugarri, gainera! Hau irakurtzen duenak badaki, kateak nola lotzen gaituen.

    Muxu potolo-potolo-potolo haundi bat. Iritsiko gara udan tontorren bat elkarrekin zapaltzera?

    ResponderEliminar
  3. Kateak. Niri katea korapilatu egin zitzaidan, urdailean edo, aurreko batean. Matematikari hauek ez dute lotsarik! Kateatu eta gero ospa egin. Halako batean bakarrik sentitu naiz. Bakarrik filologo zoragarri baten ondoan, hori bai. Baina bakarrik. Murumendiko sorginek sorginkeriak beste toki batean egingo dituztelako datorren ikasturtean. Mari ez delako itzuliko. Eta bostetan bazkaldu beharrean zazpietan bazkaldu beharko dugulako ziurrenik. (ea blogeko sarreran iruzkintxo bat jartzen duzun eta Blanca ere animatzen den. Madarikatuak!)

    Tontorrak... tontorrak altuegi ikusten ditut oraindik, eh? Bertsoen pareko edo. Baina badakizu saiatu beti saiatzen naizela. Bidali mezua eta elkartuko gara! Ea ez dudan Goierrira oinez joan beharrik izaten.

    Bi muxu potolo (emaiozu bat datorren iksturtean nire ondoan egongo den filologoari. Ondo-ondoan, susmoa daukat.)

    ResponderEliminar
  4. Ai Leire!
    Zurea bezalako izenen ondoan egotea atsegin duen izenondoa naiz, astuna, pelma, isila, lotsatia... Zuk erabaki. Izenondoa. Ah eta ziurtatzen dizut filologo jaunaren ondo-ondoan ondo-ondo egoten dela eh! Jeje. Tamalez, uste dut ez zarela berak nahi lukeen bezain gertu egongo, fisikoki eta egunerokoan esan nahi dut.

    Eta zer nahi duzu ba esatea? Azken egun lanpetu hauetan izugarri gabetsi (faltan bota, gustatzen zaizu? Ba, gustatzen ez bazaizu, proposatu hobea, jeje)) zaitut, zu, zure testuak, kontsonantedunak, bokalik gabeak... Ondo pasa udako egunak eta ea irailerako zer zuzendua, barka zer ikasia eta gozatua oparitzen didazun.

    Onddo zaporeko muxu argal bat!

    ResponderEliminar