2011-07-19

SASTARRI-AGAUTZ-LEIZADI



Gustatzen zait ezagutzen dudan hori ezagutzen ez duenari erakustea. Orduko hartan ni han zer dela eta nengoen bergogoratzea. Beti toki berean egon den harri txiki horren azpian zer dagoen begiratzearen parekoa da. Harri ttikiagoak eta lur zatiak eta zorte pixka batekin zizare marronkaren bat azalduko zaizu. Bergogoratzean gogoratzen ez zenituen txikikeria handi horiek. Polita da bergogoratzea, batez ere gogoratze horrek bertaratzeko aukera ematen dizunean, konpainia ezberdinean, urte batzuk gehiago bizkarrean.

Lizarraustitik Lareorako bidea egin eta Errekabeltzen aurrera Aralar aldera joateko ohitura dugu. Aralarri begiratzen ere ikasi egin behar da, ordea, "balkoiak aurkitzen" eta aspaldian buruan kolpeka genuen izenari (Sastarri (989 m), sastarri, sastarri, sastarri) izana oparitzea erabaki genuen pasa den ostiralean. Leku zoragarria da "Ataungo Zirkoaren" ertz harkaiztsua. Bertsoa kantatu, gurekin jolastu nahi duenari puntua utzi ("Ataungo zirkoaren/erdian Sastarri") eta Agautz ("Paradisuak hemen/ Agautz du izena") eta Leizadi gainetara egin genuen salto.


Lizarraustitik Lareoraino
birikak arnas egarriz,
pago artean barneratu naiz
bulkada ikaragarriz,
Ataungo Zirko monumentala
agertu zait letra larriz,
Mari, Jentilak ta kobak lagun
mozkortu nahi dut Sastarriz,
adjetiboak puzten baitzaizkit
noranahi begira jarriz.


Bertso ederra, Ekaitz! Ederra kontua; bertsoa hik egin eta nik txuloan sartu! Laguntza pittin bat izan huen nire partetik ;-)



Ikusi makusi, zer ikusi? Hasten da, hasten da k-z eta bukatzen da o-z. Zer da? Eta ibili ginen bila, eta ibili ginen hotz, eta ibili ginen epelago, eta topatuko ez genuela uste genuenean, hantxe erre ginen: otsoaren aho beltzean. Ikusi makusi, zer ikusi? Hasten da, hasten da k-z eta bukatzen da o-z. Zer da? ko-ba-zu-lo. Ezkutuan lurrak ezkutatzen duen paradisuetako bat. Zutik eta makurtuta leku zirraragarrian aurrera (errespetuz, urteen joanak egin dituen monumentuak tentu handiz zainduz) bitxikeria ugari ikusteko aukera ematen duen tokia. Pixka bat barrurago, pixka bat barrurago, pixka bat etzanago, pixka bat etzanago... tentazioa, horixe sortzen du Sastarriko barrunbeak.


4 comentarios:

  1. Ibilaldi interesgarria. Irakasle, idazle, blogari mendizale eta orain espeleologa? Segi udaz gozatu eta guri horrelako bazka goxoa eskaintzen!

    ResponderEliminar
  2. Espeleologa? Betiko kontua izango da... erronka berriei heltzeko desioa, pauso berrien noranzkoarekin jolas egiteko nahia. Zuk ere gozatu uda!

    ResponderEliminar
  3. Paradisuak hemen
    Agautz du izena…
    behelaino egun baten
    mendian barrena
    zintzarri hotsek
    naute gidatu gorena
    bertsotan bukatzea
    benetan onena.

    ResponderEliminar
  4. Earra! ;-P Nire jarraipena:

    ...
    hau da nik zuregandik
    jakin nahi detena,
    zein den zure atzean
    ezkutatzen dena.


    Libururik ez al duzu nahi? Izena jakin behar horretarako! Eta herria eta... jakin-min handiko neska naiz, bertso-mendiak tarteko loturak egin zale... ni zain naukazu, liburu bat ere bai!

    ResponderEliminar